Kasper Asgreen (Education First) danimarkarra gailendu da Italiako Giroko hamalaugarren etapan. Ihes egin duen taldean egon da etaparen hasieratik, eta helmugarako sei kilometro falta zirenean egin du eraso. Inor ez da gai izan danimarkarra harrapatzeko, eta bakarrik sartu da helmugan. Haren atzetik, hamasei segundora, hamasei txirrindulariko talde bat helmugaratu da, tartean zela Isaac del Toro liderra (UAE).
Ezustekoa izan da. Ibilbide luzea eta laua zuten txirrindulariek gaur, eta ez zen gorabehera handirik espero, baina, kilometro gutxi batzuk falta zirela eroriko bat izan, eta horrek hankaz gora jarri du sailkapen nagusia. Isaac del Torok du maglia arrosa oraindik, baina aldaketa ugari izan dira: Simon Yates (Visma) bigarren jarri da, liderrarengandik minutu bat eta hogei segundora; Juan Ayuso (UAE) hirugarren postura jaitsi da, eta liderrarengandik minutu bat eta 26 segundora geratu; eta Richard Carapazek (Education Firts) laugarren postua lortu du —liderrarengandik bi minutu eta zazpi segundora dago—. Primoz Roglicek (Red Bull) eutsi egin dio bosgarren postuari, eta Isaac del Tororengandik bi minutu eta 26 segundora jarri da. Beraz, italiarra are sendoago dago orain lidergoan, eta gainontzeko faboritoei alarma piztu zaie.
Helmugarako 23 kilometro falta zirela gertatu da erorikoa. Errepidea bustita zegoen ia ibilbide guztian. Bihurgune baten ostean bidea estutu egin da, eta, ondorioz, tropelak ere estutu egin behar izan du. Horren ondorioz, hainbat txirrindulari erori dira, eta, horrek, besteak beste, Roglici edo Ayusori eragin die, harrapatuta geratu baitira. Beraz, hainbat faboritok denbora dezente galdu dute erorikoaren ondorioz. Isaac del Torok, ordea, ez. Italiarra ez da erori, eta, batzuek denbora galdu dutenez gero, lidergoan finkatu da.
Erorikoak Lidl-Trek taldean eragin du kalterik handiena, eta tartean izan da Giulio Ciccone. Gaurko etapa jokatu baino lehen, italiarra zazpigarrena zen sailkapen nagusian, baina, erorikoaren ondorioz, 27. posturaino jaitsi da. Beraz, agur esan dio sailkapen nagusiko ametsari. Pello Bilbaori (Bahrain) ere eragin dio ezustekoak.
Txirrindulariek 195 kilometro egin behar zituzten gaur, Trevison hasi eta Nova Goricara iritsi arte. Ibilbidea laua zen, eta espero zen etapa lasaia izatea, baina euripean ibili dira txirrindulariak, errepidea bustita zegoela. Erorikoaren ostean, Asgreen izan da protagonista nagusia, eta indar betean ihes egin du, kaosa atzean utzita. Danimarkarrak lortu du Nova Goricako helmugan besoak altxatzea. Duela bi urte eskuratu zuen Asgreenek bere azken garaipena, eta pozarren ospatu du behin helmuga zeharkatuta.
Danimarkarra ez da askorik nabarmendu orain arte, baina, gaur, erasoa jotzeko aukera ikusi bezain pronto ihes egin du, atzean utzita bai ihesaldian harekin zihoazenak —Martin Marcellusi (Bardiani) eta Mirco Maestri (Polti VisitMalta)— eta bai faboritoak
Biharkoa, aldapatsuago
Aurtengo Italiako Giroko hamabosgarren etapa izango da biharkoa. Baliteke etapa erabakigarria izatea. Txirrindulariek 219 kilometroko ibilbidea egingo dute Fiume Veneto eta Asiago artean. Tartean, Grappa mendia eta Doni mendateak igo beharko dituzte. Mendiko etapa da biharkoa, sailkapen nagusia nabarmen aldarazi dezaketen horietakoa. Gaur-gaurkoz liderra Isaac del Toro den arren, Juan Ayusok, Simon Yatesek eta Primoz Roglicek ez dute azken hitza esan oraindik. Are gehiago, gaurko erorikoaren ostean, ikusteko dago faboritoek nola erantzungo duten, bai buruz eta bai sasoiz.