Ia hutsetik hasi, eta, beste askotan ez bezala, isil-isilik aritu zen lanean Orioko trainerua denboraldi-aurreko hilabete amaigabeetan. Udan, baina, muturrean ari da. San Miguel Ligako bederatzigarren proba puntuagarria irabazi zuen atzo, Zumaian, estropada ederra egin eta gero. Sasoi honetan, jada bi bandera astindu ahal izan ditu lau haizeetara San Nicolas ontziko patroi Irakoitz Etxeberriak. Bermeon bat eta atzo beste bat. Lan erdiak egin ondoren, jada bi dira. Halere, muturrean, banderen lehian ibilita ere, harrokeriarik gabe ari da lanean. Neguko hilabeetan bezala, udako eguzkipean ere bai. Isil-isilik, hori da-eta beren entrenatzaile Joxean Olaskoaga Aizperro-ren estiloa.
Orio indartsu dago fisikoki, eta indartsu, halaber, buruko kontuetan. Izan ere, dezente sufrituta baina merezita nagusitu zen atzo Zumaiako estropada eremu nahasian. Sufrituta, bigarren maniobran aurreko bi luzeetan ateratako aldea galtzekotan egon zelako. Eta sufrituta eta merezita, biak bat, Castroren La Marinera ontzia parean jarri zitzaiolako azken luzean. Halere, ondo eutsi zion San Nicolas ontziak La Marinera-ren ahalegin itsuari.
Sasoiko dagoelako eutsi zion ondo. Moralez gainezka dagoelakoeutsi zion ondo. Estropada osoan onenak izan zirela erakutsi zutelako eutsi zion ondo. Eta behin helburuak bete ondoren gozatzen ari delako eutsi zion ondo. Izan ere, Orioren helburua, hasiera batean behintzat, txanda nagusian sartu eta banderen lehian egotea zen. San Miguel Ligako lan erdiak egin ondoren, bi bandera irabazi ditu. To!
Gustura ari dira. Ederki asko nabaritu zen hori atzoko estropadan, sufrituta ere. Egia da, bai, kale onena tokatu zitzaiela. Halere, horrek ez die, ez, meriturik kentzen. Hasiera-hasieratik txikitzera irten zen Orio. Lehen txanpa zoragarria izan zen. Estropadaren burua hartzea oso garrantzitsua dela jakinda, kontrarioei popa lehenbailehen erakusteko intentzioarekin ekin zion probari.
Lehen luzearen erdirako, pare bat segundoko aldea kendu zion Castrori. Hondarribia eta Pedreña, aldiz, atzetik. Ama Guadalupekoa eta Maria ontziek ez zuten zorterik eduki kale zozketan. Lehen eta laugarren kaletik dezente sufritu zuten atzo traineruek.
Bi lehia ikusi ahal izan ziren. Batetik, Orio eta Castro banderaren lehian. Eta, bestetik, Hondarribia eta Pedreña, hirugarren postuaren bila. Aurrenekoan Orio nagusitu zen, bigarren maniobra kaskarra egin arren. Eta bigarrenean, berriz, Hondarribia azkarragoa izan zen, askotan Pedreñaren atzetik joanda ere. Hondarribiak hiru estropada daramatza jada banderarik irabazi gabe, baina sendo eusten dio lidergoari.
Sendo dabil, era berean, Cabo da Cruz. Azkeneko hiru estropadetan gora egin du. Getxon seigarren izan zen, eta hala Pasaian nola atzo, bosgarren. Ez dute, ez, meritu makala Boirokoek. Zarautz ere, denboraldi osoan oso ondo: atzo ere seigarren. Urdaibai, aldiz, makal berriz, egurrezko trainerua uretaratuta ere. Arkote ere, ohi baino motelago. Galtzaile Bou Bizkaia-rekin izandako lehia bizian.
Zumaia, berriz, bizi-bizi bere zaleen aurrean. San Miguel Ligan jarraituko du okerrik ezean. Zazpigarren atzo, bere txanda goitik behera kontrolatu ondoren. Alde handia ateratzen die jada Laredori eta Pasai Donibaneri. Euren arteko gerra psikologikoan, pasaitarrak aurretik atzo.
Hamargarren estropada puntuagarria gaur jokatuko da, Hondarribian (12:00, ETB1). Etxeko trainerua da irabazteko faboritoetako bat. Halere, azken denboraldietan ez da fin aritu bere zaleen aurrean. Gainera, azkeneko hiru estropadetan aurrea hartu diote kontrarioek.
ARRAUNA. ZUMAIAKO XXI. ARRAUNA
ZUMAIAKO XXI. IKURRIÑA. SAILKAPENAK. IKUS PDF-A. Beste bat, eta bi dira jada. Oriok sufrituta baina merezita irabazi du Zumaian, azken luzean Castrorekin parez pare aritu ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu