Euskotren liga

Arraun Lagunak-ek lehen postua sendotu du Hondarribian irabazita

Oriok hirugarren egin du, eta bost puntukoa da orain aldea sailkapen nagusian. Donostiarra bigarren izan da, eta gertu izan du bandera

Arraun Lagunak, artxiboko irudi batean, Bilbon lortutako garaipena ospatzen. MARISOL RAMI­REZ
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 5a
18:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostia Arraun Lagunak-ek astindu du Hondarribiko bandera Euskotren Ligako bederatzigarren Jardunaldian. Haize ufada nabarmenak izan dituzte mendebaldetik, eta metro eta erdi inguruko olatuetan, lehia bizia izan dute Donostiarrarekin estropada hasieratik. Azkenerako garaipen handia eskuratu dute helburua lortzeko bidean. Oriok sufritu egin du lehenengo kaletik, eta lan ona egin duen arren, hirugarren amaitu du estropada. Arraun Lagunak, beraz, lehen postuan sendotu da, eta bi taldeen arteko aldea bost puntukoa da orain sailkapen nagusian.

Ikusi gehiago: Urdaibai nagusi arerio zuzenaren etxean

Aurreneko txandan teorian Galiziako bi ontziek zituzten kale onenak, baina sasoi osoan bezala, berehala gelditu da Tiran atzean. Cabok, baina, maila bikaina erakutsi du hasieratik, eta kalea aprobetxatuz beste bi taldeei eutsi die. Lehenengo bi kaleetan lehia bizia izan dute bi gipuzkoarrek. Elkarrengandik oso hurbil aritu dira Hibaika eta Hondarribia, bata bestearen kalean sartuz. Lehenengo kalean batzuetan, bigarrenean bestetan, eta epaileak bandera zuria atera behar izan du, taldeei abisua emanez. Cabok, berean segitu du estropada eremuaren beste aldetik, eta pare-parean iritsi dira hiru taldeak ziabogara.

Bigarren luzeko lehen metroetan hiru segundoko abantaila hartu dute Galiziako gorriek, eta Hibaika pixkanaka-pixkanaka atzean gelditzen joan da. Estropadaren bigarren erdian Hondarribia izan da galiziarrei eutsi dien bakarra. Lehen kalean majo sufritu dute etxekoek, baina 0 kaletik egin dituzte estropadako azken minutuak, eta eutsi bakarrik ez, galiziarrei aurre hartu diete. Estropada eremuaren alboko harkaitzetatik gertu helmugaratu dira azkenean, eta ia bi segundoko aldearekin irabazi dute txanda. Hibaika erori egin da, eta hamabi segundo galdu ditu.

Bigarren txandak hasiera parekatua izan du. Tolosaldeak berehala galdu ditu lau segundo eta atzetik egin du estropada osoa. Oriok ere majo sufritu egin du lehenengo kalean. Donostiako bi ontziek, berriz, parean egin dute estropada guztia hirugarren eta laugarren kaletik. Hala ere, Andrea Astudillok, Arraun Lagunak-eko patroiak, argi zeukan arerio nagusia Orio zela. Sarritan aipatu die taldekideei Oriorekiko zeukaten aldea. Ziabogatik elkarrekin atera dira Donostiako bi taldeak, baina, Oriok, itsaso zakar batean, pare bat segundo jan dizkie ziaboga on batekin.

Bigarren luzea ederra joan da. Segundo bateko tartea izan dute Donostiarrak eta Arraun Lagunakek, batzuetan baten alde, bestetan bestearen alde. Juan Mari Etxaberen taldeak jakin bazekien liga jokoan zegoela, eta azken metroetan garaile handien segurtasuna erakutsi dute. Bigarren kalera eraman du Lugañene tarinerua Astudillok, eta berebiziko garrantzia duen garaipena eskuratu dute. Hiru puntuko aldea zeukaten donostiarrek estropada hasi aurretik, eta bi puntu gehiagokoa izan da egunaren amaieran. Bost estropada soilik falta dira liga amaitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.