Tor des Geants lasterketa korritu zuenetik aste batzuk igaro dira, baina Unai Dorronsoro mendi korrikalaria (Beasain, Gipuzkoa, 1985) nekatuta dago oraindik. Dena den, hasi da berriro korrika. Lortutakoaz hitz egitean, pozik dagoela nabari zaio, eta irribarre egiten du. Ahaztuko ez duen esperientzia bat bizi izan zuen Aostako bailaran, Italian.
Nola ari zara osatzen egindako ahaleginetik?
Egia esan, nahiko ondo. Uste nuen askoz ere gehiago kostako zitzaidala gorputzari buelta ematea eta hanketan izan nituen oinazeetatik osatzea. Lehen egunetan hankak puztuta eduki nituen, eta tarte batean zutik egonez gero hanketako mina jartzen zitzaidan. Geroztik, gutxinaka nire onera etortzen ari naiz. Loa ere ez zait aldatu, eta hori ere alde izan dut.
Lasterketa nahiko justu amaitu zenuen.
Bai, hala izan zen. Lasterketa amaitu bezain laster, helmugatik furgonetara zegoen tartean, bi aldiz etzan behar izan nuen. Bost minutu baino ez zeuden batetik bestera, baina logura handia neukan. Ordubete lehenago korrika egiten nenbilen, baina behin helmuga zeharkatu eta gero, txakalaldia izan nuen.
Lasterketa osatzeko 74 ordu, 15 minutu eta 19 segundo behar izan zenituen. Zenbat denbora egin zenuen lo?
Ordu eta erdi inguru, hiru egunean. Lehen gauean ez nuen batere lorik egin. Ondo eutsi izan diot Ehunmiliak lasterketan, eta honetan ere hala egin nuen. Lasterketan zehar, 50 kilometrotik behin gutxi gorabehera, atseden hartzeko postuak daude. Sei daude guztira. Nik laugarrenean geratzeko asmoa nuen, 200. kilometroan, alegia. Hala egin nuen. Bigarren gauean izan zen, eta 45 minutuz egon nintzen lo. Hirugarren gauean, koadrizepsa erabat kargatua nuen, eta azkeneko atseden postuan fisioterapeutarengana joan nintzen zuzenean. Masaje bat behar nuela esan nion, baina aurretik ordu erdi egin nuen lo. Esnatzeko eskatu nien. Denera ordu eta laurden izango ziren. Baina egunean zehar, eta aldapa luzeetan gehienbat, bost minutuko lau edo bost kuluxka egin nituen. Horretarako alarma jartzen nuen erlojuan, baina bost minutuak pasatzerako esnatu egiten nintzen. Esnatzean, musika jarri eta aurrera jarraitzen nuen.
Noiz erabaki zenuen lasterketa horretan parte hartzea?
Horrelakoetan askotan gertatzen den antzera: sagardotegi baten ondoren, lagun batekin. 2024. urteko urtarrilean izan zen. Hala ere, aspalditik nuen buruan bertan parte hartzea. Lasterketa luzeetan aritzen garenon artean erronketako bat da, beste aurrerapauso bat emateko aukera ematen baitu. Aurten, biek eman genuen izena; baita beste hiru lagun korrikalarik ere. Lauk lehen aldiz hartu genuen parte lasterketan. Giro ederra izan genuen.
Distantziari erreparatuta, bazenuen erreferentzia bat: Ehunmiliak lasterketa.
Tor des Geants lasterketaren distantziari errespetu handia nion. Hori dela eta, aurten Ehunmiliak lasterketan izena ematea erabaki nuen. 2019an korritu nuen azkenengoz. 24 orduz korrika egitean zer sentitzen zen jakiteko beharra nuen berriro ere. Eguraldi txarragatik moztu egin behar izan zuten, eta azkenean 125 kilometro egin genituen. Banekien, denboraz, Ehunmiliak baino hiru aldiz luzeagoa izango zela. Zalantza asko neuzkan, ea gorputzak nola erantzungo zuen berrogeigarren ordutik aurrera. Kilometroetan bikoitza den arren, matematikak ez dira hain erraz egiten mendi lasterketetan.
Zein da gauzarik zailena halako lasterketa batean?
Ehunmiliak lasterketarekin alderatuz, desnibel positiboa askoz ere handiagoa da. Gainera, denbora askoan 3.000 metroren inguruan ibili behar duzu korrika. Altuera asko nabaritzen da. 2.500 metro baino gehiagoko 25 mendi igarotzen dira, eta lurzorua ere oso harritsua da, nahiz eta ez den horren teknikoa. Bailaren arteko gorabeherak amaitu ezinak dira.
Nola antolatu zenuen Tor des Geantsera joan aurreko egutegia?
Iazko udan erori egin nintzen eskalatzen ari nintzela. Gabonetan hasi nintzen berriro korrika, baina mina neukan. Urte hasieratik Aste Santura bitarte, bolumen handia sartu nuen. Ondoren, Euskal Trail lasterketa korritu arte, erritmoa apaldu egin nuen apur bat. Maiatzaren 30ean izan zen hori. Horren ostean, Ehunmiliak prestatzeko asmoz, intentsitate handiagoz entrenatu nintzen. Ehunmiliak korritu osten atseden hartu nuen bi astez, ondo osatzeko. Abuztuan familiarekin egon nintzen Alpeetan, eta goizetan entrenatzeko aprobetxatu nuen. Lo gutxi egitearena ere entrenatu nuen egun haietan.
Ibilbidea ez zenuen ezagutzen. Nola lortu zenuen lasterketari buruzko informazioa?
Kauldi Rezolak, Javi Dominguezek eta Imanol Alesonek eman zidaten. Eskerrak eman behar dizkiet. Aurretik bertan aritutakoak ziren, eta aholku asko eman zizkidaten: oinak ondo zaintzeko, galtzerdiak askotan aldatzeko... Non lo egin ere esan zidaten. Zazpi aldiz aldatu nituen galtzerdiak, eta alde horretatik ez nuen arazorik izan. Eguraldiarekin, gainera, zorte handia izan genuen.
Gustura geratu zinen egindako denborarekin?
Nire aurreikuspena 76 orduren bueltan ibiltzea zen. 200. kilometrora bitarteko bidea aurreikusitako denbora egin nuen. Handik aurrera, ordea, hobetu egin nuen denbora hori, eta azkenerako espero baino ordubete eta berrogeita bost minutu lehenago iritsi nintzen helmugara.
Aurretik egona zinen gau bat lo egin gabe. Oraingoan, ordea, hiru gau izan ziren. Gauzak asko aldatzen al dira?
Bai. 28 kilometro neramatzanean hasi nintzen logura izaten. Hiru orduko igoera batean nengoen, lasterketa guztiko luzeena. Eguerdia zen, eta aurreko anoa gunean bazkaltzen gelditu nintzen. Begiak ixten hasi zitzaizkidan, eta bost minuturako jarri nuen alarma. Alarma jotzerako, esnatu eta martxan jarri nintzen.
Atzetik aurrera egin zenuen lasterketan.
Postuari ez nion erreparatu. Gauza bakarra nuen buruan: aurreikusitako denboretan ibiltzea. Ez nuen inoren atzetik ibiltzeko asmorik. Lehen egunean ez nuen arnasestuka ibili nahi izan, eta eusteko moduko erritmo batean egin nuen korrika. Aurreneko anoa puntutik 50. postu inguruan igaro nintzen. Gauean hiru italiar harrapatu nituen. Horietako bi podiumean egonak ziren, eta esperientzia handia zuten. Ezin izan nien aurrea hartu. Haiekin pasatu nuen gau osoa. Ondo gindoazela esan zidaten. Korrikalari askori hartu genien aurrea, eta gaua amaitzerako lehen hamabosten artean geundean. Bikain nindoan, eta asko falta zen. Bigarren egunean aurrera jo nuen, eta handik aurrera bakarrik ibili nintzen.
«Gauza bakarra nuen buruan: aurreikusitako denboretan ibiltzea. Ez nuen inoren atzetik ibiltzeko asmorik. Ez nuen arnasestuka ibili nahi izan»
Zer egin zitzaizun gogorrena?
Azken berrogei kilometroak, zalantzarik gabe! Halere, egun batzuk igaro dira geroztik, eta oso oroitzapen polita geratu zait. Asko gozatu nuen lehen 290 kilometroetan. Azken berrogei kilometroetan, ordea, asko sufritu nuen. Bigarren egunean kontraktura bat egin nuen hanketako batean, eta hiru aldiz joan behar izan nuen fisioterapeutarengana. Lesiorik ez izateko, beste hanka behartu nuen, eta ezinean aritu nintzen. Azken anoa gunera iritsi nintzenean, zera pentsatu nuen: ezingo nuela lasterketa amaitu. 300. kilometroan nengoen, eta 30 falta zitzaizkidan helmugara iristeko. Gune horretan lasterketa utzi zuten korrikalariak ezagutzen nituen. Horren beldurra izan nuen, eta neure buruari zera galdetu nion: «Niri ere hala gertatutako al zait?». Helikopteroan zeudenei laguntza eskatu beharko niela pentsatu nuen. Baina azken anoa gunean zegoen medikuak baieztatu zidan ez neukala hausturarik, eta helmugara iristeko modua nuela. Bete-betean asmatu zuen.
Noiz gozatu zenuen gehien?
Lehen egunean, batez ere gauean. Lagun eta korrikalari askorekin aritu nintzen korrika, Lasterketaren bigarren zatian ere —250. eta 265. kilometroen artean— asko disfrutatu nuen. Magia eta Cuney aterpetxeak daude bertan.
Lortutako postuarekin gustura geratu al zinen?
Bai. Bosgarren postuan iritsi nintzen helmugara, eta podiumean amaitu nuen. Izan ere, lasterketa horretan lehen bost sailkatuek dute podiumera igotzeko aukera. Pozik nago bizi izandako esperientziarekin.
«Ederra litzateke Ehunmiliak proba antolatzeko talde berri bat sortzea, proiektua indarberritzeko. Herriari asko eman dio, eta pena litzateke horrela amaitzea»
Itzuliko al zara?
Lasterketako hainbat momentutan pentsatu nuen ez nintzela itzuliko. Astakeria handi samarra da, desnibelak beldurgarriak dira, eta harri tartean joan behar duzu. Oso-oso gogorra da. Familiarengatik ere ez nintzateke itzuliko. Kanpoko laguntza onartu egiten dute, eta gurasoak, bikotekidea eta alaba nirekin egon ziren. Lasterketa guztian zehar nirekin egon ziren, eta hamabost anoa guneetan ondoan izan nituen, bai egunez eta bai gauez. Haientzat ere oso gogorra izan zen, eta horrek ematen dit zer pentsatua. Asko diet eskertzeko. Baina, bestalde, dena aldeko izan genuen, eta lasterketa bikaina egin nuen. Egindako denbora ere hobetu dezakedala uste dut. Itzuliko ote naizen galdetzen badidazu, baiezkoa esango nizuke, baina ez dut uste itzuliko naizenik. Itzuliz gero ez dut uste dena hain ondo aterako zenik. Astakeria hutsa litzateke itzultzea.
Zure kirol ibilbidean mugarria izan da Ehunmiliak proba. Antolatzaileek eten bat egitea erabaki dute, eta datorren urtean ez dute antolatuko. Nola hartu duzu berria?
Ehunmiliak probari esker hasi nintzen mendian korrika. Lehenengo lau aldietan, Aralarren egon nintzen, boluntario bezala, Arrastaka mendi taldeko lagunekin. Gero, ahal izan dudan aldi guztietan parte hartu dut hiru lasterketetako batean. Izugarria da horrelako lasterketa bat Beasainen izatea. Ederra litzateke antolatzaile talde berri bat sortzea, proiektua indarberritzeko. Herriari asko eman dio, eta pena litzateke horrela amaitzea.
MOTZEAN
Mendian egin duzun lagunik onena?
Ezingo nuke bat esan, baina bat esan behar badut, aita.Lasterketa bat?
Ehunmiliak.Egiteko duzun bat?
Hardrock [AEBak, 165 kilometro, +10.000 metro].Entrenatzeko leku bat?
Murumendi ingurua [Beasain, Gipuzkoa].
Ultra distantziako mendi korrikalari bat?
Javi Dominguez.
Euskal Herriko inoizko onena?
Iker Karrera eta Javi Dominguez.
Talde bat osatzeko lau mendi korrikalari? Tor des Geantseko esperientzian bidelagun izan ditudan laurak: Kauldi eta Imanol Rezola anaiak, Aitor Garmendia eta Josu Carrillo.