ARRAUNA

Arraun Lagunak-ek irabazi du Pasai Donibanen

Donostiarrek erakutsi dute badia barruan nagusi izan daitezkeela, baina kostata: bi segundo eskas gehiago behar izan dituzte oriotarrek.

Arraun Lagunak talde arraunlariak bandera ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Arraun Lagunak talde arraunlariak bandera ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
2025eko uztailaren 19a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esanda zegoen lehia estuagoa izango zela aurten, eta horixe frogatu dute gaur ere Euskotren ligan traineru onenek Pasai Donibaneko uretan (Gipuzkoa) egindako erlojupekoan: ez da bi segundoren aldea ere izan Arraun Lagunak-en eta Orioren artean. Are, gaur zortzi Bilboko ibaian egindakoaren antzeko estropada egin dute bi faboritoek. 

Joanekoan, haizearen kontra aritu dira ontziak, eta, horregatik, Nerea Perez eta Maider Etxaniz patroiak makurtuta joan dira, haizearen kontra ahalik eta indar gutxien egiteko. Dena dela, donostiarrak joan dira azkarren, oriotarrengandik bi segundora.

Ziaboga emandakoan heldu dira lehen konparaketak. Traineru bete atera dio Arraun Lagunak-ek Oriori, eta bost segundora heldu dira Tolosaldea taldeko emakumeak.

Eta antzera ibili dira bigarren luzean ere: buruz buru aritu dira donostiarrak eta oriotarrak. Erlojuaren kontra aritu direnez, ez da ondo islatu lehia estu hori, baina, bata bestearen ondoan aritu izan balira, biak parez pare ikusiko genituen. Estropada amaierarako, baina, indartsu eutsi diote Lugañene ontzikoek haien nagusitasunari, eta ziabogan lortu duten tarteari eustea lortu dute donostiarrek.

Jule Arkotxa Arraun Lagunak-eko arraunlariak adierazi du bazekitela lehen luzean indartsu mantendu beharko zutela: «Bagenekien joaneko luzea oso gogorra izango zela, eta den-dena ematera joan gara». Arraunlariak adierazi du lehen postuan mantentzea dela helburua, eta hori lortzeko arrazoia, ondorengoa: «Izugarrizko taldea daukagu». 

Tolosaldea, joan den larunbatean Donostian bandera irabazi zuen trainerua, apalago ibili da gaurkoan, badia barruan: sei segundo geroago heldu da. Hori bai, zumaiarrak baino zazpi segundo lehenago iritsi dira helmugara.

Bosgarrena laugarren

Biharko estropadan ez dira gaurko txandak errepikatuko, lehen txandako Hibaikak aurre hartu baitio Zumaiari, eta errenteriarrak arituko dira onenen artean zumaiarren ordez.

Hibaikak atzetik aurrerako estropada egin du etxetzat har ditzakeen uretan. Hondarribia aritu da bizkorren lehen luzean, baina Hibaikak aurre hartu dio estropada amaitu denerako, eta 10.54,78ko denbora egin dute errenteriarrek. Iñaki Mendizabal entrenatzaileak estropada bitartean arraunlariei jakinarazi die itzuliko luzean atera zezaketela tartea, eta hala egin dute. 

Errenteriarrek beharrezkoa zuten gaur Saregileak ontziko arraunlariek baino estropada hobea egitea, Zumaia gertu baitzeukaten sailkapen orokorrean, eta lortu dute: gaurko estropadaren ondoren, berdinduta daude, hogeina punturekin. 

Hondarribiko traineruak txandako denbora onenetan bigarrena egin du, Hibaikarengandik ia bost segundora, eta seigarren postua egokitu zaie sailkapenean. Astillero hiru segundo geroago heldu da, eta bost segundo gehiago behar izan dituzte Donostiarrako arraunlariek.

Sailkapen orokorrean berdeen eta Bantxa ontziaren artean zegoen berdinketa hautsi dute gaur, bi puntu gehiago lortu baititu (12 puntu), eta Donostiarrari egokitu zaio azken postua sailkapen orokorrean (10 puntu).

Txanda bakoitzetik bina traineru lehiatu dira gaur etxean, edo behintzat ohiko entrenamenduak egiten dituzten uretan: Arraun Lagunak, Tolosaldea, Hibaika eta Donostiarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.