Irailetik lortu ez zuena lortu du gaur Athleticek: hirugarren partida segidan irabaztea. Levante hartu zuen mendean aurrena; aurreko igandean, berriz, Oviedo, eta gaur Elxi irabazi dio San Mamesen: 2-1. Zuri-gorriek lehen zati oso ona jokatu dute, eta bizpahiru aukera argi izan dituzte aurretik jartzeko. Baina ez dute lortu, eta azkenerako garesti ordaintzear egon dira. Izan ere, bigarrenean aurretik jarri dira, Guruzetaren gol bati esker. Baina segidan berdindu egin du Elxek, penaltiz. Andre da Silvak sartu du gola. Baina 89. minutuan Athletic izan da penalti bat alde izan duena. Bigasek egin dio Laporteri. Guruzetak jaurti du, eta garaipenaren gola sartu du zuri-gorrientzat. Gaur eskuratutako hiru puntuekin Athleticek 35 ditu. Hala, asteburuko emaitzen zain, puntu bakarrera ditu Europarako sailkatzeko postuak.Â
Hamaikakoan Regok hartu du Jauregizarren tokia. Bermeoko erdilariak min hartu zuen iragan igandean, Oviedori gola sartu zionean, eta ez da garaiz osatu. Atzean, berriz, Vivianek hartu du Paredesen tokia. Laporterekin batera aritu da erdiko atzelari postuan.Â
Athleticek ondo jokatu du lehen zatian, eta Elx baino gehiago izan da. Komeni zitzaion erritmoan jokatu ahal izan du: bizi. Presioan fin aritu dira zuri-gorriak, eta baloi asko berreskuratu dituzte Elxen atetik gertu. Eder Sarabiaren taldeak asko arriskatzen du baloia atzetik ateratzeko garaian, eta Athleticek hori aprobetxatu du. Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak zazpigarren minutuan izan du aurretik jarri ahal izateko lehen abagunea. Dituro atezainak gaizki atera du baloia, eta Ruiz de Galarretari ailegatu zaio. Euskarriak ondo ikusi du Sancet, eta pase ona eman dio. Baina hark atearen gainetik errematatu du baloia.Â
Dituro ez da fin aritu lehen zatian baloia ateratzean, eta huts egin ditu beste bizpahiru aldiz. Orduan iritsi dira Athleticen aukerarik argienak. Baina Guruzetak ez ditu baliatu. Urrutitik jaurtita Regok ere estu hartu du atezaina 25. minutuan. Baina azkenerako gelditu ona egin dio. Argiagoa izan da 36. minutuan Iñaki Williamsek izan duen abagunea. Yurik pase bikaina eman dio, bizi egin du aurrera Williams anaietan zaharrenak, eta buruz buru geratu da Dituroren aurrean. Ondo jaurti du, baina atezainak eskuarekin gelditu du baloia. Athletic nagusi izan da, baina gola sartzea falta izan zaio.Â
Hortik atsedenaldira bitarte, neurketa parekatu egin da. Elxek apur bat gehiago izan du baloia, jokaldi luzeagoak egin ahal izan ditu, eta jokoaren abiadura moteldu du. Azkenerako 0-0 amaitu da lehen zatia.Â
Bigarren zatian nahasiago
Aldagelatik bueltan partida aldatu egin da apur bat. Batetik, Elxek ez du hainbeste arriskatu atzean. Baloia tarte luzeagoetan izan du, eta zuzenago jokatu du. Athletic, berriz, ez da fin aritu baloiarekin. Minutuak aurrera joan ahala urduriago antzeman zaie jokalari zuri-gorriei; izan ere, bazekiten lehen zatian aukera garbiak izan dituztela aurretik jartzeko.Â
Dena den, bigarren zatian ere talde zuri-gorriak aukera izan du neurketako lehen gola sartzeko, 59. minutuan. Argia izan da, gainera. Unai Gomezek baloia eman dio Sanceti; lehen zatian gertatu bezala, bakarrik geratu da Dituroren aurrean, baina oraingoan ere ez du asmatu. Atezainak gelditu ona egin du. Aurrean asmatzen ez zutela ikusita, Valverde Izeta zelairatzear zegoen 66. minutuan. Baina orduan iritsi da Athleticen gola. Yurik erdiraketa bikaina egin du ezkerretik. Atzetik bizi iritsi da Guruzeta, eta lehen zutoinean gola sartu du.Â
Kostata izan bada ere, Athletic aurretik zen. Gainera, Sancet bigarren gola sartzear egon da handik gutxira. Baina zuri-gorriei gutxi iraun die pozak. Handik bi minutura bisitariek berdinketaren gola sartu dute. Penaltiz izan da. Lekue berandu iritsi da baloia hartzera, eta Varelaren oina zapaldu du arean. Epaileak ez du bitan pentsatu, eta penaltia adierazi du. Andre da Silvak estropezu egin du jaurtitzekoan, eta bi aldiz jo du baloia. Sareetara joan den arren, Realeko jokalari ohiak berriro jaurti behar izan du penaltia. Bigarrenean ez du huts egin.Â
Kolpea izan da hori zuri-gorrientzat. Emaitza ikusita, aldaketa bikoitza egin du Valverdek. Eder Garcia zelairatu du Unai Gomezen ordez, eta Vesga Regoren tokian. Garciak debuta egin du lehen taldearekin. Hauspoa behar zuen talde zuri-gorriak azken txanparako. Hogei minutu falta ziren partida amaitzeko, eta puntuak ez zion ezertarako balio. Areso eta Izeta atera dira ondoren, Lekueren eta Williamsen partez.Â
Athleticek ekinean jarraitu du, eta azkenean saria jaso du. Erdiraketa batean Bigasek buruan jo du Laporte, eta, VARean begiratu ostean, epaileak penaltia adierazi du. Guruzetak jaurti du, eta sareetara bidali du baloia. Zoramena San Mamesen. Izan ere, merezi zituen hiru puntuak Athleticek, batez ere lehen zatian egindako jokoa eta lana kontuan izanda.
Epaileak zortzi minutuz luzatu du neurketa. Baina Athleticek ondo erabili ditu minutu horiek. Baloia izan du, eta horri esker Elxek ez du aparteko arriskurik sortu. 2-1ekoarekin amaitu da norgehiagoka. Kostata izan bada ere, hiru puntuak Bilbon geratu dira.Â
Athletic-Elx
Athletic: Unai Simon; Lekue (Areso, 80. min.), Vivian, Laporte, Yuri; Ruiz de Galarreta, Rego (Vesga, 70. min.); Iñaki Williams (Izeta, 80. min.), Sancet (Navarro, 74. min.), Unai Gomez (Eder GarcĂa, 70. min.); eta Guruzeta.
Elx: Dituro; Chust, Bigas (Adam, 92. min.), Petrot (Affengruber, 74. min.); Tete Morente (Sangare, 74. min.), Febas, Aguado, Cepeda, German Valera (Pedrosa, 81. min.); Da Silva eta Alvaro Rodriguez (Rafa Mir, 74. min.).
Golak: 1-0: Guruzetak (66. min); 1-1:Â Da Silvak (69. min., penaltiz); Guruzetak (89. min., penaltiz).