Baikoko pilotaria

Jon Ander Albisu: «Asko falta da, baina buruak esaten dit honek itxura polita duela»

Inor baino hobeto ari dira Laso eta Albisu: lider dira, zortzi partidetatik zazpi irabazita. Hiru garaipenen aldea ateratzen diote bigarren bikoteari. «Gozatzen ari gara», azaldu du Albisuk.

Jon Ander Albisu. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jon Ander Albisu. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 8a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Partidak eta entrenamenduak direla eta, nahi baino denbora gutxiago igaro du Jon Ander Albisuk (Ataun, Gipuzkoa, 1990) etxekoekin Gabonetan. Baina aprobetxatu du. Gainera, eguneroko lanak eta ahaleginak saria izan du, hura eta Unai Laso ikusgarri baitabiltza: zazpi garaipen lortu dituzte binakako txapelketako ligaxkako lehen zortzi jardunaldietan. Bakar-bakarrik daude lidergoan.

Zer sentitzen duzu sailkapenari erreparatzen diozunean? Bakar-bakarrik zaudete lidergoan.

Lasaitasun pixka bat sentitzen dut: zortzi partidetatik zazpi irabazi ditugu. Garrantzitsuena kantxan gustura aritzea da, eta Unai eta biok oso gustura ari gara. Bikote gisa oso ondo moldatzen gara, eta kantxan agerian geratzen ari da hori. Badakigu une aldrebesak izango ditugula, baina orain arte, gozatzen ari gara.

Bitxia da sailkapena: zuek lehen postuan zaudete, zazpi garaipen lortuta; beste sei bikotek, berriz, lau dituzte; eta, azkenik, Peio Etxeberriak eta Rezustak, puntu bakarra dute. Hori kontuan hartuta, meritu handiagoa du lortu duzuenak?

Abantaila ederra dugu. Estuxeago ibili izan gara, baina Josek-eta [Zabaletak eta Elordik] eta Mariezkuk-eta (Mariezkurrenak eta Larrazabalek] bi partida galdu dituzte. Sei bikote daude berdinduta, lau garaipen lortuta; saltsa polita dago hor. Gu pozik gaude hiru garaipenen aldea lortu izanagatik: gertu ditugu finalerdiak. Baina badakigu lo hartuz gero bizpahiru partida galdu eta berriro saltsa horretan sar gaitezkeela. Tentsioari eutsi behar diogu, eta goian eusten saiatu. Egun, gora begira gaude.

Zertan ari zarete ondoen?

Oso ondo ari gara bikote moduan: batek laguntza behar duenean besteak oso ondo laguntzen dio. Horrez gain, mesede egin digu partidetan aurretik hasteak; horrek konfiantza eta lasaitasuna ematen du.

Inor baino hobeto aritu zarete, eta, batez ere, inor baino erregularrago.

Txapelketa honetan opari gutxien egiten duenak aukera gehiago du partidak irabazteko, eta, orain arte, Unai eta biok opari gutxi egiten ari gara: hiruzpalau partidako. Horrela jarraituz gero, goian eutsiko diogu.

Nola lortzen da hain opari gutxi egitea?

Unaik dauka opari gutxi egitearen meritua: sekulako txapelketa egiten ari da, eta, lesio bat osatu berritan, erakutsi du zein kasta handia duen. Lehen partidatik ari da ikaragarri, eta niri horrek lasaitasuna ematen dit. Asko laguntzen dit: pilota zail asko kentzen dizkit. Ni saiatzen naiz txokoa zaintzen, baina, askotan, Unaik ez du horren beharrik, aise iristen baita. Horri guztiari esker, ni osoago iristen naiz partida amaierara, neke gutxiago pilatuta, eta opari gutxiago egiten ditut.

Lasok tanto ederrak ez ditu aurrean bakarrik egiten.

Ez, lan zikin asko egiten du. Lau eta erditik edo bostetik pilota jotzen duenean, jo bakarrik ez, min egiten du, aurrelaria atzeratzen baitu, eta ez du aukerako pilotarik uzten. Pilotari bikaina da Unai. Ez dut harekin asko jokatzeko aukerarik izan, eta, orain, harekin ari naizela, asko ari naiz gozatzen.

«Opari gutxi egiten ari gara: hiruzpalau partidako. Unaik [Lasok] du horren meritua: ikusgarri dabil»

Lesio luzea izan eta osatu berritan ari da. Ezustean harrapatu zaitu horren ondo aritzeak?

Txapelketa jokatu aurretik bi entrenamendu egin nituen harekin, eta ondo ikusi nuen. Aldakan ebakuntza egin ziotenean ere bete-betean itzuli zen. Bazuen kezka ea erritmoa hartuko zuen, baina ikusi da zein maila eta kasta duen; lehen partidatik eman du bere onena.

Zer-nolakoa da harekin txapelketa bat jokatzea?

Unai sekulako mutila da: inorekin ez da gaizki moldatzen, eta, kantxan, jartzen duzunarekin jartzen duzula, beti da kide ederra, beti dabil animatzen. Eta kantxatik kanpo oso irekia da. Jendeak asko maite du.

2021ean, Baikotik kanpo geratu zenean, zurekin jokatzen ari zen binakakoa. Finalerdietan ari zineten. Ordukoa etortzen zaizu burura?

Tarteka bai. Orduko hartan ezin izan genuen txapelketa bukatu. Gero, pasatu zena pasatu zen. Ez ziren izan garai gozoak, ez harentzat, kanpoan geratu baitzen, ez guretzat, borrokan aritu baikinen. Baina guztiari aurre egin, eta hemen gaude biok, disfrutatzen. 

Erdizka geratu zitzaizuen hura bukatu nahi duzue?

Bai, baina hau luzea da. Garrantzitsuena da ondo ari garela eta helburua betetzen ari garela: astez aste gure onena ematea. Hasieratik esan genion elkarri horrela arituz gero goian ibiliko ginela. Eta hori betetzen ari da. Agian, ez genuen espero horren ondo aritzea. Baina oso ondo ari gara, eta horri eutsi behar diogu. 

Laso ikusgarri dabil. Eta zu, nola ari zara zu?

Oso ondo ari naiz. Beti izan naiz pilotari irregularra: dezentetan egiten nuen kale, eta, horren ondorioz, partidak galtzen nituen. Baina, txapelketa honetan askoz hobeto nabil, opari gutxiago egiten. Unairi esker da hori. Gora egin dut.

Zera entzuten da pilotazaleen artean: «Ea Albisuk behingoz txapela irabazten duen. Merezi du». Zuk ere entzun duzu hori?

Bai, gehienbat herrian. Badago gogoa txapela ekartzeko. Ni saiatuko naiz ekartzen. Oraingoz, ondo doaz gauzak, baina urruti dago. Ea gure maila emanez lortzen dugun txapela irabaztea. 

«Beti izan naiz pilotari irregularra, baina txapelketa honetan askoz hobeto nabil. Unairi esker da hori. Gora egin dut»

Ilusioa egiten dizu pilotazaleei hori entzuteak?

Bai, baina presio pixka bat ere eragiten dit. Oinak lurrean ditugu, eta badakigu non gauden: eskailerak igotzeko eta jaisteko dira, eta noiznahi har dezakezu muturrekoa.

Itxura ona hartzen diozu?

Asko falta da, baina buruak esaten dit itxura polita duela: oso ondo ari gara.

Igandean duzue hurrengo partida, Gasteizen, Erik Jakaren eta Martxel Iztuetaren kontra. Zer itxura hartzen diozu?

Partida zaila da. Martxelek kolpe freskoa du, eta ematen dionean, nagusi da; Jakak, berriz, min handia egiten du haren atzelaria nagusi denean, erraz egiten ditu hamar bat tanto. Ogeta hobea da eraso egiteko defendatzeko baino. Beraz, erritmoa ezartzen duen bikoteak aukera asko izango du irabazteko. Ea guk lortzen dugun erritmoa ezartzea.   

Unaik eta zuk astebeteko atsedena izan duzue. Eskertu egingo duzue?

Bai, noski, astebete eskasean hiru partida jokatu baikenituen. Zorionez, eskuek ondo eutsi zuten, eta jokatzeko gai izan ginen. 

Zer nabarmenduko zenuke txapelketari buruz?

Harrituta nago zenbat jende dabilen frontoietan. Gozamena da horrela jokatzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.