Zorigaitzaren mukurua da inoizko lorpenik handiena egin eta horretaz gozatzeko aukerarik ez izatea. Bada, horixe gertatu zaio Iñaki Artolari. Alegiako aurrelaria (Gipuzkoa) aurreneko aldiz sailkatu zen Lehen Mailako final bat jokatzeko; zein, eta txapelketarik garrantzitsuenarena, buruz burukoarena. Baina ez du jokatuko azkenean. Duela bi aste pasatxo Beñat Rezustari irabazi zion finalerdian eskuin sorbaldaren atzealdeko muskulu zabalean egin zuen lesioak eragotzi dio aukera eder horretaz gozatzea. Hain zuzen ere, Rezustak ordezkatuko du Artola Jokin Altunaren aurkako finalean, igandean, Bilbon, Miribillan.
Gaur eguerdian hartu du erabakia Artolak, hirugarrenez Mikel Sanchez medikuak Gasteizen daukan kontsultara bisita egin ondoren. «Lesioa ondo ari da osatzen, baina ez dago erabat sendatuta. Jokatuko banu, arrisku handia legoke lesioak okerrera egin, eta denbora luzez min hartuta egon behar izateko. Erraza izan da erabakia. Pena da, itxaropena baikenuen. Horregatik saiatu gara ahal duguna egiten. Oso ondo egin ditugu gauzak. Ezin izan da. Ez da miraririk egon. Kito. Oso eskertuta nago Iñigo Simon medikuari; inguruan, laguntzen izan dudan taldeari; eta beste pilotari guztiei, haien babesagatik», esan du Baikoko aurrelariak kontsultatik irten berritan.
Erabaki erraza izanak ez du esan nahi ez denik mingarria izan. «Ez dira egun errazak izan, batez ere aurrenekoak. Beti egiten duzu amets final bat jokatzearekin, eta hori lortu, eta dena da horren ezberdin irudikatzen zenuenarekin. Lehen egunetik hasita: frontoira joan beharrean, medikuarenera zoaz. Ez zen samurra izan onartzea, baina behin zer nuen barneratu nuenean, horretan jarri ginen bete-betean, gauzak ahalik eta ondoen egiteko asmoz. Halaxe egin dugu. Oso lasai nago, eskertuta, eta neure buruarekin lasai, gauzak ondo egin baititugu. Ederra da une honetan sentipen hori izatea. Ez dut damurik. Jarraituko dut lanean ahal den azkarren itzultzeko».
Ez du uste pilotak bat zor dionik. «Ez zait iruditzen pilotak ezer zor didanik. Badakit hitz egiteko modu bat dela, baina niri pilotak ikaragarri eman dit. Ez dut finala jokatzeko aukerarik izango, baina badut barruan halako harrotasun sentipen bat, txapelketa ona egin baitut. Hori hor geratuko da. Ziur naiz buruz indartuta aterako naizela honetatik. Ikaragarria izan da azken egunetan jaso dudan babesa. Sentipena dut final bat galdu dudala, baina beste alderdi batzuetatik galdu dudanaren pareko edo gehiago jaso dudala. Egun gogorrak izan dira, baina baita politak ere, jaso dudan babesagatik. Honetatik ikasten ere saiatuko naiz. Zaila izan arren, saiatuko naiz berriro final batera iristen».
Hemezortzi egun joan dira Artola finalerako sailkatu, eta hura jokatzeari uko egin dionetik. Bakar batean ere ezin izan du gozatu egindakoaz Baikoko pilotariak. Ezta aurrenekoan ere. Rezustari irabazi berritan jada bazuen kezka buruan: mina zuen eskuin sorbaldan. Hark egindako hamazazpigarren tantoan etorri zitzaion oinazea, baina jokatzen jarraitu zuen, ondo jarraitu ere, nagusitasunez irabazi baitzuen: 22-16. Pozik mintzatu zen komunikabideen aurrean neurketa amaieran, baina barrutik oso kezkatuta zegoen. Itxura txarra zuen lesioak. Konturatu orduko, ametsa amesgaizto bilakatu zitzaion.
Berehala hasi zen tratamendua hartzen, baina medikuek argi utzi zioten ez zela bizpahiru astean osa zitekeen lesio arin bat. Eta hark bi aste baino gutxiago zituen. Baina azkeneraino ahaleginduko zen finala jokatzen. Horrenbeste lan egin ondoren, horrenbeste sakrifizio egin eta gero, aurreneko aldiz Lehen Mailako final batera iritsi, eta ez zuen berehalakoan amore emateko inolako asmorik. Horregatik, finala atzeratzeko eskatu zuen duela bi aste, eta Borja Oses Eskuz Pilotako Enpresen Ligako (EPEL) epaile bakarrak onartu egin zion eskaera, eta astebetez atzeratu zuen finala, ekainaren 13tik 20ra. Bazen zerbait, baina gutxi. Oso zaila zuen garaiz osatzea. Eta halaxe izan da azkenean.
Iragarritako erabaki baten kronika izanak ez du arinduko Artolak barruan izango duen mina eta atsekabea. Bazirudien baietz, azkenean izkin egin ziola zorigaitzari, makina bat alditan gora egitea eragotzi dion zorigaitzari. Gozatzen ari zen banakako honetan, eta bikain jokatzen: nagusitasunez utzi zituen bidean Axier Arteaga, Asier Agirre, Mikel Urrutikoetxea eta Rezusta. Baina ezin betirako uxatu iraganeko mamuak. Bueltan etorri zaizkio, eta modurik krudelean. Kolpe latza da, inoiz ahazten ez diren horietakoak. Gaurtik pilota zorretan dago harekin. Final bat zor dio.
Bengoetxea izan zen azkena
Artola ez da final baterako sailkatu, eta jokatu ezin izan duen lehena. Horrelakoak gertatu izan dira. Oinatz Bengoetxea izan zen azkena, 2015ean. Leitzako (Nafarroa) aurrelariak min hartu zuen Aimar Olaizolaren kontra jokatu beharreko finalerako entrenatzen ari zela: ezkerreko eskuko hatz adierazlea hautsi zuen. Bi asteko atzerapena eskatu zuen, eta EPELeko epaile bakarrak onartu egin zion eskaera. Alferrik. Berehala konturatu zen Bengoetxea VI.a ezinezkoa zela garaiz osatzea, eta uko egin zion finala jokatzeari. Mikel Urrutikoetxeak ordezkatu zuen, Juan Martinez de Irujok uko egin baitzion hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatzeari. Denbora luzez bete-betean entrenatu gabe egon arren, Zaratamokoak (Bizkaia) final bikaina jokatu zuen, eta 22-19 irabazi zion Olaizola II.ari, Bilbon.
Begiak itxita sinatuko luke Rezustak halako zerbait egitea. Lankide baten zorigaitzari esker izan bada ere, Bergarako (Gipuzkoa) atzelaria lehen aldiz ariko da Lehen Mailako buruz buruko final batean —2014ko Bigarren Mailakoa banakako txapela jantzi zuen, finalean, Ibai Zabalari irabazita—. Hori eginda, gainera, atzelari batek txapela lortzeko aukera izango du, azkenekoz hori egin eta hamahiru urte geroago. Abel Barriola izan zen azkena, 2008an, baina leitzarrak galdu egin zuen Bengoetxea VI.aren aurka. Patxi Ruiz da buruz burukoa irabazi duen azken atzelaria: lizartzarrak 2003ko finala irabazi zion Olaizola II.ari.
«Pena» du Rezustak azkenean Artolak ez baitu jokatuko: «Laguna dut, eta ez dut harentzako ezer txarrik nahi. Baina lesioak kirolaren parte dira, eta hari tokatu zaio oraingoan. Niretzat aukera ederra. Gauza handia da buruz buruko final bat jokatzea. Saiatuko naiz aprobetxatzen. Ez dut lan erraza izango, ikusgarri ari baita Jokin. Baina gustura eta gogoz ari naiz entrenatzen. Ea ondo ateratzen den», esan du gaur.
Azaldu duenez, «adi» egon da azken bi asteetan, ea zer gertatzen zen; adi, bai, baina baita «lasai» ere: «Nire entrenamenduak egiteko aukera izan dut. Eskuz ondo nago, ez dut minik. Gainera, esana nuen finalarekin zer gerta ere, jokatuko banu bezala hartuko nituela bi aste hauek. Ez dago aitzakiarik. Oso motibatuta nago, gutxitan baitaude halako aukerak. Finalean baldin banago, hirugarren geratuko naizelako da».
Erronka latza du Altuna III.aren aurka jokatuta. Baina badaki hari buruz buru irabaztea zer den. Elkarren aurka jokatutako aldi bakarrean izan zen, 2017an, final-laurdenetan: 22-14. Aurten, bergararrak aise irabazi zien Bengoetxea VI.ari (22-14) eta Danel Elezkanori (22-8). Artolak itxi zion atea. Baina haren lesioak eta hirugarren eta laugarren posturako partidan Jose Javier Zabaletari irabazi izanak leiho bat ireki diote, eta aprobetxatu egin nahi du, eta ustekabea eman: «Latza litzateke txapela irabaztea. Baina egunez egun joan nahi dut, eta eguneroko lanean gozatzen saiatzen. Ea igandera ondo iristen naizen, eta nirea ematerik dudan».