Atezainen eskola

Eibar leku egokia da beste talde batzuetatik utzita datozen atezainentzat. Manuel Almunia, Gorka Iraizoz eta Ivan Cuellar ezagun egin ziren Eibarren, eta gero, ibilbide oparoa osatu dute. Badira gehiago ere.

Ivan Cuellar, 2007-08ko denboraldiko argazki batean. Bihar Ipuruara itzuliko da, Sportingekin. G. GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2014ko martxoaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eibarren hamaikako historikoa esaten hasita, ia denek izen bat esango dute atezainaren lekuan: Jose Ignazio Garmendia. Urteak eta urteak egin zituen klubean —hamazazpi denboraldi—, eta aparteko tokia hartua dauka historian. Hura taldean egon zen bitartean, lan handirik ez zuen izan klubak atezainak fitxatzen.

Gerora, bai; Garmendiaren aroa bukatu zenean, atezainen merkatua ondo baino hobeto arakatu beharrean izan zen Eibar. Eta ia beti, bete-betean asmatu izan du. Klubaren fitxaketa asko utzita etortzen dira beste talde batzuetatik, eta atezain asko ere halaxe aritu dira Eibarren. Nor ez da gogoratzen, esaterako, Manuel Almunia, Gorka Iraizoz eta Ivan Cuellar Pitxu-rekin?

Ezezagunak ziren, esate baterako, etorri zirenean, eta ondo baino hobeto baliatu zuten Eibarrek emandako aukera futbolaren mundu zailean leku pribilegiatua aurkitzeko. Almuniak izan du lorpen handiena (Iruñea, 1977), Txapeldunen Ligako finala jokatu baitzuen Arsenalekin, 2006an: Bartzelonak menderatu zituen ingelesak. Osasunaren harrobian hazi zen, eta bi denboralditan utzita aritu zen Cartagenan eta Sabadellen. 2001eko udan, Osasunatik alde egin zuen, eta Celtak fitxatu zuen. Uda hartan erabaki zuen Galiziako klubak Eibarrera utzita bidaltzea. Haren ibilbidean mugarri garrantzitsua izan zen hura, 2. Mailan gol gutxien jaso zituen atezaina izan baitzen sasoi hartan. Ingalaterra aldera jo aurretik, Recreativon eta Albaceten jokatu zuen. Garairik loriatsuena Arsenalen izan zuen, eta luzeena ere bai, zortzi denboraldiz egon baitzen Arsene Wengerren aginduetara: 2004-2005etik 2011-2012ra. Orduan joan zen West Ham taldera, Londrestik mugitu gabe, baina Arsenalek utzita, pare bat hilabeterako. Berriz ere Arsenalen zen, baina ez zuen eduki jokatzeko aukerarik, eta 2012ko udan Watfordek fitxatu zuen, 2.Mailako talde batek. Egun ere, han jarraitzen du.

Etxean bertan dabil orain Iraizoz (Iruñea, 1981), kanpoan bere balioa erakutsi eta gero. Athleticen harrobian hazitakoa, Gernikak fitxatu zuen 2000. urtean, eta bi denboraldi egin zituen han. Espanyolek fitxatu zuen gero, eta, bigarren taldean bi sasoi on egin ondoren, hirugarrenean Eibarrek jo zion atea; utzita etorri zen Bartzelonatik, eta sekulako denboraldia egin zuen Eibarren 2004-2005 hartan; gutxi behar izan zuten hark eta Joseba Llorentek, David Silvak eta gainerakoek 1. Mailara igotzeko. Espanyolera itzuli zen gero, eta lehen taldean berehala egin zuen lekua. 2007an, UEFA kopako finala jokatu zuen, Sevillaren aurka. Orduan bezala 2012an ere, lehiaketa bereko finala —izen aldaketa tarteko, Europako Liga— galdu zuen, Athleticen atean zela. 2007an fitxatu zuen talde zuri-gorriak, eta han jarraitzen du oraindik.

Cuellar, bihar Ipuruan berriz

Hirugarren izena Cuellarrena da (Merida, Espainia, 1984). Beste biak bezala, zaratarik atera gabe heldu zen Eibarrera, 2007-2008ko denboraldian. Atletico Madrileko jokalaria zen orduan, eta utzita iritsi zen. Lan ona egin zuen, eta hurrengo denboraldian Gijongo Sportingek fitxatu zuen. Han dabil harrezkero, eta taldeko zutabeetako bat da. Bihar aurkari izango du hainbeste estimatzen duen taldea. Hala esan du asteon: «Ondo zaindu zaituztenekin, bizitza osorako izan behar da esker ona». Eibarko denboraldia eta egonaldia ez dauzka ahazteko.

Hiru horiez gain, bada beste bat ere orain izena hartuz doana eta Eibarren ibilitakoa: Manu Herrera. Elxeko atezaina Cuellarren taldekide izan zen Eibarren. Badira gehiago ere: Asier Riesgo, Eñaut Zubikarai... Horiek ere Eibarko eskolan ikasitakoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.