Arnasa hartzeko premian dira Athletic eta Osasuna

Jaitsiera postuen mehatxutik urruntzeko bidean, urrezko hiru puntu izango dituzte jokoan gaur Bilbon. Gorritxoek neurria bikain hartua diote San Mamesi, azken bederatzi partidetatik bakarra galdu baitute.

Oihan Sancet eta Jon Moncayola lehian, lehen itzulian Sadarren jokatutako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Oihan Sancet eta Jon Moncayola lehian, lehen itzulian Sadarren jokatutako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon eskudero
2026ko apirilaren 20a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken orduetan futbolaren begi guztiak Realari begira egon diren arren, beste bi euskal taldek denboraldiko partidarik garrantzitsuenetarikoa jokatuko dute gaur, San Mamesen. Espainiako Liga amaitzeko zazpi jardunaldi besterik ez direla falta, jaitsiera postuen mehatxutik erabat urrundu ezinik dabiltza Athletic eta Osasuna, eta urrezko hiru puntu izango dituzte jokoan. Sailkapenean 38 puntu dituzte zuri-gorriek, baina, zenbakien gainetik, taldearen itxurak piztu du krisialdi hotsa. Egoera are gehiago okertu aurretik, garaipena behar du Ernesto Valverderen taldeak. Osasunak ez du neurri horretako krisialdirik bizi, baina errealitateak dio Athleticek baino puntu bat gehiago duela soilik. Hortaz, irabazteak arnasa ekarriko lioke Alessio Lisciren taldeari, behin-behinean mailari eusteko behar diren puntuak bilduko bailituzke: 42. Ezbairik gabe, asko izango dute jokoan bi taldeek.

Aspaldi ez bezalako egoera krudela bizi du Athleticek. Getaferen eta Vila-realen aurka azken bi lehiak galdu ondoren, jaitsiera postuak soilik sei puntura ditu, eta egoeraren jakitun dira klubeko ordezkari guztiak. Duela egun batzuk, Yuri Berchiche kapitainetako batek aitortu zuen haserre egoteko motiboak badituztela zaleek, eta jokalariak eurak direla errudun bakarrak. Jarraitzaileak goxatu asmoz, klubak ere merkeago jarri ditu salgai sarrerak gaurko partidarako. Izan ere, denaren beharra izango du taldeak. Besteak beste, duela bi denboraldi soilik lau partida galdu zituen Athleticek ligan. Iragan sasoian, berriz, sei. Bada, denboraldi honetan guztira hamabost porrot daramatzate zuri-gorriek. Ustez inoizko talderik onena zegoen garaian, aurreikuspenetatik oso urrun dabiltza bilbotarrak.

Hiru ziklotan banatuta, Valverdek hamargarren sasoia du Athleticen aulkian, eta sekula ez du hain egoera gaiztorik bizi izan. Hamalau urte atzera egin beharra dago neurri bereko egoera zail bat topatzeko. Hain zuzen, 2012-2013 denboraldian, Marcelo Bielsaren gidaritzapean, 31. jardunaldian 35 puntu zituzten zuri-gorriek, orain baino hiru gutxiago. Azken txanpa ona egin zuen taldeak, eta horri esker eutsi zion mailari gorriak eta bi ikusi gabe. Sasoi honetan aitzakia asko jarri dira mahai gainean taldearen jardun eskasa justifikatzeko: lesioak, partida pilaketak… Dena den, arazo horiek guztiak pasatu eta gero, taldeak oraindik ez du ohiko nortasuna erakutsi. Konfiantza falta du, eta komeni zaio etxeko lanak berandu baino lehen egitea.

Horiek horrela, inork baino hobeki daki Valverdek zer-nolako arazoak dituen taldeak puntuak hirunaka batzeko. Horregatik, partidak irauten duen bitartean behintzat, jokalariekin bat egin dezaten eskatu die zaleei.

Osasuna, uso etxetik at

Athletici inork neurria ongi hartua baldin badio, Osasunak hartua dio. Bai, behintzat, San Mamesen. Izan ere, liga eta Espainiako Kopa aintzat hartuta, elkarren aurka Bilbon jokatu dituzten azken bederatzi partidetatik bakarra irabazi dute zuri-gorriek: 2021-2022 denboraldian ligan jokaturikoa. Beste zortzi partidetatik seitan berdindu dute, eta birritan gailendu izan dira gorritxoak. San Mames plaza maitea dute. Besteak beste, bertan lortu zuten Kopako finalerako sailkapena, 2022-2023 sasoian, azken txanpan Pablo Ibañezek sarturiko gol ikusgarri bati esker. Orain, hiru puntuak batu eta arnasa lasai hartzea dute helburu. Irabaziz gero, goiko postuei begira jarri, eta Europarekin amets egitea zilegi lukete nafarrek.

Dena den, sasoi honetan arazo larriak izaten ari da Lisciren taldea etxetik kanpo. Jokoan izandako 48 puntuetatik soilik hamar poltsikoratu ditu etxetik urrun, eta Elx eta Mallorcaren ondotik, ligako talderik eskasena da etxetik kanpo. Hamasei partida jokatu ditu Sadarretik at, eta bi garaipen lortu: Rayo Vallecanoren eta Celtaren aurka. Lau neurketa berdindu ditu, eta beste hamar galdu. Horrez gain, etxetik kanpo gol gutxien sartu duen taldea da Osasuna: 11 besterik ez.

Hori bai, taldea konfiantzaz beterik dagoela iragarri zuen atzo Liscik, prentsaurrekoan: «Athletic zalantzati dabilela badakigu, baina guk gureari begiratu behar diogu. Eta gu ongi gaude. Intentsitate handiko partida izango da, lehia bizikoa, eta kontzentratuta egotea izango da gakoa. Irabaziz gero, mailari eusteko urratsa egingo genuke, eta sari handia litzateke hori. Modua emango liguke azken partidetan Europari begira jartzeko». Osanbela eta Catena zigortuta daude. 

Athletic-Osasuna

Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Yeray, Laporte, Yuri; Ruiz de Galarreta, Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta.

Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Boyomo, Herrando, Juan Cruz; Torro, Moncayola; Ruben Garcia, Aimar Oroz, Victor Muñoz; eta Budimir.

Lekua: San Mames (53.331 ikusle).

Ordua: 19:00 (Movistar Plus, Teledeporte).

Epailea: Garcia Verdura

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA