Gauza asko argituko dituen derbia

Alaves eta Reala behar handia dutela iritsi dira euskal derbira. Babazorroek jaisteko postuetatik atera nahi dute, eta txuri-urdinek Europara joateko postuetan sartu.

Realeko eta Alaveseko jokalariak, Anoetan, lehen itzuliko partidan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Realeko eta Alaveseko jokalariak, Anoetan, lehen itzuliko partidan. ANDONI CANELLADA / FOKU
2025eko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sei jardunaldi falta dira Espainiako Liga bukatzeko, eta aurrerantzean lortutako emaitzak erabakigarriak izango dira hurrengo denboraldian talde bakoitzak zer txapelketa jokatuko duen jakiteko. Alavesek Lehen Mailan jokatu nahi du hurrengo sasoian, eta txuri-urdinek Europako txapelketa batera sailkatu nahi dute seigarren aldiz jarraian.

Alavesek Reala jasoko du Mendizorrotzan Espainiako Ligako 33. jardunaldian, 21:30ean (ETB1). Babazorroak lehen itzuliko emaitza errepikatzen saiatuko dira, 1-2 irabazi baitzuten Anoetan; donostiarrek, berriz, etxetik kanpoko bolada onari segida eman nahi diote. Denboraldiko bederatzigarren euskal derbia izango da.

Gasteiztarrak Bigarren Mailara jaisteko postuetan kokatu ziren azken jardunaldian: hemezortzigarrenak dira, 31 punturekin. Eduardo Coudeten taldeak 1-1 berdindu zuen Sevillaren aurka, baina Las Palmasek aurreratu egin zuen, eta puntu batera du. Kanariarrek beren azken bi partidak irabazi dituzte; Getaferen eta Atletico Madrilen aurka, hurrenez hurren. 

Espanyol eta Valentzia urrundu dira jada beheko postuetatik; Girona, ordea, Alavesen arerio zuzen berria bilakatu da, haien bolada txarra dela eta. Katalanek 34 puntu dituzte, eta Leganesek, beste arerio zuzenak, 29.

Alavesek emaitza hobeak lortu beharko ditu etxean Lehenengo Mailan jarraitu nahi badu. Arabarrek zazpi partida galdu dituzte Mendizorrotzan; aldiz, lau neurketa soilik irabazi dituzte, eta beste lau berdindu. Etxean puntu gutxien lortu dituen bigarren taldea da, Valladoliden ostean. Izan ere, Rayo Vallecanok 0-2 eta Real Madrilek 0-1 irabazi zioten Gasteizen jokatutako azken bi partidetan.

Coudetek jokalari bakarra utzi du deialditik kanpo: Abdel Abqar. Min hartuta dago, eta denboraldi amaierara arte ez da osatuko. Puntuak eskuratzeko «beharra» dutela aitortu zuen atzo teknikariak, eta ziurtatu partida irabazten saiatuko direla, nahiz eta parean «aurkari indartsua» izan. «Mendizorrotzako dinamika aldatu behar dugu, puntu asko galdu ditugu etxean. Espero dugu Realaren aurka hastea hirunaka batzen».

Lehen derbia irabaztera

Realak sentipen hobeak dituela bukatu nahi du Espainiako Liga. Mallorcaren aurkako porrot gogorraren ondoren, berdinketa baliotsua lortu zuen Vila-realen aurka. Bederatzigarrena da Espainiako Ligako sailkapenean, eta jada badaki zortzigarren sailkatua Konferentzia ligara joango dela, eta zazpigarrena Europa ligara. Gipuzkoarrek puntu bakarrera dute Celta, eta bi puntutara Mallorca.

Txuri-urdinek euskal derbi guztiak galdu dituzte sasoi honetan. Alavesek 1-2 irabazi zion Anoetan —Oiartzabali lehen zatian ateratako txartel gorriak zehaztu zuen neurketaren emaitza—; San Mamesen ere 1-0 galdu zuen derbia; eta Osasunak bi aldiz garaitu du Reala: 0-2 Anoetan eta 2-1 Sadarren.

Arsen Zakharyan, Igor Zubeldia, Nayef Aguerd eta Alvaro Odriozola ez dira Gasteizera joango. Osatu dira eta deialdian daude, berriz, Ander Barrenetxea eta Orri Oskarsson. Imanol Alguacilek atzo adierazi zuen Alavesen aurkakoa partida «berezia» izango dela, eta aitortu «zailak» direla Mendizorrotzan jokatutako neurketa guztiak. Hala ere, hiru puntuak poltsikoratu nahi dituztela azpimarratu zuen.

Las PAlmas, Europa baino lehen

Athleticek Las Palmas jasoko du gaur San Mamesen, 19:00etan (Movistar+). Zuri-gorriek luzapenean galdu zuten Bernabeun, baina Vila-real bost puntutara dute oraindik, eta Betis sei puntutara. Bilbotarrek astebeteko atsedena izango dute Manchester Uniteden aurkako finalerdia prestatzeko. Badakite ligako bosgarrena ere Txapeldunen Ligara sailkatuko dela eta laugarren sailkatuak Espainiako Superkopa jokatuko duela.

Las Palmas bolada onean dator Bilbora. Azken bi neurketak irabazi ditu, eta Bigarren Mailara jaisteko postuetatik atera dira. Puntu bakarraren aldea ateratzen dio Alavesi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.