Lagunarteko partida beti da lagunartekoa. Hitzak berak dio. Ez da deus garrantzitsurik egoten jokoan, baina zerbait bai. Zerbait hori gehiago izaten da batzuetan, eta gutxiago besteetan. Bada, Athleticek azterketa moduko bat igaro behar izan zuen atzo, Akizen (Frantzia), eta ez zuen gainditu. Erraz, 3-1 galdu zuen Lilleren aurka, baina emaitza ez, norgehiagoka izan zen txarra zuri-gorrientzat. Jokalariak oraindik motorrak berotu gabe egotea normala da, baina denborak ez du barkatzen. Datorren astean, Europako Ligako hirugarren kanporaketako neurketa jokatuko dute Slaven Koprivnicaren kontra, eta hobe dute esnatu. Gainontzean, disgustu latza hartuko du batek baino gehiagok. Astebete daukate hobetzeko.
Hainbat jokalari, Olinpiar Jokoetan. Beste batzuk, lanean hasi berri. Bateren bat min hartuta ere bai. Horixe da Athleticen egoera momentu honetan. Iaz hain denboraldi ona egin izanak alde txarren bat behar zuen, eta horixe da, aurten garaiz entrenatzen hasteko arazoak izan dituela Marcelo Bielsak. Eta hori igarri egiten da zelaian. Lille Frantziako txapelduna da, talde sendoa eta indartsua, eta atzo astindua eman zien zuri-gorriei. Aukerak ere apenas sortu zituzten bilbotarrek, eta hala ezinezkoa da irabaztea.
Partidako lehen gola Basak egin zuen, 45. minutuan, buruz. Kolpe gogorra jaso zuen Athleticek atsedenaldira joan aurretik. Joko tristea ikusita, Bielsak aldaketa dezente egin zituen hamaikakoan, baina fruiturik ez zuten eman. Lillek jarraitu zuen musika jotzen, eta Bilboko taldeak dantzatzen. Ongi dantzatuz gero, gaitz erdi izaten da, baina hori ere ez. Frantziarrek gol aukera ugari galdu zituzten alferrik, eta behin baino gehiagotan barkatu zuten. Horri eskerrak iraun zuen bizirik Athleticek.
Llorenteren lehen minutuak
Lehena eginda bigarrena seguru izaten omen da, eta berandu izan bazen ere, 66. minutuan egin zuen bigarren gola Lillek, Kalouren eskutik. Maldan gora jarri zitzaien partida zuri-gorriei, eta orduantxe irten ziren aulkiko jokalari gehienak zelaira: Igor Martinez, Ibai Gomez, San Jose, Aurtenetxe... Baita Fernando Llorente ere. Lanean soilik astebete egin duen arren, minutu batzuk jokatzeko aukera eman zion entrenatzaileak, eta erakutsi zuen taldeko ardatz nagusia dela. Zelairatu bezain laster sartu baitzuen Athleticek ohorezko gola. Ibai Gomezek ederki gainditu zuen atezaina. Dena den, alferrik izan zen,3-1ekoa azkar egin baitzuenDe Melok.
Emaitza ahaztuta, ondorioak atera izango zituen Bielsak, eta ez gutxi. Beharko ditu, Europako Liga ate-joka baitago. Orain arte, Iraizoz eta Raul erabili ditu atezain gisa, baina badirudi beteranoarentzat izango dela atea. Atzeko lerroan, berriz, Javi Martinez eta Amorebieta falta dira, iazko sasoiko erdilariak. Horien hutsunea betetzeko, nahiko lan izango da. Erdilariei dagokienez, Muniainen grazia falta igarri egiten da, eta Ander Herrerarena ere bai. Aurreko lerroan, berriz, Aduriz min hartuta dago, eta Llorente erdi oporretan.
Beraz, badu kezkatzeko motiborik Athleticek. Slaven Koprivnica ez da Lille bezain talde ona, baina partida asko jokatzen ari da, eta ustekabea emateko prest dago. Herenegun, 2-4 menderatu zuen Portadown Irlandako taldea.
Gaueko bederatzietan izango da Atleticen eta Slaven Koprivnicaren artekoa hurrengo ostegunean, San Mamesen. Epaile lanetan Serhiy Boiko ukrainarra ariko da. Bazkideek ez dute deus ordaindu beharko partida hori ikusteko, eta gainontzekoek hamabost eta hogeita hamar euro artean.
Astebete dauka hobetzeko
Athleticek 3-1 galdu du Lilleren aurkako lagunartekoa, gaizki jokatuta, eta ez da gustura helduko Europako LigaraZuri-gorriak Slaven Koprivnicaren kontra ariko dira, datorren ostegunean, 21:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu