Aspaldiko partez, borrokarako prest

Azken bi ekitalditan lehiatu gabe geratu ostean, Iraitz Arrospide igandean itzuliko da Behobia-Donostiara. Hirutan egon da podiumean, baina, oraindik sasoi betean ez dagoenez, «presiorik gabe» aterako da.

Iraitz Arrospide atleta, atzo, Belauntzan. Igandean, Behobia-Donostian lehiatuko da berriz. GORKA RUBIO / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Igandean 30.000 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute Behobia-Donostia lasterketan. Ia erdiek, korrikalarien %48k, aurreneko aldia izango dute Gipuzkoako lasterketarik entzutetsuenean. Haientzat ez ezik, podiumean hiru aldiz egon den Iraitz Arrospiderentzat ere (Villabona, Gipuzkoa, 1988) berezia izango da aurtengoa, 2019az geroztik ez baita izan Behobiako irteera marran: «Urte batzuk galdu ditut hor tartean. Beti izan da berezia lasterketa hau, eta urte batzuen ostean itzultzea polita da niretzat».

Pubiseko lesio bat tarteko, nahi baino denbora gehiago eman du geldirik Realeko atletak azken bi urteotan. Sendatzen zaila den lesioa pubalgia, ez baitago jakiterik guztiz ondo noiz osatuko den kirolaria. Behin eta berriz minez ibili eta gero, guztiz hautsi zen giharra: «Denbora luzez gelditu behar izan nuen. Ebakuntza egitea pentsatu genuen, baina, azkenean, ebakuntzarik gabe, fisioterapia bidez egitea erabaki genuen. Presarik gabe, poliki-poliki, maila on batera itzuliko nintzen jakin gabe».

Urri amaieran Donostiako Salto 15K Klasikoa irabazi zuen Arrospidek, eta onartu du bertan ondo sentitu zela. Halere, argi du oraindik ez duela lortu lesio aurretik zuen sasoia: «Lesioa nahiko ahaztuta daukat, baina kontuz ibili beharrean nago oraindik, ariketa espezifiko batzuk egiten-eta. Nahiko ondo nago, baina oraindik ez dut lortu lesio aurretik ibiltzen nintzen bezala ibiltzea. Esan genezake %85-90 inguruan nagoela. Hitz sinpleagotan esanda: nahiko gertu, baina onenean ez».

Azken bi aldiak galdu ditu billabonatarrak, baina badu kontuan hartzeko marka bat. Parte hartu duen azken hiru aldietan podiumean izan da: 2017an hirugarren izan zen, eta 2018an eta 2019an, bigarren. «Hiru urtez jarraian podiumean egotea oso marka ona da. Egia da 2019an indar guztiak irabazteari begira jarrita zeudela, eta ematen zuela bigarren izateak ez zuela balio. Ez zale eta prentsarentzat bakarrik, niretzat ere irabaztea zen helburua. Horrek pixka bat ikuspegia alda dezake, baina hiru urtetan podiumean egotea ez da erraza».

Izan ere, oso gertu izan zuen garaipena Arrospidek 2019an. «Penatuta» da, jakin baitaki «huts» batzuk egin zituela: «Oso sasoi onean nengoen. Gertatutakoa ezin da aldatu, baina bai ikasi. Izan nuen faboritismo hori ez izaten ahaleginduko nintzateke orain». Lasterketan bertan azken metroetan izan zuen jarrera aldatuko luke: «Besteek zer egiten zuten begira egon nintzen. Atzetik korrikalari bat etorri zen, eta azkenerako pasatu egin gintuen. Garai hartan neukan sasoiarekin, hori saihestea nuen, baina zaila da momentuan bertan halako erabaki onak hartzea».

Presiorik gabe

Sasoi bete-betean ez dagoela jakinda, «presiorik gabe» aterako da igandean. Orain dela lau urte ez bezala, ez da derrigorrezkoa irabaztea, itxaropen guztiak ez daude harengan jarrita, eta uste du horrek mesede egingo diola: «Horrek asko lasaitzen nau. Ez da ezer gertatzen laugarren edo bosgarren geratzen banaiz. Badakit nondik natorren, eta inongo presiorik gabe noa. Jendeak ere ez du espektatiba handirik, normala den bezala. Helburua borrokan aritzea izango da, eta ahalik eta emaitzarik onena lortzea».

Parte hartzaileen zerrendari kasu askorik egin ez badio ere, gizonezkoen igandeko lasterketa irabazteko bi hautagai nagusi ikusten ditu besteen gainetik: Nan Oliveras —iazko garaile—eta Xakib Laxgar—2019ko irabazlea da, baina ikusteko dago aterako den—. «Nan Oliverasekin ez dut sekula korrika egin, baina badakit goi mailakoa dela. Orain dela gutxiko 10 kilometroko lasterketa batean marka oso on bat egin zuen.Xakib Laxgarrek joan den asteburuan 50 kilometroko Munduko Txapelketa irabazi zuen. Badirudi denboraz nahiko justu ibiliko dela indarberritzeko. Lehenago ere horrelakoak egindakoa da, eta asmo hori badu, hura ere faboritotzat jo beharra dago. Gainera, Behobian beti agertzen da ezagutzen edo espero ez duzun jendea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.