86 ehunenek erabaki dute Euskotren ligako lehen jardunaldiko estropada, horixe baita Arraun Lagunak-ek Oriori atera dion tartea. Abiatu da uda, eta, harekin batera, arraun denboraldia. Bilboko uretan izan dute lehen estropada Euskotreneko eta Euskolabeleko ontziek. Emakumezkoen ligan, donostiarrek astindu dute Bilboko XVI. bandera: 10.42,48. Iazko denboraldian egindako errekorrari eusteko lehen pausoa eman dute. Zumaiak eman du ezustekoa: lehen mailara igo berri da taldea, eta ohorezko txandan arituko dira biharko estropadan, denbora onenetan hirugarrena egin baitu: 10.50,80.
Gaurko estropadatik aurrera, arraunlariek garbi izan beharko dituzte asteburuero bakoitzak bere koloreko jantziak, eta gogor eman beharko diote arraunari larunbat arratsaldeetan eta igande goizetan.
Ibaizabaleko uretan lehiatu den erlojupeko estropada lehiakor hasi da: Arraun Lagunak-ek lehen luzean segundo bakarra atera dio Oriori, eta lau Tolosaldeari; Donostiarra segituan geratu da atzerago ─16 segundo atzetik ere ibili da─.
Bigarren luzean ere donostiarrak aritu dira aurretik, baina Orio pega-pega eginda zutela. Horrelaxe amaitu da norgehiagoka: estu. Arraun Lagunak heldu da aurretik, 10.42ko denbora eginda, eta 86 ehunenera iritsi da Orio. Tolosaldea ia bederatzi segundo atzetik heldu da, eta tarte hori baliatu du Zumaiak sailkapen orokorrean Orioren eta Tolosaldearen tartean sartzeko, 10.50,80ko denbora eginda.
Txanden arteko dantza
Saregileak traineruak ─Zumaiako emakumezko ontziaren izen berria da hori─ bihar ohorezko txandan arituko da, lehen mailara igo eta bigarren estropadan. Hain zuzen, luzerik azkarrenetan bigarrena egin dute. Naroa Goikoetxea patroiaren hitzetan, ez zuten espero aurreko urtean Euskotren ligan zeuden ontziei irabaztea, baina hala egin dute: dezenteko errenta atera diete ondorengoei.
Hibaikak hiru segundo gehiago behar izan ditu heltzeko ─10.54ko denbora egin du─; Astillerok bost gehiago, eta Hondarribiak, berriz, lau segundo gehiago. Donostiarra izan da denbora apalena egin duen ontzia: Hondarribia baino hamahiru segundo gehiago behar izan ditu helmugara heltzeko, eta sailkapeneko zortzigarren eta azkeneko postua egokitu zaie.
Kantabriak lehen aldiz izan du ordezkaritzarik Euskotren ligan aurten, eta ez dago Galiziaren ordezkari izango den ontzirik.
Xubane Uribarrena Arraun Lagunak-eko arraunlaria pozik agertu da estropada amaitu berritan, Euskotren ligako lehen estropada irabazi dutelako. Halere, adi jarraitu behar dutela aitortu du, Tolosaldea dela edo Orio dela: «Oso balio gutxi eman zaio Oriok neguan egin duen denboraldiari, eta errespetua zor zaie; edonork lor dezake bandera». Iritzi dio ez dela ezustekoa izan Zumaiarena: «Dantza asko egongo da lehen eta bigarren txandan; hori bai, guk erregularrak izan nahi dugu».
Bihar, beraz, ez dira gaurko ontzi berak arituko ohorezko txandan. Estropada 11:00etan hasiko da (ETB1), Sestaon (Bizkaia).