Arrauna. Euskotren Liga

Arraun Lagunak-ek olatuaren aparretan jarraitzen du

Denboraldiko bederatzigarren bandera irabazi du Galiziako bigarren estropadan, Boiron. Sailkapenean, Oriok baino zortzi puntu gehiago ditu.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak garaipen bat ospatzen, joan den astean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Arraun Lagunak-eko arraunlariak garaipen bat ospatzen, joan den astean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko abuztuaren 10a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Geldiezin dabil Lugañene. Arraun Lagunak-ek beste behin irabazi du gaur, eta, beraz, bederatzi bandera astindu ditu jada aurtengo ligan, hamabi estropadatan. Arraunlariak Galiziako uretan jardun dira gaur, Boiron.

Juan Mari Etxabek prestatutako neskek asteburu biribila egin dute han, eta jada eskura dute Euskotren liga hirugarrenez irabaztea. Lau estropada falta diren honetan, Oriok baino zortzi puntu gehiago dituzte sailkapen nagusian, eta azkenaldian bolada bikainean daudela erakutsi dute, gainera.

Hala ere, oraindik bandera garrantzitsuak daude jokoan, Zarauzkoa eta Donostiakoa, eta gaur, beste behin, Oriok erakutsi du ez dagoela liderrarengandik horren urrun. Ziabogara parean iritsi dira bi ontzi indartsuenak, Oriok aurrea ere hartu du ziabogan, baina, azkenean,  Arraun Lagunak traineru baten aldearekin gailendu da. Atzerago geratu da Tolosaldea, hamahiru segundora, eta baita Zumaia ere, hemezortzi segundora.

Kontuak estuago daude sailkapenaren behealdean. Zumaiak, hau da, laugarren sailkatuak ehunen batzuk soilik atera dizkie Astillerori eta Hibaikari, baina gaurko emaitzak modua emango dio laugarren postuan sendotzeko. Donostiarra eta Hondarribia dira azken bi sailkatuak, eta berdinduta daude, 30na punturekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.