Athletic-Celtic lagunarteko partida jokatuko da gaur, San Mamesen

Bizkaiko futbol taldeen alde antolatutako norgehiagoka da, eta senidetasun kalejira eta festa ere izango dira

Erredakzioa
Bilbo
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Bizkaiko futbol taldeentzat dirua biltzeko partida berezia antolatu du gaurko Athleticek, Espainiako Ligako geldialdia baliatuz. San Mames futbol zelaian bi talde historikok neurtuko dituzte indarrak: Athleticek eta Celtic Glasgowk (20:45). Kirol jardunaz haratago, senidetasun kalejira eta festa ere antolatu dituzte bi taldeetako zaleek, hainbat aldarrikapenen inguruan bat eginda. Kalejira, esaterako, Santiago plazatik abiatuko da 17:30ean.

Bi taldeek hutsune nabarmenak dituzte gaurko partidarako. Espainiako selekzioarekin aritu behar dutela-eta, bost jokalarik ez dute jokatuko Caparrosen taldean, eta beste zazpi min hartuta daude. Hamasei jokalari sartu ditu deialdian, eta horietatik bi harrobiko jokalariak dira: Galder Cerrajeria eta Iker Guarrotxena. Besteak hauek dira: Iraizoz eta Raul atezainak, Koikili, Amorebieta, Iturraspe, Gabilondo, Susaeta, Orbaiz, Gurpegi, Balenziaga, Aitor Ocio, Castillo, Diaz de Zerio eta Ekiza. Celtic Glasgowri ere beste horrenbeste gertatzen zaio. Eskoziako selekzioarekin jokatzeko hamalau jokalari ditu utzita, eta Freddie Ljungberg eta Daniel Majstorovic min hartuta daude.

Caparros: «Ez dago nire esku»

Joaquin Caparros Athleticeko entrenatzailea gaurko partidaren inguruan hitz egiteko agertu zen atzo komunikabideen aurrean, baina partidari buruz mintzatu zen gutxien. Bere etorkizunaren inguruko zurrumurru guztiak argitu nahi izan zituen. «Ni oso gustura nago hiri honetan, eta giro ona dago aldagelan eta zaleen artean. Athleticen benetan gustura nago, eta hemen gelditu nahi nuke, baina ez dago nire esku», esan zuen espainiarrak behin baino gehiagotan.

Hauteskundeen inguruan ere garbi mintzatu zen: «Athleticeko bazkidea naiz, eta bozkatu egingo dut. Fernando [Garcia Makua] aurkezten bada, haren alde bozkatuko dut». Gelditzen zaizkien partidetan buru-belarri sartuta egon nahi duela argitu zuen gero. Bestalde, apirilaren 9-10ean Real Madrilen aurkako lehia klubari laguntzeko egun erdia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.