1863 (Amets Arzallus)

Arriba ezpaina

2010eko ekainaren 7a
09:31
Entzun
Nire ideiak ohe deseginak bezala daude. Jaikitzeko gogo gutxirekin esnatu naiz. Futbol irrikarik gabeko igande bat dut. Nahiago nuke berriz ere egun bat amonarekin pasa.

Gure amona.

Otzara bete hitz etortzen zen amona, zimur bat irribarrean. Ziur nengoen min batek zeharkatzen zuela, baina eseri eta belaunburuen gainean jartzen zituen eskuak, eta han ezkutatzen zuen min hori, eulia harrapatua balu bezala. Hegoak zabaltzen diren eran, begiak ematen zizkidan, eta begietatik argia, eta beste irribarre bat zimurrik gabea. Beste inork ez bezala maite ninduen amonak. Baina hil egin zen. Eta orain hemen nabil nire irribarre puskak lurretik jasotzen.

Irribarre puska bat.

Itsasorik gabeko herriak badirela ez zuen sinisten gure amonak. Ezin leike esaten zidan. Eta galdezka hasten zen bere kasa. Itsasorik gabeko begiok zein aldetara begira egiten duzue lo? Non arnasten dituzue ametsak?

Irribarre puska bi.

Basamortua gustatzen zitzaion amonari, nahiz eta inoiz izan ez. Haizea han hiltzen da esaten zidan. Haize hilen errautsez betea dago basamortua. Eta gero berak esaten zidan ezetz, ez, ez, barkatu, ez da hola. Nola da galdetzen nion orduan. Eta behin kontatu zidan: basamortua itsaso bat da hondarretan. Haizeak egiten du ilargiarena. Ilargiak itsas argiarena. Basamortuan muskerrak dabiltza igerian. Basamortuan herrenka zihoan aitona bat ito zela irakurri nuen behin.

Irribarre puska hiru.

Amona eta biok sofan eserita geunden. Telebistatik «arriba españa» entzun zen. Berriz ere bai, arriba españa. Amonak begiak eman zizkidan, eta atera egin zitzaion: «arriba ezpaña? Abajo okotza!» Gaurko, ez dut esaldi politagorik aurkitu.



---

Xanpain katalana eta olagarro zopa (uztailak 10)

Ez dakit zenbat jende bilduko den gaur Bartzelonako karriketan. Eta horietan zenbat egongo ote diren bihar Espainiak irabaztearen alde. Baina inkesta soziopolitiko interesgarria litzateke. Segur aski Abc-rako editorial polit bat idatz liteke. Laportari ere egingo nioke elkarrizketatxo bat noren alde dagoen esan dezan. Eskizofrenia identitarioa zenbaterainokoa den jakitea komeni zaigu, gero nazio bat merezi ote dugun pentsatzen hasteko.

Estatutu estutututua ez dakit holako ñaparduretan sartzen den. Selekzio konturik ba ote dakarren. Nago, ozen aldarrikatu izan balu, noiz eta orain, lehertua zegokeela hitzen gerra. Eta Auzitegi Konstituzionalak Xavi, Puyol eta Pique kenduak zizkiokeen honezkero.

Xanpain katalana.

Ez naiz hasiko Xerezko ardo goxoa gutxiesten, ez eta Errioxakorik, onartzen dut ilehoriak Portugal hankaz gora jarri zuena. Baina beldur naiz, bihar, Johannesburgon, ez ote den xanpain katalana edango. Massiako mahasti oparoetakoa. Ez du frantsesaren inbidiarik. Akabo gara, hemen dugu urte osorako buruko mina.

Olagarro zopa.

Ez da itsasoaren metafora, itsas beherako haitz putzuena. Gure amonarenean egiten zen lehenago, Zumaian. Ez naiz dastatu gabe mintzo, zapore gogorra du, mina oso. Sekretua: zopa egiteko olagarroa sekatu egin behar da aurrena. Zigarro papera bezain fin utzi, haizeak zapaldua bezala, billete bat esku artean. Eta ez du diotenez usain ederra zabaltzen bi ilargitatik zintzilik egoten den denboran. Patio guztiak kirasten ei ditu, herriko kaleak, gerrara joandako zumaiarrek ia frontetik usain hartzeraino. Orain ezin da herrian olagarrorik zintzilikatu.

Lastima. Metafora polita zitekeen. Gure nortasun erroen metafora. Nola ari diren, papertzen.

---

Ahatezainen alde (uztailak 9)

Atezainak izan ziren Albert Camus eta Eduardo Txillida. Karol Wojtilak eta Vladimir Nabokovek ere eskularruak jantzi zituzten. Atezaina pertsonaia bitxia da.

Botanikoa da. Filosofoa da.

Errekarriak bezala jaurtitzen du baloia. Errukarria da. Erruak harri bihurtzerainoko bakardadea. Bere karezko irlan bakarrik dabil, irribarre bat New Yorken bezain bakarrik, triste. Pausoro harri koxkorra ostikoka aldenduz. Ostikoka bere patuari. Bakarrik ospatzen du. Bakarrik abailtzen da. Bakarrik beti. Eta ez hori bakarrik.

Giltzaria ere bada. Topografoa.

Satorretan dabil igloo baten aurrean. Izoztu zaizkio belaunak. Baloirik ez datorkio. Komentu abandonatu batean ahaztuta utzitako giltzaria da. Armiarma sare tartean bizi da. Angeluak neurtuz, geometria estudiatuz. Aspertzen denean hormak eraikitzen hasten da, badaki esku lan pixka bat. Eta arkitekturaz. Metereologoa da. Haizeari antzematen dio, eguzkiaren bideari, eta hemisferio bat aukeratzen du. Adibidez, Groenlandia. Han biziko da urte erdian. Fraile bat da elurretan.

Marjinatua daukate.

Gehiegi dakielako. Obserbatzea gustatzen zaiolako bista zutoin kantoiarekin zorroztuz. Talaieroa ofizio galdua da, esan diote. Ea zergatik behatzen duen hainbeste. Ea zergatik ez den begiak erantzi eta kaniketan hasten. Edo jarri ahate batzuk area txikian, eta haiek zaintzera dedikatu, ahatezain. Kontuz ibiltzeko agindu diote, bere eremutik ihes egiterik ez egosteko. Iraultzarik ez. Deskuidatzen bada, zutoin langak zutik dauzkan haria eten, eta negu jolasetan txoria kribaren azpian bezala, harrapatua geldituko dela aurreraka amilduko den bere atearen sare artean. Preso atipiko bat izango da.

---

Atezainen kontra (uztailak 8)

Xuhurra izango da. Edo gezurtia. Andereñoaren semea bestela. Ez dio inork baloirik pasa nahi. Kapaza da eskuekin hartzeko... ume negartiek nola. Ah bai? Ba nanai! Diberti hadi heure buruarekin! Erabil ezak haizea ostikoka! Asper hadi hantxe heure bat zenbaki sakratuarekin! Kokolo halakoa!

Bata da bai. Eta bat da, psikopata bat. Burutik eginda dago. Oihuka hitz egiten du. Lagunak salatzen ditu, hatzez seinalatuz, mundu guztiaren aurrean. Epaileak ere entzuteko moduan. Eskerrak, tarteka, anfiteatro osoak iraintzen duen. Bere ama, andereñoaz gainera, sasiko fruta! Irents ezak hori!

Xuhurra, gezurtia, salataria, eta koldarra gainera. Beti atzeraka ibiltzen da. Beti beste guztien bizkar. Beti badaezpadako neurriak hartuta. Arriskuan sentitzen denean ere han jartzen ditu bost gizon, ejertzito erdia, arraultzak lehertzeko ikaran. Bera, txokoan, ezkutatuta. Kontserbadore hutsa da. Irabaztearen aukeran nahiago ez galtzea. Atea hutsean. Joko balu buruarekin zutoina! Langilego klaseak izerdi erdia uzten du golak ikustearren, eta berak igande arratsaldea izorratzen dio. Ergel alaena! Eta gainera alper deklaratua. Talde osoa lanean jartzen du berak ez egitearren. Funtzionaria dirudi. Kafe makina bat jarriko baliote atearen atzean, sos batzuk kantzontzilopean hartuta ateratzeko litzateke jokatzera.

Arrazoi horiengatik guztiegatik, eta justiziaren izenean, tarteka, ehun eta hogei minutu eztabaidan pasa eta gero, fusilatzea erabakitzen du magistratuak. Ez du gutxiago merezi.

---

Nahiz eta epaile askok ikusi ez (uztailak 7)

1863. Offside.

Futbola arte abstraktoa bada, edo irudimenaren geometria, hori jokoz kanpoko arauari esker da. Zelaiaren dimentsioak aldakor bihurtzen ditu, eta sakontasunaren bilaketara behartzen du futbolari sortzailea. Golak baino ederrago bihurtzen ditu paseak. Jokoaren arima da. Offside. Henry Ford jaio zen urte berean sortu zen, 1863an, Londresen.

Freemason's Tavern ostatuan bildu ziren hamaika ingeles futbolaren lehen araudi bateratua idaztera. Tartean, esaldi zuhur bat korapilatu zuten: «jokalari bat jokoz kanpo dago aurkariaren atetik baloia baino hurbilago dagoenean». Gerora aldaerak izan zituen, baina esaldi horregatik ez balitz ez zen sekula futbola debozio nazional bihurtuko. Ederrena da, ez zela esaldi haren jatorrizko intentzioa jokoari metafisika puntu bat ematea, etikaren izenean sortu zen offside araua. Izan ere, baloiari eta defentsari aurre harturik zain egotea, norbere lagunen lanaz aprobetxatzeko era itsusia kontsideratzen zen.

2010. Apartheid.

Futbolean etika aplikatu nahi zutenen bilobek sentiberatasun gutxiago erakutsi zuten kolonia zahar batean. Kare zuriz mugatu zituzten eremu publikoak, eta marrazainak jarri kale kantoietan. Ez zen offside, baina errimari eutsi egin zion nolabait: apartheid. Mundu erdia gorrien atzetik zebilen artean beltzak jazarri ziren Hego Afrikan. Berlingo harresiarekin bateratsu pitzatu zen sistema segregazionista triste hura. Baina oraindik ere, elite eta satelite ekonomikoetatik urrun bizi dira beltz gehienak.

Nahiz eta epaile askok ikusi ez.

---

Nelson Mandela (uztailak 6)

Gatza.

Bolivian Uyuni. Eskoriatza pasa eta Gatzaga. Garratza da ahoratzean sodio kloruroa. Sendagileek kendu egiten die zaharrei, baina zerbait ontzeko eta usteldu gabe irauteko ez da gai hoberik. Gazi kutxak ganbaretan. Ternuako marinel zaharrek gatzari esker ekartzen zuten bakailao ona. Denak zor gatzaizkio elur min horri. Denboraren logikaren kontra borrokatzen du.

Estokolmoko sindromea.

Nobel jauna, bakearen sari ohoragarrien aita pontekoa, kimikari handia izan zen. Berak asmatu zuen dinamita. Oso gizon baketsua omen zen, ez zuen inor molestatzen lanean ari zenean.

Rohlilahla: xhosa hizkuntzan zuhaitz bati adarretik tiratzea esan nahi du. Baina andereño zuriak ez zuen izen beltzik ahoskatu nahi, eta Nelson jarri zion. Mandelaren aurretik, Nelson, aurretik Rohlilahla zen. Bakearen nobel saria jaso zuen, eta Gebarak lehentxeago bezala bekatu guztietatik garbitua izateko grazia irabazi zuen. Ez zuen inork bere izenik lohituko. Kronika zaharretan borroka armatuaren aldeko aldarriak desagertu ziren -bakegile izatearekin uztarrezinak bailiran-. Biografo amnesikoak hurbildu zitzaizkion, eta kartzelaz egin zioten galde. Hogeita zazpi urte ziega batean. Banaka-banaka beteak, esaldi horren hogeita zazpi hizkiak bezala. Hamar ditu injustiziak, hamar hizki libertateak, bederatzi alzhaimer gaitzak. Kazetari espainol bati entzun nion behin, pertsona bat hain luzaroan preso edukitzea, hogeita zazpi urte karratuko ziega bat, giza lotsariaren sinboloa dela.

Eta gatza, gazi kutxa txiki batean sartuta, holako gauzak entzuten.

---

Esplikatzera noa kontuak (uztailak 4)

Amak galdetzen dit ea nire hitzek zer zerikusi duten futbolarekin. Batean ilargiari begira ikusten nauela, bestean guaranien gerra zaharrak kontatzen, hurrena berriz kamikaze japoniarrei buruz galdezka, ez duela oso ongi ulertzen Munduko Koparen gehigarrian zer egiten duen nire zutabeak. Ahalegin txiki bat egingo dut, ez bere esanari men egiten, baina bai zergatik ez nauen baloiari begira ikusten esplikatzen.

Ama, porra bat egin nuen. Hogei lagunek diru zorro bat bete genuen txanponez, eta paper baten gainean bakoitzak bere munduko koparen bilakaera ustea idatzi zuen. Igarkizuna, hasi sailkapen faseko partiduetako emaitzetatik, eta handik aurrerako eskilara maila bakoitzari talde izen bat jarriz, finaleraino. Ez naiz aberastuko. Ez diruz eta ez ohorez. Azkena noa. Ipurdi gizentzen ari naiz egunetik egunera, azken aurrekoarengandik gero eta distantzia handiagora. Eta ez du nireak gora asko egiteko itxurarik. Final handirako Maradonaren alde egin nuen trabes, Brasilen aurka jokatu eta irabaz zezan nahi nuen. Messiri emana nion goleatzaile nagusiaren erramua. Ingalaterra finalerdietaraino iritsiko zela egin nuen amets. Eta ez noa kontatzera handik aurrerako nire igarle senaren abenturak.

Ama, horregatik guztiagatik, ahalegintzen naiz nire futbol entendituaren fazeta hori ahalik eta ezkutuen uzten. Bide batez, joko honek aberastuko ez nauenez, eta aurrez aurre esaten ausartzen ez naizenez, sos pixka bat behar dut. Tourrerako beste porra bat egin dugu. Benetan, ziur nago asmatuko dudala.

---

Paraguaik ez ote du Munduko Kopa bat merezi? (uztailak 3)

Historia irabazleek eta ingelesek idazten dute.

1863. Unibertsitari batzuk hanka jokoaren esku liburua berridazten ari ziren Londreseko taberna batean. 1865. Tamesisetik urrun, whisky baten bueltan, Paraguay inbaditzea erabaki zuten Rotschildek eta Londreseko bankuak. Mende bat aurrerago, urtetsu horietan, egunero kafea hartzen zuen ostatura liburu gorri batekin sartu zen gizon bat Montevideon. Hughes bere abizena, aitonak Liverpooletik ekarria. Nahiago du berak Galeano esatea. Liburua, inoiz idatzi den ederrena ahazmenaren kontra. Las venas...

Paraguai eta autarkia.

Ingelesak ez ziren espainolak bezala nekatu indioak hiltzen. Negozio hobea ikusi zuten gerra haiek finantzatzen. Trukean, lehengaien jabe egin ziren, Txileko salitrea, Brasileko kautxua... Hego Amerika osoa liberalismoa predikatzen zuten whisky zaleen esku gelditu zen. Paraguay izan ezik. Oligarka ingelesak popatik hartzera bidali eta autarkia eraiki zuen. Guarani auto antolatuen herria. Han ez ei zen eskalerik, ez leitzen ez zekienik. Rotschildek erabaki zuen akabatu egin behar zirela, etsenplu txarra ematen ari zirela. Brasilek, Argentinak, eta Uruguaik, gerra deklaratu, eta bost urtean ikatzetarako balio ez zuela utzi zuten. Bizidunak kontatzen lan gutxiago gelditu zen hilak kontatzen baino. 250.000. Bost urte lehenago milioi eta erdi ziren.

Historiak bere logika du, dominatzaileena. Hori hausten duenak larrutik ordaintzen du. Haiti esklaboek askatu zutelako gelditu da betiko miseriara kondenatua. Paraguaik, itsasorik iristen ez den lurrak, lagun egiten dio kondenatu historikoen ziegan.

Ederra litzateke, gaur, historia bere orriak berrirakurtzen hasiko balitz. Eta hurrengo zazpi egunetan, beste era batera idazteko ausardia pittin bat bilduko balu.

---

Atzo futbolik ez zenez... (II) (uztailak 2)

...penalti bat jaurtitzera doana bezain libre sentitzen naiz. Berriz ere beste zerbaiti buruz idatz nezake. Gaur, desordena alfabetikoan.

Hitzak eta hatzak

Gure inkontzienteak zenbat hitz egiten duen... Gero eta ozenago aspaldion. Kalean goazenean espaloiak ere zuri eta beltzez margotzen ditugu, apartheid hartan bezala, zebra bide gorriak. Kontuz ibili behar da mihi labainokin, «moro» edo «rumano» dioenean nonork, aho sapaian goxotasun handirik gabe, biak erabiltzen ditu, hitza eta hatza. Ez zaizkit oso gogokoak, niri, hitz hazdunak.

Haizea garbia da

Eta zein politak ijitoen aurpegietako kolore nabarrak. Zikinduta datozenean ere, gure begiradotara. Zergatik datoz zikinak ijitoen masailak, edo begi zuloak, haizea garbia bada?

Ostiko batek hondarretan uzten du ipurdia, eta badoa karranka ijitoaren gurdia. Eta gelditzen denean, begirada berri batek zaharra ekartzen dio gogora, papurren lapurrari bezala ari zaizkio zaunkaka zakurrak, eta zakurrak ez direnak; ahuntza ikaratuta adatsa atzera utzi eta aurrera begira jarriko da, eta ahuntza abiatzen denean familia guztia haren atzetik. Gero esango dute nomadek ez dutela inoiz ihes egiten. Nori gustatzen zaio zango aztalak bidean uztea? Herrixka berri batean sartuko dira. Euskaraz ikasiko dute. Txirritaren bertsoak ulertzeraino ikasi. Eltzea mila puska egin, eta ez dira berriz itzuliko, hainbeste urte pasa arte, gutxienez. Baztertuak, baztertuongandik ere. Lurrik gabeak, buztina lantzeko denborarik gabe, eta hondarra ere haizeak eramaten diela bizi dira ijitoak.

---

Atzo futbolik ez zenez... (uztailak 1)

... penalti bat jaurtitzera doana bezain libre sentitzen naiz. Beste zerbaiti buruz idatz nezake. Ordena bakarra, alfabetikoa.

Haizea

Errota haizeak darabil.

Edo haizea errotak daragi?

Ilargia

Esaten dugu mundu hau gastatzean ilargira joango garela. Edo Euskal Herria hemen egin ezin badugu ilargian egingo dugula. Baina han ez dago grabitaterik, eta orduan pentsatu ez duguna da harri jasotzaileekin zer egingo dugun. Zeren eta karga altxatzeak ez du inongo meriturik izango, kargarik ere ez baita izango han, izan. Eta harri jasotzailerik gabe guk ezin dugu bizi. Edo?

Mundua

Jabulania elur bola bat da. Elur bola gero eta handiago egiten joaten da. Ez dakit lur bolari ez ote zaion aurkakoa gertatzen. Badute batzuk loreei hitz egiteko ohitura, halako goizeroko usadio bat. Mafaldak lur bolari galderak egiten zizkion. Hitler, berriz, erantzunen bila hasten zen, hark zerbait galdetu izan balio bezala. Horretan bazuten antza Mafaldak eta Hitlerrek. Biek egiten zioten lur bolari hitz. Charlotte Chaplinek ere bai. Edo ez, hark hitz ez, mutua baitzen. Lur bola bera den bezala, funtsean.

Zertan gabiltzan



Nondik gatoz? Eta nora goaz? dira bi galdera handiak. Baina horiekin gutxiago kezkatu, eta inori ez al zaio otu galdetzea zertan gabiltzan? Horra galdera bat, ene ustez, urgentzia ez ezik garrantzia ere baduena.

---

Aktualitatetik erortzen ez den Frantziari buruz (ekainak 30)

Euskal Herria eta Frantzia.

Sentimendu bat daukan jendea nola nazio bihurtu pentsatzen ari da, eta nazio bat daukan jendea zer sentitzen duen asmatu ezinik. Agian, asmatu beharra bera ere bada beste ezin bat. Nicolas Sarkozy. Ezin utzi jendeari naziorik ez sentitzen. Ezin utzi jendeari bere nortasunaren erroak beste lur batzuetan edukitzen. Nozioen lurretan, adibidez. Ezin utzi.

Frantzia krisirik okerrenak jo du, krisi identitarioak. Eiffel dorrea hezurretan dago. Nortasun agiria zimurrak jan du patriketan. Eliseoak kabinete berri bat zabaldu du zirujia estetikoa egiteko malformazioekin jaio zen nazio baten sentimenduari. Identite nationale, txobinista zilbor handi baten genialitatea, herri kontsulta bat. Ez pribatizazioez deliberatzeko. Ez erretreta gibelatzeko. Horretarako hobe da lagun bati hots egin. Publikoaren komodina baliatu da zer den frantses izatea definitzeko. Herri kontsulta ziberespazioan dabil, -kanakyatik ere parte har dezaten, eta Guadalupetik-. Nazioa, nonbait, oso hautsia ikusten da, eta pieza barreiatu guziak itsasteko moduko pegamentu bat behar da. Liberte, Egalite, Fraternite... Eta loctite. Hazi transgeniko bat, Sarkozyk patentatua.

Bi Nicolas: Sarkozy eta Anelka.

Sarkozy txikiari zaldi bat eta ezpata bat emango balizkio norbaitek Frantziako jokalariak himnoa mastikatzen ari diren bitartean zelaira jauzi egin eta lepoa moztuko lieke. Banan-banan. Anelkari beste zerbait ere bai.* Baina aldagelak eman du Frantziaren egia mundura. Agintari baten autoritate absurdua. Eta fraktura soziala.

*Anelkari beste zerbait esatean, mihia esan nahi nuen.

---

Egutegiak eta igande bat (ekainak 27)

Egutegi bakoitzak bere moldean ebakitzen du denbora.

Iltzera egun bakarra dakarrena frantziskotarra da, edo Argiakoa, tximeleta kolekzionisten egutegia. Argaltzeko joera duen hori. Carpe diem mezu bezala har daiteke, ez du gogorarazten lehengorik, ez bistaratzen gerokorik. Baina agian atzera bueltarik gabeko denboraren sinboloa da, galkortasunaren oroitarazlea, goizero, bezperako orria, errekara eroritako hostoa bezala doa, arrastorik utzi gabe.

Enpresetako egutegiak, edo Caja Laboralekoak, bi ilargi berri. Hilabete osoari begira jartzen gaitu. Soldataren logika berdintsua. Bilera zaharrak, eta dentistareneko kontsulta berriak, denak nahas-mahas. Denbora kalkulatuago baten giza tenpoa. Ardurak, telefono zenbakiak, pastillak... dena hiru hatzaparkada egunetan.

Azken generoa, urte osoa paper zati bakarrean ekartzen duten egutegiena da. Ez dakit zer aurreztu nahi izaten duten. Papera, edo denbora.

Igandeak eta futbola.

Igandeak elizari eta futbolari zor omen die bere igandetasuna. Hooliganentzat, futbolik gabeko igande bat, tristuraren hurrengoa da. Ingelesentzat, asteko lehen eguna igandea. Alemanian, guk bezala, azkentzat dute. Igandea ulertzeko bi moduak aurrez aurre jarriko dira gaur. Alemaniak eta Ingalaterrak igandeari ohore.

Albert Camusek ez dakit noren alde egingo zukeen. Nik germaniarren aldera botako ditut txanponak. Ez futbolagatik, ez Berlin zaharragatik, ez Kanti esker gainditu nuelako Bac-a. Esaldi bategatik baizik. Alemanian filosofia ikasi zuen batek esan zidan, hara iritsi berritan, gomendio bat eman ziotela: «hi, hemen nahi duana egin ezak, baina ez hadi behintzat igandez hil, ez hau inork jasoko eta».

---

Bi errezildar eta ingeles bat (ekainak 26)

Lehen ez zen azazkalak limatzeko halako joerarik, baina bai mihian arraitza pasatzekoa. Parisera bidea egiten duen treneko leihotik segaririk onena betiko makurtzeko moduko sailak ikusten dira. Ezta Heriok ere bere sega luzearekin haiek ebaki. Parisera noizko, bi errezildar han omen zihoazen, okotza leiho ixkinan, begiak zerumuga berde hari emanda. Eta bati ahora etorri: «hi, Plaentxi ein zianak etzian jakingo hau hemen zeoanik».

Espazioaren okupazioa.

Txillida omen zen atezain ona. Agindu handiak emango zizkien bere jokalariei. Baina nik moldatu dudan teoria apurretik Oteitzak gehiago erakusten du soropilean nola mugitu. Espazio hustuen artearekin badu futbolak zerikusia. Okupazio desokupazio joko horretan gol asko inspiratu da. Estrategia kirol gehienetan da hala. Baina jokoz kanpoko arauak sakontasun berezi bat ematen dio futbolari. Ez zidan alferrik esaten entrenatzaileak aulkitxotik altxarazi eta zelaira ateratzen ninduen gutxietan: «Amets, zuk espazioak hustu, hustu dena jendez. Beste norbaitek sartuko ditu golak». Nik gutxi sartzen nituen egia esan. Eta asko gure atean.

Espazioaren desokupazioa.

Azkoitian atanotarrak gehiago dira Arantzazun apostoluak baino. Baina jainkoa bakarra, ikusi ez dutenek ere hala diote; Mariano Juaristi, etxeko hirugarrena. Iparraldean jokatu omen zuen behin, eta hura ikusten ingeles bat gertatu, aurrez sekula pilota jokoa ikusi gabea. Partidua bukatu zenean, ea zer iruditu zitzaion galdetu zioten, eta ingelesak «polita jokoa -of course- baina denetan txarrena beste txapeldun hori -Atano hirugarrena seinalatuz-. Beti inor ez dagoen lekura botatzen du pilota».

---

Lippik bere jokalariei egin beharreko galderak (ekainak 25)

Penalti puntuak zergatik ote ditu Hamaika Pauso? Chilavert iritsi ote zen presidente izatera? Japoniako bandera, odol tanta bat zapi zuri batean, zein poetak diseinatu ote zuen? Galtzen duenak zergatik egiten du negar? Ahantzi ditugunak oroitzen ote dira gutaz? Palestinan hamar lagun hiltzen dituztenean, eta horietatik hiru zibilak, nor ote dira beste zazpiak? Maputxeek munduko kopetan asmatzen ote dute noren alde egin? Wimbledoneko tenis jokalariek noiz egiten dute lo? Lehenengo kamikaze haiek, ontziteria amerikarraren aurka beren burua lehertzen zuten pilotuak, zergatik joaten ziren kaskoa jantzita? Apoteosikoek ez ote dute deus ere apotik? Epailearen ama joaten ote da bere semearen partiduak ikustera?

Galdera bakoitzak galera bat dakar.

Arrazoi zahar bat ikusi izan dut hezurretan, belaunak elkar joaz dardaraka, egia bat eri, uste bat oinutsik, nora jo ez dakiela. Erantzun bila. Zakur amorratua baino okerrago, laguntza eske: «horrelakotan zer egin behar da?» Ni, galdera berriak kakotzen dituen herreroarengana joango nintzateke.

Nire metodoa Lippiren prentsaurrekorako.

«Zer da herrimina?» galdetuko balidate, «mina zer herri da?» erantzungo nuke. «Zenbat abertzale daude Euskal Herrian?» jakin nahian hurbiltzen bazaizkit, «zenbat Euskal Herri daude abertzaleetan?» galdetuz urrunduko nintzateke. Galderak hankaz gora jarri behar dira. Edo buruz behera. Ez jolasaren plazer hutsagatik. Askotan iruditzen zait galderen alde erantzietan ezkutatzen direla erantzun batzuk.

---

Aljeria-AEB partidua bi angelutatik ikusita (ekainak 24)

Ihesbide bat. Parisen.

Metroa erretratu eder bat da. Grafiti hizkiz betetako tuneletan, hitzen desfile deliriko baten erditik, bagoi isilak joaten dira, jendez beteta. Milaka pertsona, isiltasun konkordatuan, denak batera, denak bakarrik. Bakoitza bere mundu undergroundean. Begiradak ere elkar gurutzatzeko ikaran. Atentatu bat litzateke lur azpiko izpiritualtasunean.

Bien bitartean, bagoi erdoilduen hatsa darien ziega barrenetan, presoak, elkarri oihuka, komuneko tuberietatik, iturgin ahotsez. Monosilaboak labirinto organikoetan bidea urratuz. Itsasora botila bat jaurtitzea bezala. Galderatxo bat paper zimur batean: presondegian dagoenak, edo metroan doanak, nork du bergizarteratzeko beharra?

Baina tanpez, Pariseko presondegietan, basamortuko isiltasuna zabaldu da. Hormak zapaltzen dituen bake dezibeliko horietakoa. Kondenatu denak, elkarrekin, Aljeriaren partidua ikusten. Gero eta pantaila handiagoak gero eta ziega ttipiagoetan. Tarteka, taupada crescendo txikiak, hormetako morse aldiak. Eta ostera, barea. Inperioa gorrotatua izango da berriro. Patioan, funtzionariak l'Equipe irakurtzen. Eta lau euskaldun, promenada zirkularrean, zaindarien aurretik pasatzen diren aldi oro, begi keinu bat, eta Anelkari goraintziak.

Ihesbide bi. Kaboulen.

Marineen kanpamenduetan, alkoola, eta aire patriotikoak. Kantu irlandar batzu, eta chicano bat rantxerak kantatzen. Himno amerikanoa ozen entzun da partidua hasi denean. Mutiko afganiarrek, dinamitazko gerriko bat jantzi eta beren burua imolatu behar balute bezala, itxaron dute momentu hau. Baloi bat hartu, eta ilargipean, futbolean jolastera atera dira. Lau urtean amestutako jokaldi denak egingo dituzte.

---

Onduras (ekainak 23)

Periodiko tximurrak besapeetan. Kiribilduta. Halaxe dator aktualitatea. Zahar jaioa, zahar, herren, eta gaizto. Ez du gertatutakorik kontatzen. Kontatzen duena gertatzen da. Aktualitatetik erortzen den herriak errealitate izateari uzten dio. Ez du atximurrik egiten. Honduras. Beste herri bat gure ahazturaren mapetan.

Nikaragua sandinista.

Inperioak herri bat galtzen duenean haren ondokoak atzapar zorrotzagoz zaintzen ditu. Honduras Nikaragua gainean dago. «Contra»-ko hegazkinak abiatzeko paraje bikaina. El Salvadorreko gerrillak begiztatzeko. Guatemala osoa. Baina estrategia militar sekretuek ez dute gure aktualitatean rubrikarik. Ez harreman komertzial injustuek. Honduraseko platanoak Obamarenean zuritzen dira. Kafe beltza, azukrea. Trukean estatu kolpeak inportatzen dituzte, Michelettiak -gorilak beti izan dira bananazaleak-. Eta abizen euskalduneko munduko presidente bakarra ostikoz jo zuten. Bere lasto txapel eta guzi. Urte bete da. Efemeride bat.

Efemeridek aspirina baten izena dirudi. Uretan disolbatu eta hartzeko.

Tegucigalpan txanpainik ez da saltzen jada. Militarrak dabiltza kalean. Eta monagillo berria (Lobo, ez da izengoitia) Hego Afrikan da oporrak hartuta. Lan gutxi itxura. Baina etxera dator, apenas golik ospatuta. H-ak ez dio poz handirik eman. H-a ez da historian sartuko. H-a Honduraseko selekzioa da.

Eta euskal alfabetoko hizkirik petralena. Arantzazutik fumata beltza ateratzen zen egunero. Hizkuntzalariak sutan. Eta Txabi Etxebarrieta hil zuten kalean. 1.968a zen. Handik hamar urtera izan zen Munduko Kopa Argentinan.

Hondurasek, egunotan, bien antza du. Txabi Etxebarrietarena eta Videlarena.

---

Haginak (ekainak 22)

Hitzen dastamena mihian. Eta hagin kontu bat.

Jolastetik jokatzera esnezko haginetatik hagin betikoetarako aldea dago. Esnea ez bada ere iheskortasunaren irudia. Hondarra bada. Eta hondartza herrietan ongi bereizten dira futbolean jolastea eta jokatzea. Jolastu plaieroetan egiten da. Jokatu nahi duenak zelaira joan behar du. Ez da transzendentzia kontu bat -transzendentalena jolasa bera ez ote den...-. Oinetakoen kontu bat da. Oinetakoak badira haginez jantziak.

Marfilezko haginak elefantearenak.

Arthur Rimbaudek esnezko haginekin idatzi zuen poesiarik onena. Boliarekin hasi zenean ez zuen oso bizitza poetikoa egin. Hitzak ere sifiliak jota. Filosofo frantsesen «declaration universelle des droits de l'homme» proklama eder hartan bezala. Gero kolonia herri izateko. Unibertsoa nonbait Gibraltarreraino.

Hagin erauziaren mina izenean daraman herria da Boli Kosta. Estraperloko izena du. Nigeriarena politagoa da, errekak ekarria baita. Rimbaud ez dakit nondik zetorren. Baina poeta on bat nola sar ote daiteke arma kontrabandoan? Ez zukeen hobea futbolean ahalegintzea bere hanka bakarrarekin?

Talentuaren ekuazio matematikoa.

Ez dakit poesiarako. Futbolerako hona ene ustea. Talentua da koordinazioa + inteligentzia + energia. Hiru horiek badituenak badu talentu amini bat. Eta Boli Kostako jokalariak ikusten ditudanean, oro bat afrikarrak, iruditzen zait zangoetan badutela behialako Rimbauden talentu poetikoa. Ez ditut emaitzak ulertzen.

Pentsatzen egon naiz, eta, norbaitek esplikazio taktiko handiak izango ditu merke saltzeko, nik nire baitarako menturazko azalpen bat sortu dut. Berdin zait azertatua ez bada, asmatua baita. Afrikarrek hagin esnezkoekin jokatzen dute futbolean.

---

Irudimen ariketa bat (ekainak 20)

Laurogeita hamar minutu luze apurretan:

...amoranteek amodioa egiten segitu dute denboraren harietatik desloturik, klandestino bat gauerako ostatu bila dabil, metroko anden ilunetan garbitzaileak pasa dira euren erratz latz eta adats luzeekin eguna eskobatzera, haur batek negarrez aitari ditia eskatzen dio, hiru hautetsik kale kantoian diru beltza banatu dute gutun azal zurietan, langileak autopistetako obretan lanean aritu dira zamarra bustiak jantzita bizitza arriskatuz, hezur hautsi bat bere txandaren zain egon da igeltsua horman pitzatzen ari den gela hits batean, mozkortu egin da jendea tabernetan, preso batek bere burua urkatzeko keinua egin du, teatroan jendeak zoriontsua dela antzeztu du komedia greziar bati begira, irakurle batzuk bista galdu izan balute bezala egin dute negar, peajeko langileak kuluxka txikiak egin ditu auto batetik bestera, manifestariak etxera itzuli dira bizikleta birtziklatuetan, bi sekretak elkar identifikatu dute zebra bide baten erdian, euria atertu gabe ari du eskaleen sonbreiruetan putzuak formatuz, elizako ordularitik lau aldiz zabaldu da kanpaien kantu motela, basamortuan haizeak bi duna desplazatu ditu edo gamelu bat pasatu da oinez, tren batek bere destinu guztien aurka egin du talka. Amoranteek amodioa egiten segitu dute.

Eta jendeak, ezer askorik ulertu gabe, futbolaz hizketan jarraitzen du partiduak bukatu eta gerora.

---

Hizkiak eta lumeroak (ekainak 19)

Bidaiatzeko herri bat aukeratzen den bezala, hizkien eta zenbakien artean hautua egiteko agindu ziguten nerabetan. Guk ikusteko filosofo edo fisikari izan. Geltokiko eskaleak nola deliberatzen du zein bankutan eseri? Antzeko irizpideekin abiatu nintzen ni hizkien mundurantz. Zenbakiak tolestuta zeramatzan maleta galdutzat emanik.

Lumero batzuk egin behar ditut.

Hala esaten zuen gure amonak. Eta nik ere egin behar ditut. Paper batzuk irakurtzen ari nintzela ordena pixka baten premia dutela iruditu zait. Joseph Blatter jaunak lau milioi dolar garbi irabazten omen ditu urtean. Zikinak zenbat ote dira. Lumero zailak horiek. Hego Afrikan, berriz, hamar milioi beltz bizi omen da egunean dolar bakarrarekin. Hala egia: beltz horien erdiak doblea leukake Blatterrek bere soldata banatuko balu. Baina ez nau ni horrek arduratzen.

Txiroak eta aberatsak.

Miseria nola marrazten den kazetetan; «egunean bi dolar baino gutxiagorekin bizi dira haitiarrak», «dolar batera ez dira heltzen Sudanen», «Indonesian ere...», zeinek gutxiago esan, pobrezia handiaren zenbaki txikiak. Beti dolarraren bueltan jiraka. Baina hitzen alde erantzietan bilatuz, sorpresa handiak har daitezke. Egunean bi dolar baino gutxiagorekin bizi den herria, hain sinple esanda, ongi herri garatua da, are aberatsa esango nuke ausartuz gero, txanpon bakarrarekin asetzen dituelako bere beharrizan guztiak. Aberatsagorik non? Ez omen da hala. Jakina. Orduan esplika ditzagun gauzak behar den bezala. Delako dolar bakar horrek ez du txirorik salatzen, izatekotan ere aberats izatea zer den erakutsi.

---

Gorria (ekainak 18)

Beharra gorria da. Kalea ere bai.

Larru gorritan gabiltza. Euskarak gorriari eskaini dion espazioa historia politikoak kolore horri ebatsi diona bezain zabala da. Larritasun bizi baten sinbolo semantikoa. Gorria. Hitzen pintzelik kuttunenetakoa. Margotu ditu neguak, margotu ditu miseriak... Eta poz pixka bat behar zenean ardoa ere ekarri du mahaira. Gorriari zor gatzaizkio. Batzutan koadrorik surrealistenak ere margotu dizkigu: frankismo gorria.

Hizkuntzaren ironia. Eta futbol elastikoena.

Francisco Francok ez zuen gorri jenderik ikusi ere egin nahi. Augusto Pinochetek desagerrarazi egin zituen gehienak. Itsasora bota. Antonio de Oliveira Salazarrek ez zuen meritu gutxiago egin zerua irabazteko. Eta orain, hiru diktadura zaharren hezurretatik haragiztatu diren herriek, gorri kolorea zabaltzen dute munduan. Portugalek gorriz jokatzen du. Txilek ere bai. Espainiak, nork ez daki. Historiaren ironia? Kasualitate paradoxiko bat. Halakoz beteta daude gure liburuak. Langileria klasearen kolorea ere zergatik da gorria, buzoak urdinak badira?

Moskuko plaza zabala. Liverpooleko elastikoa.

Kolore primitibo batek zenbat bazter zipriztindu ote duen... Gure kale kantoiak ere bai, adiera berri batekin. Orain, gorria beste zerbait da. Komunisten lotsagarri. Euskararen semantika txikien desohore. Eta euskarazko irrati telebistek ere halako gorrixka kolore bat hartu dute. Gorrixka hori zabaldu da bazter guztietan.

Ez dakit lotsa gorrixkarik izaten ote den. Gorria bai.

---

Ipar orratza (ekainak 17)

Zilipurdi baten burutazioa.

Lastima da gure bizitza ez izatea hondarrezko ordulari baten formakoa. Hala balitz, zahartzarora iritsitakoan, buelta eman gure erreka isuri agorrari, eta berriz haurtzarotik hasiko ginateke ibiltzen, eta urteak kontatzen hasi ostera. Mundua ez izatea halakoa ere lastima da.

Beharbada Namibia Groenlandiaren ondoan ikusiko genuke. Eta Nepaleko sherpak poloniarren bizkar gainera igota Varsoviako kaleetan. Eta Mafalda mundu bolari termometroa ahotik sartuta, kalentura pasa ote zaion galdezka, zilborrez ipurdi zer moduz sentitzen ote den.

Lau hankan dabil mundua, mozkorrak bezala. Lau kardinal ditu. Baina ordulariak Suitzan egiten dira, eta orratzak beti markatzen du iparraldera. Hori gabe desorekatuak geundeke. Ez genekike gauzei nola begiratu. Somaliako mutiko gazteak ez dabiltza Lekeition legatzetan.

Munduak alde batera bakarrik daki zilipurdia egiten.

Eduardo Galeano Montevideokoa da. Baina ez Peñarolekoa. Nacionaleko itsua. Berari irakurri nion alde bitara zatitua dugun mundu honek baduela salbuespen bat. Badela leku bat Iparrak eta Hegoak berdinetik berdinera jokatzen dutena. Ez da Nelson Mandelarenean. Amapa izeneko herrixka bat da Brasilen. Futbol zelai txiki bat du erreka baten ertzean. Ekuatoreko marrak erdiz erdi ebakitzen du berdegunea. Eta talde bakoitzak, zati bat jokatzen du munduaren iparraldean eta beste bat hegoaldean.

---

Futbolarien kontra -eta alde- (II) (ekainak 16)

Paradoxa batzuk.

Paradoxetan hartzen du poesia pixka bat bizitzak. Munduko itsasorik bizienari pazifikoa esaten zaio. Maradona, denboraren begiak egundo ikusi duen ostikolaririk onena, esku bati esker da. Presoaren semea atezaina da.

Penalti bat jaurtitzera noa.

Koldo Izagirrek txolinkeria txuri-urdina bukatu zela uste zuen. Hemen du epistola berria. Xobinista guipuzcoano guziak beren urtetako lizun usaina kentzera bildu dira plazako iturrira. «Gora monarkiko kantzontzillodunak!» oihukatu du neska batek. Don Elorza eta enparau, burusoil eta soilburu, ezpainak zilborrari eman eta euren buruak haizatzen hasi dira. Lehertuko balira beren periodiko eta guzi...

Xabi Prietoren paradinhak. Nik ere beste aldera jaurti nahi nuke penaltia.

Bipedo totelen artean badira oratoria ongi menperatzen dutenak. Behialako Pela Arzak haren taldekoak. Lehen mailako partidu batean euskaraz hitz egiteagatik egotzi omen zuen epaileak. Atotxan izan zen. Bizarduna zen. Epailea ez, jokalaria. Galdutzat jotzen zen estilo hori gure larre motzetan. Baita nafarrek bakarrik jokatzen duten taldean ere. Baina azaldu dira azpeitiarrak, azaldu da ondarrutar bat, berritxuar bat... orgia probintzianoaren erdian identitate zabalago baten aldarri. Euskara hurbilean, eta besarkada urrunduetan, ziega zuloetaraino... Ez geunden usatuak horretara. Zer endelegatuko ote zien palkotik Portugaleteko betaurrekodunak.

Paradoxa gehiago.

Futbolaria abokatua ere bada. Abokatua kartzelan dago.

---

Futbolarien kontra (I) (ekainak 15)

«Behartsuaren ofizioa,

bizitzea».

Joseba Sarrionandia.

Futbolaria izaki bitxia da benetan. Behartsu izate horretan, eta beste gauza batzuetan ere bai. Atearen aurrean Aristotelenak egiteko gai da, eta gero, totelena bakarrik gelditzen zaio. Hitz egiteko era bitxia du. Hau da ezintasun horren kontrako nire manifestu txikia.

Denak daude epanalepsiak jota.

Zapaldutako trikuak baino enfasi gutxiago. Tautologia kroniko bat. Kazetarien galdera txolinak (zalantzan egon naiz adjektiboa non jarri), eta erantzun bakoitza porrot erretoriko bat. Prentsaurreko antologikoak.

Hitzak errebelatu arte. Nola animaliak Orwellen nobelan, pentsatzen dut altxatuko dela noizbait adberbio bat harmailetatik, nola ingeles barrikaundi bat txintxilikario eta guzi berdegunera lasterka, eta esklamazio ikurrak bere atzetik. Eta festa hori ikusita adjektiboak ere bai, beren torturatu aurpegiekin, denek zelaira nahi, aditzak zientoka, korrika herrenean, alde guztietatik. Figura literarioak ere hara, manifa inprobisatu batean, litoteak, asindetonak, denak futbolarien kontra, anaforak saltoka, kiasmoak doministikuka. «Bipedoek ez dakite hizketan! Bipedoek ez dakite hizketan!». Eta futbolariak noraezean, baloia penalti puntuan abandonatuta, batzuk aldageletara ihesi, besteak kornerreko makilatxoen atzean ezkutatu ezinik. Eta epailea, bere togaren azpian burua sartuta, txilipitua irentsi nahian.

---

Han eta hemen (ekainak 13)

Ametsen putzu hustuetan bainu bat hartu. Eta oheratzen naiz.

Lokatz txikizkoa da iratzartzea. Ispiluaren aurrean presentatzen naiz. Gaur egun ez daiteke nolanahika jaitsi kalera. Begi ertzetan ditudan gau papurrak eranzten ditut. Gero eta haize gehiago orrazten dut. Eta bihurtzen naiz. Baina irudipena dut, gauzak nola doazen ikusita, mundua bera ez dela jaiki, eta ispiluaren aurrean jartzen goizero, kalera atera baino lehen.

Norbaiti mugarriak ahaztu zitzaizkion hemen.

Eta Balkanetan ere bai. Zergatik gaude muga orbanez josiak? Kartografoak lanik gabe gelditzeko beldur ote ziren? Ispilu pitzatu bat margotu behar zuten derrigor? Puska laban bakoitzak, izerdi handitan, bere burua deklara dezan...? Dassler anaiena da mundua. Guk ere egingo genuke inola ahalko bagenu, herritxo bat, muga absurduen artean. Eta gero deliberatu, Japoniak edo Laponiak bezala, zein hizkirekin hastea nahi dugun bere izena. Eta Serbia baino gutxiago ez izateko, Ghanako kakaoa esportatu. Afrika ez da patrika batean kabitzen. Agian urratu batean. Jokoz kanpokoaren marra ikustezinak dira mugak. Eta mundua marrazain despistatuz betea dago.

Offside.

Jokoz kanpo. Gure zaharrek ez zekiten ingelesez. Baina offside zer zen esplikatu zietenean, segidan egin zuten ulermerako bidea. Ordutik, gurean, horzain esaten zaio jokoz kanpo dagoenari. Batzutan, pentsatzen egoten naiz, munduan zehar, Lampedusan, edo gure herrian, Jabalian, zenbat jende ez ote den egongo, ertzen batean, hor zain.

---

Gogoeta bizardunak (ekainak 12)

Materialismo historikoak kiribildu zizkion Marxi bizarrak. Ez dakit Sarrik bizarrik ba ote duen oraindik, baina klaserik gabeko gizarte baten alde borrokan diraute estudianteek, batez ere tunanteek. Hitzak badu bere itzala, eta bere ondoeza. Giza harremanen bilakaeraren interpretazio marxista hori ukatu gabe -kapitala eta kalapita-, naturarekiko harreman dialektikoak ere markatu du gure historiaren gramatika.

Evo Moralesen arazoak.

Evori bere bizitzako bi oinarri debekatzen zizkion nazioarteko legediak. Koka hostoa mastikatzea, eta futbolean jokatzea. Ezin baitzen futbol partidarik jokatu 2.500 metrotik gora. FIFAk debekatu zuen. Blatter jaunari palkorako eskailerak igotzea asko kostatzen omen zitzaion. La Paz 3.600 metroan dago. Johannesburgo 1.753an. Zurich beherago. Handik ez da ikusten kirolaren esentzia gorputzaren eta bere inguru naturalaren arteko pultsu bat dela, armonia nekez bat, eta limiteen bilaketa. Bakoitzak sortzen den lekuan jokatzeko eskubidea du. Ohartu da FIFA.

Fidel Castroren soluzioak.

Fidelek ere bizar kiribila du. Eta teoria suhar batzuk. Adibidez, gerra irregularrarena. Garaipena beti egon omen da, terrenoa eta taktika, pertsonak eta armak, uste ez bestela erabili dituztenen bandoan. Hala izan omen da Alejandroren eta Anibalen aroetatik hona. «Estratega horiek eguzkia eta haizea ere baliatuko zituzten etsaiaren aurka. Norbere gaitasunak, eta naturarenak, ongien irakurri dituenak, hark irabazi du beti gudua». Lekzio bat. Blatterrentzat. Entrenatzaileentzat. Eta guretzat. Erakusten baitu, nola hil ez ezik, nola bizi.

---

Luma punta korrosiboak (ekainak 11)

...zergatik etortzen dira poesiaz jantzita azken orduko golak?

Iragan asmatua. Hurrengo hilabete honetan egunkarietako kirol erredakzioetan gehien erabiliko den aditz denbora. Bukatu gabeko partiduen kronikak entregatzen dituzte kazetariek. Hilzorian dauden poeta handien biografiatxoak inprentan dauzkate aspaldi, kanpai hotsen zain, iraganean idatziak. Erredakzioak asesinoz beteta daude. Utzidazue niri ere plazer hori probatzen. Luma zorrotza petxutik sartu, eta urte hau akabatzen, bukatu baino lehen.

2010. Almanaka formako ataute bat.

...genoma sintetikoa duen lehen zelula egitea lortu zuten, eta ipuinik politenari bukaera tristea eman zion kontalariak. Emakume zapalduak munduko gailurrik zurienetaraino iritsi ziren, eta lurrak ikaratu zituen hegazkinak. Greziak Akropoliari prezioa jarri zion. Bankuek ez zekiten dirua nori saldu. Municheko pastilla fabrika kopa belarri handiari begira negarrez gelditu zen, eta ikerketarako xentimorik merezi ez zuen Chagas gaitzak milaka pertsona hiltzen segitzen zuen Hego Amerikan. Iparralderago, menonitak Armstrong ez zela Ilargira iritsi esaten hasi ziren. Fidel Castrorentzat prestatutako hilkutxa Poloniako presidentearentzat erabili behar izan zuten. Zorioneko krisi batek munduko egonomia astintzen jarraitzen zuen, eta langabeek gero eta ilara luzeagoak osatzen zituzten, denek nahi zuten telebista berria erosi. Indiako Ozeanoak eta Atlantikoak elkarri bostekoa tinkatu zioten lur muturrean epaile beltz batek txilibitua jo eta hasiera eman zion hemeretzigarren Munduko Kopari.

---

Sigmund Freud (ekainak 10)

Oinetakoak eta boligrafoak.

Maldizioak frantsesez datozkit. Hizkuntza batean ikasitako lehen hitzak ez dira sekula galtzen. Oinetakoak bai. Eta etxeko mahaipeak oinetako galduen bila frantsesez zokomiatzen ditudan aldi oro gure aitonaz oroitzen naiz: «Lasai, ez ernegatu, berak etorriko zaizkizu». Solidaritate metafisikoa. «Seguru?» nire dudak, «ikusiko duzu, berek bilatuko zaituzte». Eta ni inozentea izan. Zain gelditzen nintzen, oinetakoak noiz azalduko, pauso arin batean, begipera, gorri-gorri eginda, eta barkamen eske. Baina lehenago hil zen aitona; oinetakorik gabe sartu zen lurpera.

Zein epailek hartuko du boligrafo desagertuen kasua bere eskuetan?

Askotan errepasatu dut frantsesa boligrafo bila. Ez nagoela jolaserako, ez dute konprenitzen. Armairutik armairura ibili izan naiz etxean erromes. Nire ideia zolienak ere halaxe galdu dira, portura iritsi gabeko txalupak. Eta iritsita ere, aurkituta ere, askotan boligrafoa editore zahar bat bezain petrala da; idazten ari zarena ez dizu argitaratu nahi. Literato pedante bat zelako eta libidorik gabe gelditu delako, umore txarrez dagoelako, edo begi klinikoa izan eta zure zilborraz idaztera zoazela antzeman dizulako. Editore burusoil bat bizi da boligrafo bakoitzaren barruan. Herenegun eta atzo dozena erdi bat aurkitu nituen eta bakar batek ere ez zuen idazten. Eta holakoetan sortzen den galdera: hauek, denak dira UGTkoak?

Azkenean aurkitu dut axota bat pentsatzen ari naizena axola zaiona: «Sigmund Freud, arren, egin ezazu zerbait, berriz ere hastera doa Munduko Kopa bat ni gabe».

---

Futbolaren bekatu ekonomikoak (ekainak 9)

Utopietatik urrun jaio ginen, desgaraiz. Dena erabakia zegoen. Eta hori konplitzea besterik ez dugu egin. Erreklamazio orrietan kabitzen da gure sormen guzia. Albaniarik ez dago gure ametsetan. Akrata IHESdunei ez die inork eskurik luzatzen. Fabrika hutsen forma dute iraultza zaharrek. Nik ere ez nuen osaba anarkistarik izan.

Joao Havelange.

Ez zuen futbolari izan nahi; bakarra izango zen Brasil osoan. Zenbakiak aurrean nahi zituen, izenaren ondoan. Havelange. Ahoskera frantsesean elur-jausi bat da. Zuricheko mafia borobilaren burua izan da bi hatz hamarkadatan. Eta beste lau urte. Bere krupier pribatuak kartak eskuetatik kendu zizkion arte. Gizarajoa. Samarranch hil zenean gizonek egiten ez dutena egin omen zuen. Lapurra ere ondo gauza apurra da lagun bat galtzean. Havelange. Ingelesez, otordu bat egin. Egingo ditu gero ere armak eta seguruak batera saltzen dituenak.

Paris, 1998.

Selekzioak eta elekzioak. Persiako Golfoko milioiak FIFAko boto partikularrak erosteko erabili ziren. Eta munduko instituzio ustelenetako baten buru jarri zen Josef Blatter. Afrikari Munduko Kopa bat hitz eman zion. Ez Gaddafirenean. Ez Mohammed VI.aren torturatuen erresuman. Trinidad eta Tobagon. Han elkartu ziren Nelson Mandela eta Desmond Tutu Jack Warner izeneko batekin. Mastercard txartel bat zeraman; FIFA jartzen zuen izkina batean. Hitz egin zuten Antilletako literaturaz, Stockholmgo kaleez, eta futbolaz orokorrean. Eta garrantzitik gabeko beste zenbait kontuz.

Eta beste detaile bat futbolaren alde.

Bartzelonan Unicefek finantzatzen ditu 12 urteko umetxo argentinarren fitxaketak.

---

Futbolaren bekatu politikoak (ekainak 8)

Boterea, definizioz ustela bada ere, beti pentsatzen bizi da. Pentsatzen du nola kendu besteri pentsatzeko astia. Arian gari dabilenak asmatzeko arriskua baitu. Hala asmatu zen futbola. Boteretik.

Gezurra.

Hanketako oinek beti izan dute ostikoketarako sena, denbora jolas bihurtzeko behar asmatzaile hori. Horrek emango zuen futbola. Eta Ingalaterrak hartu. Jolasa denborara itzuliz 90 minutuko joko arautua sortu zuen. Horretarako. Ingelesek ez zezaten gehiegi pentsatu gizarte industrializatu berri baten igande arrats aspertuetan. Asperdura ongien kudeatzen duenak irabazten ditu hauteskundeak.

Football.

Mundu osoan asmatu zen, eta Ingalaterran pentsatu. Eta gero zabaltzen joan zen, inperio zaharrak nola itsasoan barrena, edo kolonia usaina igandetan. Sabado Ingles iritsi zen. Asperra gero eta zabalagoa izaten hasi zen -luzea beti izan da-. Eta hala bilakatu zen futbola gehiengo axolagabeen berme unibertsal.

Are gehiago.

Baloiarekin ez da kristalik hausten. Kristalak garbitzeko balio du. Hala erabili dute erregimenik ankerrenek futbola. Faszismoak. Mussolinik 1934an. Videlak ere estadioetako palkoetatik pentsatzen zituen disidenteak ejekutatzeko sistema berriak. Francoren enbaxadorerik onena Di Stefano izan zen. Van Bastenen golak Berlusconik ospatzen zituen. Joko hau ez da hasten den lekuan bukatzen.

Badakit.

Badakit proletargoa nagitu duela. Liverpoolen. Bilbon. Badakit ni ere nagitzen nauela. Transformazio sozialerako dudan denbora apurra lapurtzen dit. Badakit. Gorroto dut nire burua futbolari begira dagoenean. Baina nire pasioa da. Badakit. Pasioa alineazioa da.

Bekatutik salbu dagoenak josi ditzala bere begiak.

---

Munduko kopla (ekainak 6)

Munduko kopla, bat.

=iGaleretako kondaira

minxoriak nola aira...

ilargira so mintzo den ama

ene ikusteko gai da.=i

Ez dakit non atzeman ote nuen. Zein mendetan. Non galduko zen. Martin Larralde, edo berdin du zein madaritako katuk, zazpi bizitza haietako batean idatzia. Eskuak tinki lotuak zituzkeen, errimetaraino. Begi berriek askatzen dute aldi oro. Nola minetik askatzen diren ilargi berari so diren haurride urrunduak. Halako besarkada alegoriko batean. Bat egite espiritual bat sinbolizatzen du gaueko lekuko bakarrak. Salatzen daki. Eta salbatzen.

Munduko kopla, bi.

Beyroutheko putetxeetan lana etengo dute aldi batez pantailari begi bat botatzeko. «Jogo bonito» komentatuko dute euren artean prostitutek. Kartzelan inor ez da patiora aterako, euskaldun batzuk salbu. Pristinako parlamentuan hautetsirik zaharrenak belarri batera irratia piztuko du, Serbiaren partidua sintonizatuz. Sorbonan literatura konparatuaren azterketara ez da inor azalduko, Vladimir Nabokov ere ez. Denak begira daude. Niger aldeko meatzariak ikatzetatik aterako dira arnas berde apur bat hartzera. Eta Nigeriak Paraguayen aurka jokatuko balu, Alfredo Stroessner diktadore zaharra ere, laurogeita hemezortzi urterekin, azken juizioaren zain, mandoa telebistara luzatu eta kanala bilatzen hasiko litzateke -autoritate baten azken aginte miserableak-, bizirik balego.

Esango didazue niri zer den Munduko Kopa ez bada munduko kopla bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.