Artolak izan du azken hitza

Artolak sailkatzeko aukera du oraindik, Elordiri irabazi ondoren (18-22). 16-10ekoa irauli du

Iñaki Artola, iragan denboraldiko Lau eta Erdiko Txapelketan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
pettan uralde
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Iñaki Artolak eskuratu zuen atzoTafallako Ereta pilotalekuan jokoan zegoen puntu garrantzitsua, Aitor Elordi 18-22 mendean hartuta. Garaipena inork espero ez zuenean eraman zuen Alegiakoak, 16-10eko markagailua 2-12ko partzialarekin irauli zuenean.

Finalerdietarako sailkatzeko aukera izateko puntua jokatu zuten atzo Iñaki Artolak eta Aitor Elordik. Bi pilotariek galdu egin zuten lehen jardunaldiko partida, eta hau galtzea txapelketari ia agur esatea litzateke. Elordik uda gorabeheratsua izan du, baina gorantz doa pixkanaka. Artolak ere uda zaila izan du, baina Altunari estutu ederra eman zion lehen partidan. Apustuak buruz buruko txapeldun ohiaren alde zeuden, baina partida gogorra espero zen, eta hala izan zen.

Lehendabiziko tantotik utzi zuten hori argi. Hasiera-hasieratik, berotu ederra eman zioten gorputzari, eta 24 pilotakadarekin amaitu zuten lehen tantoa. Ondoren, sakeek hartu zuten protagonismoa, sakeak txarrak izan baziren ere. Agian, lehen tanto horren gogortasunagatik iritsi ziren akatsak, baina bi pilotariek sake pare bat galdu zituzten lehen aukera horietan. Lehenik bana, gero bina, bosna, seina, eta zazpina ere izan ziren partida hasieran. Berdintasun hori puskatu ezinik aritu ziren bi pilotariak, baina ez batak ez besteak ez zuen deseroso itxurarik hartu-eman horretan.

Elordi azkenaldian baino biziago aritu zen atzo, baina sakean ez zuen bereziki asmatu, eta ukitu erabakigarri hori falta zitzaion. Berriatuakoaren menpe zeuden tanto asko, abiadura handia ematen baitzion pilotari, baina ez zuen mozten asmatzen. Artola, ordea, defentsan gehiago ari zen, eta momentu batzuetan tantoa arriskatzen. Fresko ere nabaritzen zitzaion momenturen batean, baina bere huts batzuek arnasa eman zioten Elordiri.

Lehenik 10-16, eta ondoren 13-18. Elordik poltsikoan zuen garaipena, eta eroso ikusten zitzaion aurrea hartuta. Baina Alegiako pilotaria ez da amore ematen duten horietakoa, eta azken hitza esateko zuen oraindik. Dena kontran zuela, sakea lortu, eta konbentzimendu osoz hasi zen jokatzen. Elordik nekatua zirudien, eta pilotaren atzetik luzaroan izan zuen Artolak. Suspertzeak ez zuen amaiera izan, eta 9-0 ko partzialarekin amaitu zuen Iñaki Artolak partida. Bederatzi tanto, eta, gainera, oso denbora gutxian.

Finalerdiak bideratuta

Modu horretan, bizirik iritsi da multzoko faseko azken jardunaldira Artola. Ez, ordea, Elordi. Ezinezkoa dirudien karanbola beharko du buruz buruko txapeldunak. Gaur (17:00, ETB1), Peñak Altunari irabaz diezaion itxarotea baino ez zaio geratzen, eta modu horretan izango du finalerdietara sartzeko aukera txikiren bat. Oso zaila, nolanahi ere, kontuan hartuz gero horretarako Altuna oso bati nahitaez irabazi beharko liokeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.