Emakume futbolarien greba

Asteburuan hasiko da Espainiako Ligako emakume futbolarien greba

BERRIAn babes mezuak jaso nahi ditugu #EutsiNeskak traolarekin. Ainhoa Murua triatletak, Ane Santesteban ziklistak eta Leire Etxaniz pilotariak bidali dizkigute eurenak. Bidali zurea, eta eman babesa emakume futbolariei.

Berria
2019ko azaroaren 15a
15:05
Entzun

Emakume futbolariek greba mugagabeari ekingo diote asteburuan. Aste honetan bertan, patronalak, Espainiako emakumezkoen lehen mailako talde ia denak biltzen dituen Kluben Elkarteak, uko egin zion Espainiako Lan Ministerioaren bitartekaritza eskaintzari. Elkarteak adierazi zuen hitzarmenerako negoziatzen ari ziren gutxieneko baldintzak %33 igotzea proposatu zuela ministerioak, eta horrek zuzenean eragingo liekeela baliabide gutxien dituzten taldeei. AFE sindikatua, ordea, bitartekarien proposamena onartzeko prest dago: 16.000 euroko gutxieneko soldata urtean, eta gutxienez %75eko lanaldia —30 ordu astean—. Sindikatu horrek du ordezkaritza zabalena jokalarien artean. Patronalak hori onartu ez duenez gero, futbolariek ez dute bederatzigarren jardunaldia jokatuko. Reala eta Athletic etxean ziren aritzekoak, Bartzelonaren eta Taconen aurka, hurrenez hurren.

Jokalariek urriaren 22an egin zuten greba mugagaberako deialdia, negoziazioak ez atzera ez aurrera zeudelako. Kluben elkartearen eta jokalarien arteko desadostasun nagusia lan kontratuen partzialtasunean dago. Jokalariek %75ekoa izatea nahi dute; Kluben Elkarteak, berriz, lanaldi erdian jarri du muga. Haren arabera, futbolarien eskaria txapelketak sortzen dituen diru etekinetatik gora dago. Futbolariek salatu dute partzialtasunak baldintzatu egiten duela kotizazioa eta gaixoaldian kobratzen dutena.

Egoerari irtenbidea eman nahian, dirua mahai gainean jarri zuen Espainiako Futbol Federazioak: 1,15 milioi euro. Baldintza batekin, baina: Kluben Elkartetik kanpo dauden Espainiako Lehen Mailako lau klubek —Athletic, Bartzelona, Madril eta Tacone— beren partidak telebistaz ematea baimentzea. Mediapro telebista operadoreak ez du trabarik jarri. Baina akordioa urrun dago oraindik.

Grebarako deialdia egin berritan, Marta Unzue Athleticeko jokalariak BERRIAri kontatu zion ez dietela "beste irtenbiderik utzi". Ez zuen uste jokalarien proposamenari uko egingo ziotenik: "Eskatzen duguna ez da astakeria edo zentzugabekeria bat, baizik eta zerbait duina, bidezkoa eta oinarrizkoa. Langile batek aitortuak dituen oinarrizko eskubideak eskatzen ditugu, ez gehiago". Jokalarien batasuna nabarmendu zuen: "%93k egin genuen grebaren alde. Klub guztiak ordezkatuta egon arren, ahots bat bezala aritu ginen".

Unzuerekin bat etorri zen Realeko Nuria Mendoza: "Bada garaia emakumeen futbola izaten ari den gorakadak isla izan dezan gure baldintzetan eta eskubideetan". BERRIArekin hitz egin zuenean, negoziazioak aurrera egin zezakeen oraindik, baina Mendozak zail ikusten zuen hori: "Konturatu behar dute ez garela denari baietz esaten genion neska horiek, baizik eta merezi dugunaren alde borrokan ari garen emakume batzuk. Ezin dugu aukera pasatzen utzi".

BERRIAk babes mezuak jasoko ditu sare sozialetan, #EutsiNeskak traolarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.