Bare-bare, itsasoa plater baten moduan egongo balitz, lasai egoteko nahikoa motibo edukiko lituzteke Castroko arraunlariek. Baina itsasoa haserre antzean altxatuko da gaur goizean; joan den igandean bezalaxe, alegia. Eta Kontxako Banderaren lehen jardunaldian, itsasoak zeharo baldintzatu zuen traineruen jarduna. Horregatik, popareko luzea olatuz olatu matxinsaltoa balitz bezala osatu zuelako, Castrok 18 segundo kendu zizkien Urdaibairi eta Astillerori, eta 24 Oriori. Lau ontzi horiek osatuko dute ohorezko txanda gaur, bigarren jardunaldian. Berez, alde handia da 18 segundokoa; Kontxaren historian sekula gainditu ez dena. Halere, badiara joan eta itsasoari begira jarriko dira arraunlari guztiak gaur goizean, baina batik bat Castrokoak.
Badakite estropada garrantzitsuena laugarrenez irabaztea-2001ean, 2002an eta 2006an ere nagusitu ziren- eskura daukatela. Badakite, euren onena emanez gero, banderak ez diela ihes egingo. Baina itsasoaren, horren egoeraren, beldur dira. Besteek egoera horri etekina atera nahi diote, eta La Marinera trainerukoek, berriz, kezka hori daukate. Izan ere, lehen jardunaldian eurek bezala, gaur beste batzuek izan daitezke baldintza berezi horiek baliatu ditzaketenak, alde handia lortzeko.
Itsaso handia behar da horretarako, eta itsaso handi samarra espero da. Olatuak ipar-mendebaldetik etorriko dira, eta pare bat metroko altuera izango dute. Hortaz, berebiziko garrantzia edukiko du, berriro, patroiaren jardunak. Traineruari norabide egokia ematea eta olatua hartzen asmatzea izango da, batik bat, euren egiteko nagusia. Joan den astean horretan asmatu zuen Iker Gimeno Castrokoak.
Gaur lehen kalea saihestu nahiko du. Oriok luze txukun askoa osatu zuen lehen jardunaldian horretatik, baina poparean izugarri sufritu. Aste honetan Castroko arraunlariek esan dute lehen kalea tokatuz gero eta baldintzak eskasak baldin badira irten baino lehenago errezatzea besterik ez zaiela geldituko. Orain bi hilabete, hain justu, Telefonica Banderan, Kontxako badian, kale hori tokatu zitzaien, eta denboraldiko estropadarik eskasenetakoa egin zuten.
Beste estropada batzuetan ere kendu dizkiete, era berean, 18 segundo baino gehiago, baina Castroko arraunlariek esan dute badakitela zer gertatu zen estropada horietan; ez dela berriro pasatuko eta arazoak «teknikoak» izan zirela. Eta esan dute, gainera, gauzak ongi egin dituztenean, zoritxarrik izan ez dutenean, besteak baino gehiago izan direla, «normalean». Neurri batean egia da; hor daude sasoi honetako emaitzak, esan horiek egiaztatzeko. Baina gaurko baldintzak ez dira normal-egiak izango, eta hori baliatu nahi dute Castroren kontrarioek. Urdaibai San Miguel ligako liderrak, esaterako, poparean bikain dabilela erakutsi nahi die besteei; lehen jardunaldikoa akats bat besterik ez zela izan, alegia. Astillero ez zen, ez, gustura gelditu, eta aurreneko txanpa gogorra jota, estropada txikitzera aterako da; Orio bezalaxe, ohi duen legean
Lehen txandako San Pedrok eta Hondarribiak, aldiz, txanda irabaztea beste intentziorik ez dute izango. Izan ere, eta baldintzek okerrera egiten baldin badute -normalean hala gertatzen da, joan den astean kontrakoa pasatu bazen ere-, ezustekoa eman dezakete. Ez daude besteengandik hain-hain urruti. Horregatik, eurak ere itsasora begira egongo dira, behin lanak bukatutakoan ere.
ARRAUNA. KONTXAKO BANDERA. Itsasoari begira
Kontxako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur, eta Castrok 18 segundoko aldea baliatu nahi du, bandera laugarrenez irabazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu