Futbola-Lehen Maila

Arnasa baino gehiago da (1-0)

Malaga baino gehiago izan da Eibar, eta ondo merezita hautsi du azken 11 partidetako bolada txarra

Eibarko jokalariak, gola ospatzen. J. E. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko apirilaren 8a
00:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Irabazitako partida guztiek ez dute berdin balio. Sailkapeneko saria beti da hiru puntukoa, baina garaipen batzuek gehiago balio dute. Eibarrek atzo Ipuruan lorturiko horren adibide da. Malagari irabazi izana arnasa da, oxigenoa, ilusiorako bazka, autoestimurako erregaia, azken 11 partidetako madarikazioa haustea, eta, beste ezeren gainetik, Eibarrek Lehen Mailan tokia ondo irabazita duela gogoratzea. Eibar Malaga baino gehiago izan zelako, eta, epailearen, eta gola sartzeko dituen arazoen handien erruz, ez zuelako erosoago irabazi.

Eibarrek ondo ekin zion partidari, eta Malaga baino gehiago izan zen lehen zatian. Ez zen aurkariaren gainetik pasa baina jokoa kontrolpean izan zuen eta aukera gehiago egin zituen. Ez zuen ohiko presio oldarkorrik egin, baina trukean ordena mantendu zuen. Lekua ez galtzea eta Malagaren erdiko lerroko talentua lotzea ziren lehentasunak.
Arriskua, aldiz, baloi jabetzan oinarrituta sortu zuen, Saul, Lara eta Arruabarrenaren arteko konbinazioetan. Hiruzpalau aukera on izan zituen lehen zatian. Gehienak arez kanpoko jaurtiketak, eta Kamenik, bere taldeko onenak, luzimendurako aukerak izan zituen. Gola ere sartu zuen, baina epaileak baliogabetu egin zuen (27. min). Saulek areaz kanpotik eskuinez jaurtiki eta Arruabarrenak atezainaren aldaratzea ehizatu zuen gola sartzeko. Epaileak hasieran ontzat eman zuen, baina marrazainak aurkakoa esan eta hari kasu egin zion. Huts larria izan zen, Tissone Arruabarrena baino mi metro atzerako zegoelako. Erabakiak Ipuruako harmailak sutu zituen.

Bigarren zatiaren hasierak antzeko itxura izan zuen, eta erasoaren fruitu Eibarrek golaren kornerra eragin zuen. Larak eskuinez atera zuen, bigarren zutoinera, eta han Arruabarrena agertu zen bere burua lurrera boteaz baloia buruz jotzeko. Angeleri Malagaren atzelariak huts larria egin zuen, Arruabarrena zaintzeari utzi eta buruz jotzeko jauzia gaizki neurtu zuelako. Sasoiko zazpigarren gola da aurrelariarentzat.

Golak Malaga esnatu zuen eta Eibarrek pauso bat eman zuen atzera. Azken ordu erdia sufrikarioa izan zen, beldurraren zama handia zelako. Aldaketek mesede egin zioten Malagari, eta baloia zentzuz mugituz Eibar estutu zuen. Gehienak areaz kanpotik jotako jaurtiketak izan ziren eta Xabi Iruretagoienak meritu handiko geldiketak egin zituen. Berriatuko atezaina hasierako hamaikakora itzuli zen, eta, bide batez, bakea egin zuen futbolarekin. Ikustekoa izan zen etxekoen poza epaileak amaiera adierazi zuenean.

Gola. 1-0: Arruabarrenak (52. min.).
Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak: Eibarreko Dani Garcia eta Bovedari; eta Malagako Horta eta Juanpiri. Bestelakoak. 4.008 ikusle inguru Ipuruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.