Arraun Lagunak-ek erraz lortu du bandera Hondarribian

Orio bosgarren izan da, eta Astillero eta Zumaia, hirugarren eta laugarren. Epaileak ez du onartu aurreko astean Tolosaldeak jarri zuen helegitea.

Arraun Lagunak taldeko arraunlariak bandera ospatzen, lehengo astean, Getxon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Arraun Lagunak taldeko arraunlariak bandera ospatzen, lehengo astean, Getxon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
nerea intxausti
2025eko abuztuaren 2a
18:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Sailkapen nagusian berdinduta abiatu dute Hondarribiko estropada Arraun Lagunak-ek eta Oriok. Gaur nork irabazi, hark lortuko zuen ligako lehen postua. Bada, Arraun Lagunak gailendu da. Hamasei segundora heldu da Tolosaldea, bigarrena. Oriok bosgarren egin du. Hori dela eta, puntu bakarreko abantaila atera diote gaurko estropadan donostiarrek tolosarrei; lau puntukoa Oriori. Hala, Arraun Lagunak-ek kolpea eman du sailkapenean. Hirugarrena Astillero izan da, lehen txandatik.  

Juan Mari Etxabe Arraun Lagunak-eko entrenatzailea pozik agertu da: «Biribil atera zaigu, nagusi izan gara; konfiantza izugarria izan dugu, eta espero dut asteburuero horrela aritzea». 

Hondartzatik metro gutxira abiatu, eta olatu hormaren paretik itsaso aldera egin dute traineruek. Nabarmenak izan dira haize olatuak: zikin zegoen itsasoa, eta garbi arraun egiteko zailtasunak izan dituzte arraunlariek zenbaitetan. 

Branka aurretik zutela abiatu dute estropada Arraun Lagunak-eko arraunlariek, azkar batean, eta traineru beteko aldea atera diete aurkariei, segituan. Atzerago, lehia bizian aritu dira Tolosaldea eta Orio, pare bat segundotan dantzan. Kostata, baina ziabogara segundo bat lehenago heldu dira tolosarrak. Hori bai, estropada erdirako jada tartean sartuak zituzten lehen txandako bi ontzi: Astillero eta Zumaia. Zumaiarrak bigarren ziren estropada erdian. 

Itzulera bakarrik egin dute donostiarrek, eta tartea zabalduz joan dira, gainera. Tolosaldea izan da iristen bigarren, baina hirugarrena eta laugarrena lehen txandako bi traineru izan dira: Astillero heldu da 21 segundora, eta Zumaia 22ra; azkar aritu dira lehen txandatik. Oriok egin du denborarik onenetan bosgarrena: hasieratik galdu dute denbora asko; lau puntu galdu dituzte sailkapen orokorrean. 

Lehen txandan, aurretik hasi da Astillero, baina aurrea hartu dio Zumaiak. Ia estropada osoa eman du Saregileak ontziak hirugarren kaletik, Hondarribiaren kaletik. Azken hirurehun metroak lehia bizian egin dituzte. Halere, itzulera azkarrago egin dute kantabriarrek, eta zumaiarren pare-parean jarri dira, gorriei irabazteraino; segundo bat geroago heldu dira azkenean. 

Hamabi segundora heldu dira Donostiarra eta Hondarribia, pare-parean horiek ere, baina dezente beranduago. Lehen luzerako segundo asko galduta heldu da Donostiarra, eta azken postuan helduko zirela ematen zuen. Baina itzulera etxekoak baino apur bat azkarragoa egin dute; hamar ehunenen aldearekin iritsi dira. 

Hibaika ohorezko txandan aritu da, baina ez nahi bezain fin. Atzetik hasi dira, eta hala amaitu dute. Inge Ugarte patroiak burua goian mantentzeko eskatu die arraunlariei, baina ezin izan dute, eta denbora galduz joan dira estropada aurrera joan ahala. Azken postuan geratu dira.  

Zigorrik ez

Epaileak ez du onartu Tolosaldearen helegitea, eta hiru segundoko zigorra besterik ez du izango Arraun Lagunak-ek aurreko asteko estropadan. Lehengo astean, Castroko estropadan, Arraun Lagunak-ek Tolosaldearen kaletik amaitu zuen estropada, hurbil. Tolosaldeak estropada inpugnatu zuen, Arraun Lagunak-ek enbarazu egin ziola argudiatuta. Hiru segundoko zigorra jarri zion epaileak Donostiako ontziari, baina tolosarrei ez zitzaien nahikoa iruditu.

Epaileak, baina, ez du aintzat hartu tolosarrek jarritako helegitea, eta zigorra bere horretan geratuko da: estropadaren bitartean epaileak jarritako hiru segundoko zigorra soilik izango du Arraun Lagunak-ek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.