Singapurren jokatu den Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketatik zakua beteta itzuli dira Iñigo Llopis (Donostia, 1998) eta Nahia Zudaire (Usurbil, Gipuzkoa, 2004) igerilariak. Donostiarrak urrezko bi domina eskuratu ditu; usurbildarrak, berriz, urrezko domina bat eta brontzezko bi. Bi kirolariak pozik dira: «Txapelketa domina bat lortuz hastea... sekulakoa da, eta oso pozik bueltatu naiz. Ametsetan bezala nago».
Irribarretsu dira biak. Baina halere, adierazi dute oso urte «exijentea» izan dela: «Ia urrian amaitu dugu denboraldia. Iazkoa ere oso exijentea izan zen, Paralinpiar Jokoak zirela eta, eta aurten ere ezin izan dugu erritmoa jaitsi. Munduko Txapelketara ondo iritsi gara, eta emaitza onak lortu ditugu. Beraz, merezi izan du», adierazi du Llopisek. Orain, ordea, atseden hartzeko garaia iritsi zaie. «Elkarrizketa guztiak amaitzean, pintxo bat hartzera joango gara Donostiako Parte Zaharrera», adierazi du, kontentu, Zudairek.
Izan ere, usurbildarrak argi du oso ondo ikasi duela banatzen «zer den igeriketa eta zer den bizitza»: «Biok argi dugu igeriketa ez dela gure bizitza, gure bizitzan egiten dugun zerbait baizik. Batez ere goi mailan, jendeari oso erraz ahazten zaio igeriketa ez dela bere izaeraren parte. Txapelketan gaudenean, horretan sartzen gara buru-belarri, baina hortik kanpo denbora ateratzea ere garrantzitsua da, eta horretarako gaitasun handia du Iñigok [Llopisek]».
«Biok argi dugu igeriketa ez dela gure bizitza, gure bizitzan egiten dugun zerbait baizik»
NAHIA ZUDAIREIgerilaria
Llopisek bigarrenez eskuratu zuen urrezko domina bizkar estiloko 100 metrokoan, orain dela bi urte ere lortu baitzuen, Manchesterren. Proba horretako bere marka pertsonala hamarren bat hobetu du —1.05,29—, eta Espainiako marka hautsi ere bai. «Helburua irabaztea zen. Irabazteaz gain nire marka hobetu dudanez, oso pozik nago. Marka hobetzea beti da polita. Ilusioa pizten du orain arte bezala lanean jarraitzeko, baita indarra eman ere».
Aurkari berriak dituela aipatu du Llopisek, eta, horren eraginez, maila igotzen ari dela: «Manchesterren, brontzezko domina lortu zuenak 1.08ko denbora egin zuen; Parisen, berriz, 1.07koa, eta, aurten, 1.06ko denbora eginda lortu dute brontzea. Polita da kirol egokituko maila geroz eta handiagoa izatea. Gainera, lehiakortasunak lanean jarraitzera bultzatzen nau. Aurkariak gertu daude, eta ezin naiz erlaxatu».
«Polita da kirol egokituko maila geroz eta handiagoa izatea. Gainera, lehiakortasunak lanean jarraitzera bultzatzen nau. Aurkariak gertu daude, eta ezin naiz erlaxatu»
IÑIGO LLOPIS Igerilaria
Bizkar estiloko 100 metrokoan ez ezik, Llopisek urrea lortu zuen taldeka ere, 4x100 metroko txandakakoan; baita Zudairek ere, nahiz eta sailkatze proban egin zuen igeri. Zudairek adierazi du asko gustatzen zaiola taldeka aritzea, orduan izaten baititu igeriketako momenturik «ederrenak»: «Igeriketan ditudan oroitzapenik politenak txandakakoan igeri egin dugunekoak dira. Momentu polita da, are gehiago halako emaitzak lortuta».
Izaera «oso desberdinak»
Bakarkako lanean, Zudairek brontzezko bi domina kolkoratu zituen: bata, bular estiloko 100 metroko proban, eta, bestea, berriz, estilo libreko 400 metrokoan. Azaldu du bigarrenean lortu duen denbora iaz Parisen hirugarrenak lortutakoa baino hobea dela. «Munduko Txapelketa dezente azkarra izan da. Proba gehienetan, Parisen dominak lortu zituztenek baino marka hobeagoak egin dira». Bestalde, bular estiloan hirugarren izan den arren, lehen eta bigarren postuak urruti geratu zaizkio. «Orain dela bi urte, Manchesterreko Munduko Txapelketan, brontzea eskuratu nuen bular estiloan, baina Parisen bi lehiakide berri izan nituen, eta laugarren izan nintzen, nahiz eta marka hobetu. Orain, baina, Parisen brontzea lortu zuenak urtebete hartu du igerilekutik kanpo, eta Singapurren, aukera hori baliatuta, hirugarren egitea lortu dut».
Horren harira, Llopisek goraipatu egin du Zudairekk helburuak lortzeko egindako lana: «Urte hauetan guztietan, buru-belarri aritu da lanean. Parisen ezin izan zuen domina lortu, baina amore eman ez, lanean jarraitu, eta aurten hiru domina ekarri ditu etxera».
Hala batak nola besteak urte dezente daramatzate gorenean lehiatzen, eta, horri eusteko gakoez galdetuta, bat egin dute biek: egunerokoan asko disfrutatzea da giltza. «Egunerokoa asko gustatzen zaigu; ez bakarrik igeri egitea, baita zaintzea ere. Behar bezala atseden hartzea, elikadura zaintzea... Uste dut horrek hobeak egiten gaituela egunero», hausnartu du Zudairek.
Kirol arlotik kanpo, Zudairek esan du oso desberdinak direla, eta saiatzen direla elkar laguntzen: «Iñigo oso konstantea da. Buruan zerbait sartzen zaionean, oso ondo eramaten du, eta niri mesede egiten dit horrek, nahiko txarra bainaiz horretan. Ni oso autoexijentea naiz. Alboan zureen pareko helburuak eta bizimodu bera dituen norbait izateak asko errazten ditu gauzak».