Zaila izango da denboraldi honetan Arraun Lagunak-i irabaztea. Donostiarrak ez dira ausaz faboritoak, uretan erakusten dutelako baizik. Eta Bilbon, erlojuaren aurka, ez dute aurkaririk izan. Lugañene ontziak indartsu hasi du estropada, eta ezusteko txikienari ere ez dio tarterik utzi. Ziaboga ematerako, nabarmen zihoan aurretik, eta, azkenerako, sei segundoren aldea atera dio bigarren sailkatuari, Tolosaldeari.
Pozik hitz egin du Nagore Osoro patroiak: «Lana ondo egiten badugu, emaitzak badatoz. Ez dago besterik: lana, lana eta lana. Ziabogan konturatu naiz erreferentziak gure aldekoak zirela». Izan ere, hasieran erreferentziak gaizki jaso dituela kontatu du, eta, badaezpada ere, ez diela ezer esan arraunlariei. Sentipen onak omen zituen, eta horri egin dio jaramon. Asmatu du.
Gainerakoan, emozio askoko estropada izan da, eta segundo gutxian aritu dira ontzi asko. Lehia estua egon da, eta lehen txandan arraun egin duten Tolosaldeak eta Hibaikak egin dute bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Arraun Lagunak-ek baino sei segundo gehiago behar izan ditu Tolosaldeak, eta hamar Hibaikak. Laugarren, berriz, Orio izan da.
Lehen luzean ondo aritu dira San Nikolas ontzikoak, eta ondo egin dute maniobra. Haiek zihoazen bigarren postuan, baina, bigarren luzean, kostata aritu dira, eta ezin izan dute Tolosaldearen eta Hibaikaren denbora hobetu. Hibaika baino berrogei ehunen gehiago behar izan ditu Oriok, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan du.
Tolosaldeak, berriz, arantza atera du. Madrilen trabatuta geratu zen, eta bosgarren izan zen. Ondorioz, gaur ez da aritu ohorezko txandan. Hala ere, lan ona egin du. «Irteeran haizea kontra izan dugu, eta kostatu zaigu. Gure helburua ohorezko txandan aritu eta goian egotea da», esan du Malen Eskitxabel arraunlariak. Esan eta egin.
Eguna pozik amaitu du Hibaikak ere, hirugarren egin baitu. Beraz, ohorezo txandan egingo du arraun bihar, merezita. Puntu kopuru polita batu du: sei. Errenteteriako ontziak ezustea eman du.Â
Kontrara, ohorezko txandan pattalen aritu dena San Juan izan da. Ez du fin eman ziaboga, eta denbora apur bat galdu du maniobra egitean. Azkenerako, azken aurreko postuan bukatu du. Ez da askoz hobeto aritu Astillero ere. Hamasei ehunen aldea baino ez dio atera San Juani. Hau da, seigarren amaitu du.
Donostiarra, ezinean
Nahi baino motelago hasi du estropada Donostiarrak, eta ez da gai izan buelta emateko. Madrilen bezala, azken postuan amaitu du, eta burumakur bukatu dute saioa arraunlariek. Saregileak ontzikoak, berriz, lehen luzean ondo aritu dira, baina bigarrenean ezin izan diote erritmoari eutsi. Hala ere, azkenean, bosgarren amaitu dute.
Hain zuzen, parean eman dute ziaboga Zumaiak eta Hibaikak. Segundo batera eman du Tolosaldeak, eta hirura Donostiarrak. Bigarren luzean, baina, estutu egin du Tolosaldeak, eta erritmoa bizitu. Azkenerako, ia lau segundo atera dizkio Hibaikari, sei segundo pasa Zumaiari, eta ia hamabi Donostiarrari.
Gaurko estropadan, Donostiarra izan da irteten aurrenekoa, eta, haizeari eta itsaslasterrei eskapu egin nahian, ibaiaren ertzetik egin ditu lehen metroak. Atzetik ekin dio Zumaiak, gero Hibaikak, eta jarraian Tolosaldeak. Eta horiek ere bazterrera jo dute. Ziabogaren ostean, berriz, erdira joan dira lau traineruak. Aurrekoari segika aritu dira denak, eta bide bera hartu dute ohorezko txandako ontziek ere.
Asteburua bukatzeko Zierbenan (Bizkaia) ariko dira bihar, 11:25ean (EITB1). Itsasoan jokatuko duten sasoiko lehen estropada izango da. Azken bi aldietan Arraun Lagunak izan da han nagusi, eta hirugarren bandera erreskadan irabazten saiatuko da. Gainerako ontziak, berriz, hori ekiditen. Ikusiko da.