Bigarren semetzat dauka Iñaki Artola Jose Luis Zabalak. Besteak beste, Zabalak ia mende laurden darama Alegiako pilota eskola zuzentzen, eta ondo ezagutzen du buruz buruko finalistaren ibilbidea. Oraindik ere gogoan du soilik zazpi urte zituela nola hurbildu zen Artola Alegiako pilotalekura. «Mutiko ilehori hura gogoan daukat. Pilotan jokatzen gozatu egiten zuen, eta ez zen arratsalde-pasa etortzen. Sendoa zen, eta ahaltsua». Zazpi urterekin hasi eta profesionaletan debuta egin arteko bidea Alegiako Intxurre pilota elkartean egin zuen Artolak, eta gaur egun irakasle dihardu bertan. «Beti egon da pilota eskolari lotuta, eta hori ezin dezakegu diruz ordaindu». Horregatik, Alegiako herri osoa bezala, Intxurre elkartean ere prest dira igandeko finalerako. «Merezi du txapel bat, eta ea garaipenarekin biribiltzen duen txapelketa osoko lana».
Alegiar petoa da Artola, Zabalaren esanetan. Txikitatik egon da herriko hainbat elkarteri lotua. Pilotalekura ez ezik, baita bertso eskolara eta futbol zelaira ere. «Pilota eskolan lehenengo belaunaldietako bat izan zen Artolarena, eta oroitzen dut kimuen mailan-eta ez zela besteak baino askoz gehiago. Beste ume batzuk ere bagenituen ongi jokatzen zutenak, baina haurren mailatik aurrera hasi zen batez ere nabarmentzen. Hamabi bat urterekin jauzi ikaragarria egin zuen gora, eta onenen kontra lehiatzen hasi zen». Mutiko gihartsua zen Artola, iristen ziren horietakoa, Zabalak dioenez. «Horregatik, futbolean ere ongi jokatzen zuen, eta atletismoan gauza interesgarri batzuk lortu zituen. Esate batera, Tolosan zur eta lur utzi zuen bat baino gehiago jauziak egiten hasi zenean, eta Bartzelonan ere lehiatu zen Espainiako Txapelketan. Abiaduraz ez zen biziena, baina hanketan halako ahalmena zuenez, jauziak egiten ikusgarri aritzen zen».
Beste kirol batzuk probatu arren, Artola pilotan jokatzera bideratuta zegoen, Zabalaren hitzetan. «Ez zen pilotari teknikoa, baina pilota oso urrun jartzen zuen frontisetik, eta hamabost bat urterako ikusten zitzaion gaitasun handia zuela onenen artean egoteko». Zabalaren semearekin —Beñat Zabalarekin— osatzen zuen bikotea Artolak gazteen mailara arte. «Makina bat bidaia egiten genituen elkarrekin: batzuetan irabaztea tokatzen zen, eta besteetan galtzea». Zehazki, partida galdutakoan Artolak izaten zuen jokaerak harritzen zuen gehien Zabala. «Txapelketa asko jokatzen zituzten elkarrekin Artolak eta nire semeak, eta galdutakoan ez zen sekula umore txarrez egoten. Beti hizketarako prest agertzen zen, umore onez, muturtu gabe. Akaso barrutik eramango zuen, baina beti izan da karisma handiko pertsona, eta oso maitatua».
«Haurren mailatik aurrera hasi zen batez ere nabarmentzen. Hamabi bat urterekin jauzi ikaragarria egin zuen gora, eta onenen kontra lehiatzen hasi zen»
JOSE LUIS ZABALAIntxurre pilota eskolako arduraduna
Maitatua izateko arrazoiak eman ditu Artolak bere ibilbidean. Nabarmentzekoa da, Zabalaren esanetan, Alegiatik gertu bi klub handi izan arren —Amezketako Zazpi Iturri eta Tolosa— beti jokatu nahi izaten zuela Intxurreren izenean. «Zesio sistema erabiliz, Tolosaren izenean jokatzen zuen txapelketa bat edo beste, guk ere harentzat mailarik onena nahi baikenuen. Dena den, fitxa beti mantentzen zuen Intxurreren izenean, eta bere mailako pilotari batek gurekin egon nahi izatea ohorea zen guretzat». Profesionaletan onenekin lehian ari dela ere, Intxurreri lotuta jarraitzen du Artolak. Irakasle dihardu Gorka Altunarekin batera, Jokin Altunaren lehengusu eta botileroarekin, alegia. «Bien artean antolatzen dituzte entrenamenduak, eta oso ongi moldatzen dira. Lehen gehiago haserretzen ziren elkarrekin, baina konfiantza handia dute, eta bikain moldatzen dira».
Frontoian ez ezik, herrian ere jendearengana hurbiltzeko gaitasun handia du Baikoko pilotariak. «Etxetik atera eta plazarako bidean auskalo zenbat aldiz geratzen den jendearekin hizketan! Bospasei aldiz bai gutxienez. Zaharrenekin argazkiak ateratzen ditu, eta haur guztiei kasu egiten die. Inoiz ez du purrustadarik izaten inorentzat; pertsona naturala da, eta jendeak hori asko eskertzen dio».
2021ean, «Artola ondoen»
Alegiarrak ez ezik, beste hainbat pilotazale ere poztuko lirateke Artolak buruz buruko txapela jantziko balu. Lesioen ondorioz, buruhauste franko izan du pilotariak bere ibilbidean, eta txapelak senda ditzake hainbat min. Esaterako, Zabalak gogoan du 2021eko zoritxar hura. «Buruz buruko finalari uko egin beharra oso gogorra izan zen. Oroimenean gordeta dauzkat finalerdiaren ondorengo bi aste haiek. Guregana etortzen zen frontoira probak egitera: batzuetan esaten zuen jokatzeko moduan zegoela, baina errealitatea zen ez zegoela kantxara ateratzeko moduan. Pena handia eman zigun gertatutakoak, baina orduan ere berak egin zion aurre ondoen egoerari. Berak ematen zizkigun animoak guri. Alde horretatik, Artola pribilegiatua da, buruz oso jantzia baita».
Profesionaletan ez ezik, Zabalak gogoan du gaztetan ere izaten zituela lesioak. «Larunbat arratsalde batean Gartzaronen partida zuten nire semeak eta biek, baina goizean futbol partida bat jokatzera joan zen Artola. Esan zigun zati bat jokatuko zuela soilik». Min hartu zuen, ordea. «Jokatzen ari zela, gihar haustura bat izan zuen. Ez dakit zenbat urte izango zituen orduan, hamalau bat edo. Ez da ohikoa adin horretako mutiko batek gihar haustura bat izatea, baina arrazoia izan daiteke beti izan dela oso gihartsua, eta errazago hausteko joera izan duela».
Azken urteetan nabari da konfiantza eta erregulartasuna irabazi dituela Artolak. «Noizbait jo behar zuen kolpea, eta lesioetatik urrun sentitu denean jauzi nabarmena egin du gora. Eskuetatik ongi dago, gorputzak ere bikain erantzuten dio, eta, heldutasun betean dagoenez, pilotari osoa da. Ea finalean poz izugarri bat ematen digun».
