Asteburuko Sei Nazioen Torneoko laugarren jardunaldia berrespenaren eta belarrondokoaren asteburua izan da. Ingalaterra eta Frantzia izan dira jardunaldiko bi protagonistak. Ingalaterra Europako selekzio onenaren paperean berretsi da, eta garaipen bakarrera dauzka 2011ko Torneoa eta Grand Slam-a. Frantzia, berriz, bere historiako krisirik sakonenean sartu da Italiako selekzio apalaren etxean galdu eta gero (22-21).
Ingalaterrak, agian, ez du beste jardunaldietako bikaintasunik erakutsi Eskoziaren aurka jokatutako partidan. Arrosaren hamabostekoak Twickenhamen jokatu zuen igandean, Eskoziaren aurka. Eskoziarrek ongi eutsi zioten Ingalaterrari —ingelesak pattal ibili ziren ideietan—, baina azkenean onenak irabazi zuen: 22-16.
Guztiz kontrakoa gertatu zitzaion Frantziari, Marc Lievremontek zuzentzen duen selekzioari. 2000. urtean Torneoan sartu zenetik, Italiak lehen aldiz irabazi zion Frantziari. Azzurrien poza ikustekoa zen: munduko kopa irabazi balute bezala ospatu zuten larunbateko garaipena. Frantziarren bisaiak, aldiz, ikustekoak ziren, baina ez preseski pozez txoratzen zeudelako. 2000z geroztik, Frantziak batez beste 46-11ko markagailuarekin irabazi dio Italiari, eta porrota sekulako kolpea izan zen frantziarrentzat.
Lievremont kritika dezente jasota iritsi zen torneora. Oroitu behar da udazkenean Australiak errugbi lezioa eman ziola Frantziari, 16-59 irabazita. Italiaren aurka galduta, Frantziak behea jo du. Torneoaren aurretik, zurrumurruak biderkatu egin ziren Frantziako selekzio barnean zegoen giroari buruz. Anitzek jokalarien eta Lievremonten arteko giro txarra azpimarratu zuten azken asteetan.
Aldaketa arraroak Frantzian
Joan den igandean Lievremontek adierazpen gogorrak egin zituen, jokalarien aurka oso gogor mintzatuta: «Gogoa ematen dit Galesko (Frantziaren hurrengo aurkaria) irudi batzuk prestatu, eta jokalariei bideoa emateko 'orain nahi duzuen bezala egin zazue' erranez. Baina hori egiteko ere ez dira gai...». Asteburuko partidaren ondotik, Frantziako hautatzaileak sei jokalari deialditik atera ditu Galesen aurkako partidarako, tartean Sylvain Marconnet eta Jerome Thion miarriztarrak.
Hautu horrek zur eta lur utzi ditu kazetariak. Italiaren aurka minutu bat bera ere ez zuen jokatu Poitrenaudek, eta deialditik kanpo utzi du. Oso nekez aritu zen, berriz, Yoann Huget baionarra, baina hura taldean mantendu du. Munduko kopa heltzear dela, ez da giro Frantziako selekzioan.
Arrosak irri, oilarrak negar
Ingalaterrak Grand Slam-aren bidean jarraitzen du, eta Frantzia krisi sakonean eta galduta dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu