Arratek etxetik kanpo berdindu du garaipena eskura izan ondoren (27-27)

Atsedenaldira sei golegatik galtzen iritsi da, baina taldeak bigarren zati bikaina egin du Alcobendasen

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Arratek arnasa hartu, eta gutxien espero zen moduan, etxetik kanpo. Eibarko taldeak bigarren zati bikaina eginda berdin zuen atzo Alcobendasen etxean (27-27), eta gaur Toledok galtzen badu bi puntuko aldea irekiko du jaitsiera postuekiko. Berdinketa garratza izan zen baina, etxekoek azken jabetzan berdindu baitzuten partida. Halere, Arrateko jokalariak harro egin zuten itzulerako bidaia, atsedenaldira 19-13 galtzen iritsi ondoren kuraia erakustaldia eman zutelako bigarren zatian. Beljanski pibotea izan zen onena erasoan, zazpi golekin, halere Arrateko jokalari onena Igor Moyua ordezko atezain eibartar gaztea izan zen.

Asobal ligan ari den beste euskal taldeak, Amaya Sport San Antoniok, Bartzelona liderraren kontra jokatuko du gaur Palauen (21:00). Hamar eguneko geldialdiaren ostean, ez da partidarik samurrena nafarrentzat, baina ezustekoa emateko asmoz joan dira. Patxi Lezaun bigarren entrenatzailearen aginduetara ariko dira oraingoan, Juanto Apezetxearen aita egunotan zendu baita. Jokalari guztiak jokatzeko moduan ditu Lezaunek, Santi Urdiales kenduta. «Oso partida zaila daukagu. Bartzelona hazita dago une honetan. Ciudad Realek galdu egin zuen azken partida eta lehen postuan indartuta gelditu da Bartzelona. Lehen postuetan ari diren taldeen kontra hutsik ez egiteko oso adi ibiliko dira», onartu du Lezaunek. Joanekoan 25-26 galdu zuen San Antoniok Bartzelonaren kontra. Hemendik aurrera dituen kontrarioak lehen postuetan dabiltzanak dira: Bartzelona, Ademar eta Ciudad Real.

Itxako Castroren kontra

Igandean Txapeldunen Ligako partida dauka Itxakok Montenegron, eta gaur jokatuko du ligako 20. jardunaldiko partida Lizarran (19:00). Ambros Martinen jokalariek ez dute ligan kalerik egin nahi eta lehen postu horretan indartsu jarraitu nahi dute. Castroren kontra ariko dira nafarrak. Zazpigarren daude espainiarrak sailkapenean, baina moralez gainezka datoz azken jardunaldian Elxen kontra irabazi zuten eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.