Lander Lasa. Lagun Aroko jokalaria

«Asko ikasten da aurrean ditudan jokalariei begira»

BERRIA.
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Kopan ariko da hurrengo astean Lagun Aro Gipuzkoa Basket, bere historian lehen aldiz. Lander Lasa Lagun Aroko jokalariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1988) BERRIAren Andoaingo egoitzan bertan erantzun zien atzo www.berria.info-ko irakurleek egindako galderei.

Aupa, Lander. Bigarren urtea da zuretzat ACB ligan. Aurreko sasoian nahiko gutxi jokatu zenuen, eta orain ere minutu asko ez. Erraza al da eustea, ez etsitzea aulkian hainbeste minutu pasatuta? Rafa Talaveron

Minutuak edukitzea beti da zaila. Lagun Aroko jokalariak oso ondo ari dira jokatzen denboraldi honetan, eta, ni gaztea naizenez, ikasten ari naiz. Saskibaloia asko maite dut, eta etsitzea ez da ona. Nahiago dut lanean jarraitu, eta, batez ere, ikasten jarraitu.

BERRIAko elkarrizketa batean irakurri nuen Jimmy Baronekin harreman ona duzula, hobetzen laguntzen dizula. Nolakoa da egunerokoan? Izar bat sentitzen al da, edo pertsona normala al da? Manute Bol

Lehengo denboralditik hona asko aldatu da Jimmy Baron. Konfiantza eta pisu handiagoa du taldean. Baina pertsona modura lehengoa da, eta niri oraindik ere laguntzen dit egunero. Horregatik da hain jokalari ona.

Zein jokalarik harritu zaitu gehien ACB ligan? Eta Lagun Aron? Saskiratzea

ACB ligan, gehien Juan Carlos Navarrok. Ez du ematen oso ona denik, baina jokoari antzematen eta ikuskizuna ematen beti da onena. Lagun Aron, berriz, denboraldi honetan Andy Pankok harritu nau gehien; batez ere, hiruko gehiago sartzen ari delako.

Zer ezberdintasun nabaritu duzu Pablo Lasoren eta oraingo zuen entrenatzaile Sito Alonsoren artean? Unai Lopetegi

Pablo Lasok beste saskibaloi mota bat ikusten du. Alonsok defentsan du bere indargunea, eta horregatik nabaritzen da aldaketa handiagoa taldean. Dena dela, bi entrenatzaileak oso onak dira.

Jokatzen ikasten omen da, eta zuk jokatu gutxi jokatzen duzu. Zer ikasten da aulkian eserita egonda? Kobe Bryant

Egunerokoan ikasten da aulkian egonda baino gehiago. Asko ikasten da aurrean ditudan jokalariak defendatuz eta haien jokoa ikusiz.

Bi urtean apenas jokatu duzun. Zuretzat ez litzateke hobeto izango maila apalago batean jokatzea? Iraurgin, adibidez? Txapela

Maila apalago batean jokatzeko aukera izan nuen, Iraurgin. Baina Sito Alonsorekin hitz egin, eta nigan erabateko konfiantza zuela esan zidan. Orduan, Lagun Aron geratzea erabaki nuen. Beti egongo da Iraurgin jokatzeko denbora.

Koparako zer pronostiko? Igeldo

Ahal den borroka gehien egiten eta partida bat irabazten saiatuko gara gu. Final-laurdena Baskoniaren kontra izango dugu. Talde gogorra da, jokalari bikainak ditu, baina gure lana haiei lanak ematea izango da. Ea, ustebakea emanez, irabaztea dugun.

Tolosakoa zara, eta inauterien hasieran behintzat Bartzelonan izango zara, Kopan. Gero parrandarik bai? Triangelu

Ez dakit parrandarik egingo dudan, baina egunen bat gozatzeko aukera izango dudala espero dut. Ea egun hori igandea edo astelehena den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.