Arsenalek merezita irabazi du Txapeldunen Liga, Bartzelonaren aurka 1-0 gailenduta. Bigarrenez lortu du Europako talderik onena izatea, 2007an ere eskuratu baitzuen garaikurra. Hemezortzi urte geroago, berriz dastatu du loria. Ingalaterrako taldea ez zen faborito, baina, Mariona Caldenteyk gidatuta, jakin dute nola egokitu neurketak eskatzen zuen horretara. Erresilientzia ariketa bat egin dute, beste behin. Jokalariek hasi eta buka bete dute Reene Slegers teknikariak zehaztutako plana. Fin bete dute gidoia, eta saria eskuratu. Lyonen, Bartzelonaren eta Wolfbusgoren nagusitasuna amaiarazi dute, eta Ingalaterrako liga indarra hartzen ari dela berretsi.
Arsenal ausart zelairatu da, baloia eduki nahian. Slegersek esana zuen hala egingo zutela. Presio estua egin dio Bartzelonari baloi irteeran, eta defentsan ere sendo egon da. Goiko jokalariek ahalegin handia egin dute arlo horretan ere, oraindik fresko zeudela aprobetxatuz. Erasoan, berriz, zuzen jokatu du Arsenalek, eta Foord eta Kellyren bidez arriskua sortu Cata Collen atean.
Deseroso zegoen Bartzelona, eta Arsenalek gola sartu du 22. minutuan. Irene Paredesek sartu du bere atean, Maanumek eskuinetik egin duen erdiraketa bat aldentzen saiatu denean. Epaileak, baina, ez du ontzat eman, Maanume jokoz kanpo zegoen eta. Baina Arsenalek ekinean jarraitu du: zuloak topatu ditu, eta zelai erditik jokalari askorekin iritsi da erasora. Azken hori da Arsenalen ezaugarri nagusia denboraldi honetan. Slegersek zuzentzen duen taldeak beste aukera on bat izan du 26. minutuan. Berriz ere, Maanumek erremate ona egin du area kanpotik, eta Cata Collek kornerrera bidali du baloia, airean.
Dena den, neurketaren norabidea aldatzen hasi da lehen zatiko azken ordu laurdenean. Patri Guijarro, Bartzelonaren jokoaren itsasargia, gehiago sartu da jokoan, eta Alexia eta Aitana Arsenalen arean azaltzen hasi dira. Ez dute aukera argirik sortu, baina gehiagotan aritu dira Arsenalen zelaian, eta bi edo hiru aldiz gerturatu dira Van Domselaaren atera. Golik gabe amaitu da lehen zatia.
Bartzelona nagusi
Bigarren zatiari aginduz ekin dio Bartzelonak. Bizkorrago mugitu du baloia, eta Arsenalek sufritu egin behar izan du. Kataluniarrak maiz iritsi dira aurkariaren atera. Bi aukera argi izan dituzte. 50. minutuan, Bartzelonako erdilariek jokaldi ona egin dute area ertzean; baloia Pinari iritsi zaio, eta hark errematatu egin du. Baina, Foxen jo ostean, langara joan da. 53. minutuan, berriz, Ona Batllek egin du jaurtiketa, eta zutoinaren albotik joan zaio baloia. Aitanak eta Pajorrek ere ez dute aparte izan gola.
Bazirudien Bartzelonak bere legea ezarriko zuela beste behin. Baina usteak erdia ustel. Azken hogei minutuetan, Arsenalek zituen indar apurrak atera ditu. Sufrimendua hauspo bihurtu, eta 70. minutuan abisua eman du. Mapi Leonek huts egin du baloia ateratzean, eta Russok berreskuratu du. Area ertzetik errematea egin, eta Cata Collek hankarekin atera behar izan du. Baina Ingalaterrako taldeak gola sartu du ia segidan. Korner baten ostean izan da. Alexiak ez du ondo aldendu, eta baloia Marionari iritsi zaio. Bartzelonako jokalari ohiak ondo ikusi du Mead, zeina zelairatu berria zen. Erdiraketa egin du Meadek, eta, baloia ondo kontrolatu ostean, gola sartu du, baloia bikain gurutzatuz.
Ordu laurden falta zen partida amaitzeko. Aurkariaren golak hauspoa eman dio Bartzelonari, eta hurrengo minutuetan hobeto ibili da. Bartzelona saiatu da berdinketa lortzen. Hasieran buruarekin jardun dute neurri batean, baina, denborak aurrera egin ahala, bihotzarekin. Dena den, ez du aparteko aukerarik sortu, eta Arsenalek merezita lortu du garaikurra.