Athletic: ekaitz betean, Dortmundera

Athleticek bolada zailean bisitatuko du gaur Borussia Dortmunden zelaia, Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldian. 81.000 ikusletik gora bilduko dira Signal Iduna Parken; horietatik ia lau mila zale zuri-gorriak.

Athleticeko jokalariak, atzo, Dortmunden aurkako partidaren bezperako lan saioan. MIGUEL TOÑA / EFE
Athleticeko jokalariak, atzo, Dortmunden aurkako partidaren bezperako lan saioan. MIGUEL TOÑA / EFE
jon eskudero
2025eko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahazteko moduko hilabetea izan du iraila Athleticek. Denboraldiko lehen hiru partidak jarraian irabazi ondoren, ilusioz eta motibazioz ekin zioten irailari zuri-gorriek, baina azken hilabetean bildu dituzten emaitzak ezin txarragoak izan dira. Espainiako Ligari dagokionez, jokoan izan dituzten hamabi puntuetatik soilik bat eskuratu dute, eta Txapeldunen Ligako estreinaldian ere galdu egin zuten, San Mamesen, Arsenalen aurka: 0-2. Ekaitzak gogor astindu du Athletic, baina irailak zerbait onik izan badu zera da: amaitu dela. Horregatik, urriari beste tenple batekin heldu nahi dio Ernesto Valverderen taldeak, eta Europako zelai historikoetako bat bisitatuko du gaur: Signal Iduna Park —betiko izenarekin: Westfalenstadion—, Borussia Dortmundena. Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldia jokatuko dute bilbotarrek, eta, lan nekezak izango dituzten arren, aukera ona dute ekaitza baretzen hasteko.

Baikortasuna topatzea zaila da, dena den. Estatistikek ez diote gezurrik. Athletici kosta egin zaio partida guztietan lehiakorra izatea hasieratik bukaerara. 60 minutu inguruz taldeak itxura duina eman du gehienean, baina fisikoki sasoi onetik urrun dira jokalari guztiak, eta luze egin zaizkie neurketa denak. Gainera, golak sartzeko zailtasun izugarriak izan dituzte. Azken bost partidetan soilik gol bat sartu dute: Mikel Jauregizarrek Gironari egin ziona, banakoa lortzeko. Jokalari garrantzitsu gehienak euren onenetik urrun daude: Oihan Sancet, Iñaki Williams eta Gorka Guruzeta, kasurako. Bada datu kezkagarri bat: aurrelarien artean soilik Maroan Sannadik sartu du gol bat sasoi honetan. Lehen jardunaldian izan zen, Sevillari 2-0ekoa sartu baitzion.

Golak sartzeko zailtasunari erantsi behar zaio defentsan izandako biguntasuna. Ez da ohikoa Athleticek atzean halako erraztasunak ematea. Atea hutsean soilik partida batean mantendu du: Rayo Vallecanoren aurka, bigarren jardunaldian (1-0). Ligari dagokionez, zazpi jardunalditan hiru porrot jaso ditu Valverderen taldeak dagoeneko. Iragan sasoian, sei partida baino ez zituen galdu. Beraz, badago non hobetua. Gutxienez, Aymeric Laportek jokatu ahal izango du Txapeldunen Ligan, FIFAk onartu baitzuen Athleticek jarritako helegitea.

Laporte deialdian da Dortmunden jokatzeko, baina Nico Williams ez. Haren lesioarekin batera etorri da Athleticen txakalaldia, eta bazirudien gaurko partidarako lesiotik osatuko zela, baina, azkenean, deialditik kanpo utzi du Valverdek. Haren oinetatik iritsi ohi dira taldearen erasoko jokaldi arriskutsuenak, eta beste partida batez etxetik ikusi beharko du. Egiari zor, lesioekin ez du zorterik izan Valverdek orain arte, besteak beste Mikel Vesga, Beñat Prados eta Alex Berenguer ere min hartuta baitaude. Jokalari garrantzitsuak dira, baina inondik ere ez daiteke aitzakiarik jarri. Talde guztiek dituzte min hartutako jokalariak. Hurrengo partidetarako harrobiari begiratu beharko dio entrenatzaileak. Esaterako, Borussia Dortmundi aurre egiteko zerrendan sartu dira Rego, Ibon Sanchez eta Adrian Perez.

Etxean, talde indartsua

Kontuak kontu, Txapeldunen Ligako bisitarik zailena izango du gaur Athleticek. Europan klub historikoetako bat da Borussia Dortmund. Txapeldunen Ligako finala jokatu zuen duela bi urte, eta final-laurdenetan kanporatu zuten joan den denboraldian. Batez ere etxean da talde fidagarria, eta datuek hori berresten dute. Azken hiru sasoietan hamazazpi partida jokatu dituzte etxean Txapeldunen Ligan: hamar irabazi dituzte, sei berdindu eta bakarra galdu. Zaleen beroa gainean sentitzen dute. Izan ere, Alemaniako estadiorik handiena dute. Gaur ere 81.000 ikusletik gora bilduko dituzte, eta horietatik 25.000 zutikako harmailetan egongo dira, oihu eta kantu. Athleticeko jarraitzaileak ere ez dira faltako, lau mila inguru espero baitira.

Gutxienez puntu bat lortu nahi badute, zuri-gorriek etxetik kanpoko madarikazioari agur esan beharko diote. Historiari begiratuta, Athleticek hamalau partida jokatu ditu Txapeldunen Ligan San Mamesetik urrun: bi garaipen bildu ditu, lau berdinketa eta zortzi porrot. Estatistika txar horiek hausteko zelai gaiztoan ariko dira gaur, baina punturen bat urratzeak aparteko konfiantza emango lioke multzoari.

Lehiakor aritu nahi dutela adierazi zuen atzo Valverde Athleticeko entrenatzaileak, eta, ahal dela, emaitza on bat lortu: «Argi dago bolada txarrean gaudela. Abuztuan dena irabazi genuen, eta irailean ezer ez. Europako talde indartsu bat izango dugu parean. Gozatu eta lehiatu egin nahi dugu».

Borussia Dortmund - Athletic

Borussia Dortmund. Kobel; Anton, Schlotterbeck, Bensebaini; Couto, Nmecha, Sabitzer, Svensson; K. Adeyemi, M. Beier eta Guirassy.

Athletic. Unai Simon; Areso, Vivian, Paredes, Yuri; Ruiz de Galarreta, Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet, Robert Navarro; eta Guruzeta.

Epailea. Szymon Marciniak (Polonia).

Zelaia. Signal Iduna Park (81.000 ikusle).

Ordua. 21:00 (Movistar).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.