Getxoko 48. Ikurrina jokatu da gaur eta Arraun Lagunak kluba nagusitu da.
Lehen txandan, Hibaika aritu da lehen kaletik, Donostiarra bigarrenetik, Zumaia hirugarretik eta Orio laugarren kaletik.
Itsasadarrean jokatu arren, dezenteko olatuak izan dituzte arraunlariek, eta mendebaldeko haizea.
Arazoak izan dituzte ontziak zuzen jartzeko, haizearengatik. 22 kilometro orduko boladekin jo du haizeak, eta borrokan ibili dira irteeran lerrokatzeko.
Horren eraginez, atzerapenarekin hasi da estropada.
Donostiarrak eta zumaiarrak elkarrengandik oso hurbil aritu dira hasieran, eta epaileak tartean sartu dira biak aldenduta gordetzeko. Hibaika desbideratu egin da haizearen eraginez, eta bere kaletik atera egin da.
Donostiarra jarri da estropadaren buru 5. minutu aldera, eta lehenak heldu dira balizara, ziaboga egiteko. Halere, trabatu egin dira apur bat balizarekin. Orioren alde jokatu du horrek, eta abantaila jan dio Donostiarrari. Olatuen txanpa ederki hartu dute oriotarrek.
Azkenean, 11:44 denborarekin sartu da Orio helmugan. Donostiarraren eta Hibaikaren artean oso lehia estua egon da bigarren postuan sartzeko, baina azkenean, donostiarrek eraman dute, oso tarte txikiarekin.
Maider Etxaniz patroiak esan du gozatu ahal izan dutela, nahiz eta haizeak estropada zaildu. «Galizian lesioak eta gaixotasunak elkartu zitzaizkigun. Gaur gogo handiarekin atera gara», esan du.
Bigarren txandan, Arraun Lagunak aritu da lehen kalean, San Juan bigarrenean, Tolosaldea hirugarrenean eta Astillero laugarrenean.
Haizeak gogor jo arren, azkarrago ibili dira ateratzeko orduan. San Juanek hartu du burua atera bezain pronto. Baina Tolosaldeak hartu dio aurrea berehala. Kontrako haizea apur bat baretu denez, askoz azkarragoa joan da bigarren txandaren lehen zatia.
Halere, balizara heltzen lehenak Arraun Lagunak izan dira, eta hiru segundoko aldea kendu diete tolosarrei. Tartea zabaltzen joan dira geroztik.
11:02ko denbora egin dute azkenean. Tolosaldea sartu da bigarren 13 segundora. San Juan 19ra eta Astillero 27 segundora.
Arraun Lagunak dago Euskotren Ligako sailkapen buruan, Tolosaldea bigarren eta San Juan hirugarren.
Xubane Uribarrena Arraun Lagunetako arraunlaria pozik agertu da sasoiko zortzigarren bandera jarraian irabazi izanagatik. Atzo estropada bertan behera geratu izana gogoratu du. «Atzoko amorruarekin etorri gara, eta azkenean saria etxera eraman dugu».