Pasioz hitz egiten du futbolaz Naia Landaluze Athleticeko jokalariak (Orozko, Bizkaia, 2000). Harentzat «izugarria» da San Mamesen jokatzea. Hain zuzen, gaur lehiatuko dira bertan, Atletico Madrilen aurka (17:00, DAZN). «Jendea animatzen dut goizean Korrikara joan eta arratsaldean gure partida ikustera etortzera; plan bikaina da», adierazi du.
Nolako partida espero duzu?
Atletico Madril irregular samar ari da denboraldi honetan. Goiko postuetan dena parekatuta dago, eta partida interesgarria izango da. Soilik sei puntura ditugu, eta guretzat erronka handia da. Gainera, Katedralean jokatuko dugu; agertoki ezin hobea da. Ondo zelairatu behar dugu, sendo aritu, eta dena eman. Baloiarekin hobeto edo okerrago arituko gara, baina, jarrerari eta erritmoari dagokionez, ezin digute irabazi.
Non egongo da irabazteko gakoa?
Adi eta burutsu aritu beharko dugu defentsan, sendo, eta atzetik hasi behar dugu jokoa osatzen. Hobe da hori milioi bat gauza egiten saiatu eta ezer ez egitea baino. Atzean irmo egon behar dugu, eta, hori lortuta, erasoan aterako dira gauzak.
Hain justu, azken partidetan gorabeheratsu aritu zarete, eta zenbait neurketatan gol dezente sartu dizkizuete.
Bai, tira. Azken partida Bartzelonaren aurkakoa izan da. Aurrekoan, hala ere, atea hutsean mantentzea lortu genuen, eta horixe nahi dugu. Atzean sendo egon nahi dugu denboraldia amaitu arte.
Kostatzen ari zaizue jarraitutasunez aritzea. Zer falta zaizue?
Berandu hasi genuen sasoia; denboraldiaurrean jokalari askok hartu zuten min, eta horrek moteldu egin zuen dena. Lasai hartu behar dugu. Ez dugu zoratu behar baloia dugunean, eta defentsan sendoago aritu behar dugu. Hori behar dugu.
Sailkapenean erdialdean zaudete. Zein da taldearen helburua?
Partida asko falta dira; 21 puntu daude jokoan, eta bosgarrena gertu dugu. Partidaz partida joan behar dugu. Orain Atletico Madrilen aurkako lehian jarri behar dugu arreta osoa, gero Levanteren aurkakoan... eta horrela denboraldia amaitu arte. Horrek emango digu modua goiko postuetan amaitzeko.
Ekainera arte duzu kontratua. Hitz egin duzu klubarekin? Segitzea gustatuko litzaizuke?
Egunerokoaz gozatzen segitu nahi dut. Oso gustura nago taldekideekin, entrenatzaile multzoarekin... guztiarekin. Entrenamenduez gozatzen jarraitu nahi dut, eta partida guztietan dudan onena eman, orain arte egin dudan bezala. Etorkizunean zer gertatuko den, ikusiko da.
2021ean egin zenuen debuta lehen taldearekin. Nolakoak izan dira urte hauek?
Askotan ez zara ohartzen edo denbora pasatzen uzten duzu, baina ni oso kontziente naiz, eta balio handia ematen diot hemen egoteari. Niretzat izugarria da klubak eta entrenatzaileak nigan konfiantza izatea. Lan handia egin dut honaino iristeko, eta hala segituko dut.
Talde gaztea duzue, eta harrobiko jokalari asko. Ondo egindako lanaren fruitua da?
Bai. Eta zaila da hain gazteak izanda halako liga lehiakor batean goiko postuengatik lehian aritzea. Horri ere balioa eman behar zaio. Klubak harrobikoen aldeko apustua egin du, eta Athletici horrek ematen dio jaten. Hori sustatu behar da.
«Gustatuko litzaidake trebatzen segitzea egunen batean NASAn lan egin ahal izateko»
Datuen Zientzia eta Adimen Artifiziala graduko lizentziaduna zara. Futbolean ere estatistikei erreparatu ohi diezu?
Nire estatistikak ikusi ohi ditut zenbait gauzatan hobetzeko, baina, futbolari dagokionez, ez zait asko gustatzen nola erabiltzen ari den adimen artifiziala. Uste dut oso erreminta ona dela, baina ez da erabili behar beste probetxu batzuetarako. Iaz bukatu nuen, eta orain biologiaren adarrari ekin diot. Asko interesatzen zait gaixotasunen inguruan ikertzea, eta uste dut adimen artifiziala erreminta oso ona izan daitekeela. Ez zaio beldurrik izan behar, baina kontrolatu behar da, eta errespetatu.
Ikasketak futbolarekin uztartzen segitzeko asmoa duzu? Nola daramazu?
Orain Internet bidez ari naiz masterra egiten, eta aldea da. Bost urtez egin dut aurrez aurreko karrera, eta ez da erraza izan: bilerak egin, arratsaldeetan joan... Laguntzen dizute, baina ez hainbeste. Azkenean, lortu dut bukatzea. Ahal dudan heinean ikasten segituko dut; eta, egunen batean futbola uzten badut ere, ikasten jarraitu nahi nuke, lanarekin uztartuta.
Zein dira zure ametsak kirol arloan eta hortik kanpo?
Egunerokoaz disfrutatzen segitu nahi dut. Entrenatzeak zoriontsu egiten nau, eta ez dut nahi alaitasun hori galtzea. Eta gustatuko litzaidake trebatzen segitzea egunen batean NASAn lan egin ahal izateko. Izugarri gustatuko litzaidake NASAn ikertzen lan egitea. Eta bestela, gustatuko litzaidake laborategi batentzat minbiziaren inguruan ikertzea. Lehenik, ikasi, eta gero gerokoak.
Denboraldi honetan hirugarren aldiz jokatuko duzue San Mamesen. Aurreko bi partidak galdu egin dituzue. Hirugarrena balekoa izatea nahi duzue?
Bai, eta hala izango da, seguru nago. Gainera, egun zoragarria da. Jendea animatzen dut goizean Korrikara joan eta arratsaldean gure partida ikustera etortzera; plan bikaina da.