Futbola

Athletic, Espainiako Kopako finalera 24 urteren ondoren

3-0 irabazi dio gaur Sevillari. Joanekoan 2-1 galdu zuten bilbotarrek. Lehen zatian egin dituzte hiru golak: Martinezek, Llorentek eta Toquerok. Maiatzaren 13an jokatuko da finala, Valentzian. Athleticen kontrarioa, Mallorca edo Bartzelona; gauerdian jakingo da.

2009ko martxoaren 4a
22:01
Entzun
Athletic berriz ere Espainiako Kopako finalean izango da, maiatzaren 13an. Finalerdiko joanekoan 2-1 galdu zuen Sevillan baina gaur 3-0 irabazi du, San Mames lepo zela. Javi Martinezek, Fernando Llorentek eta Gaizka Toquerok egin dituzte golak, lehen zatian.

Orain dela 24 urte jokatu zuen Athleticek azkeneko aldiz Kopako finala. 2-1 galdu zuen Atletico Madrilen aurka. Irabazi, berriz, orain 25 urte irabazi zuen Kopako azkeneko titulua, Bartzelonaren aurka.

Valentzian jokatuko da finala. Athleticen aurkaria, Mallorca edo Bartzelona. 22:00etan hasi dute euren finalerdiko itzulikoa. Joanekoan Bartzelona nagusi, 2-0.

Zuzeneko jarraipena egin du BERRIA.INFOk

(95. minutua) Bukatu da. Athletic finalera.

(94. minutua) Minutu bat falta da eta Athletic 3-0 aurretik doa.

(92. minutua) Txartel horia Iraizozi.

(90. minutua) Bost minutu luzatuko du partida epaileak. Athletic 3-0 aurretik doa.

(90. minutua) Txartel horia Velezi.

(88. minutua) Lopezen ordez sartu da Gabilondo.

(85. minutua) Bost minutu falta dira eta Athletic 3-0 doa aurretik. Velezek aukera ona izan du.

(78. minutua) Caparrosek Martinez kendu du eta Gurpegi sartu. Ordu laurdena falta da eta Athletic 3-0 doa aurretik.

(77. minutua) Duscher barrura, Romaric kanpora.

(77. minutua) Squillacik ia gola. Capelek jokaldi ona egin du eskubitik, erdiratu eta Squillacik buruz ia gola. Zutoinetik gertu pasatu da baloia.

(74. minutua) Velezek jaurtiketa gora urrutitik.

(71. minutua) Ondo ari da eusten Athletic. Presionatzen ari da Sevilla, baina etxekoak ongi ari dira defentsan eta zelai-erdian.

(69. minutua) Velez zelaira, Toqueroren partez. Lehen aldaketa egin du Caparrosek. Aurrelaria kendu, aurrelaria sartu.

(68. minutua) Txartel horia Navarrori.

(66. minutua) Toqueroren jaurtiketa ahula. Yestek jokaldi ederra, pasea ezkerrera Toquerori baina honek erremate ahula egin du.

(61. minutua) Navasen gol aukera. Ondorengo bi kornerretan estuasunak Athleticentzat.

(55. minutua) Txartel horia Amorebietari. Zentrala oso ondo ari da zaintzen Kanoute.

(53. minutua) Sevilla presionatzen ari da. Lerroak aurreratu dituzte kanpokoek. Zabal-zabal eginda ari dira jokatzen: Navas eskubian, Capel ezkerrean. Finalera sailkatzeko, bi gol egin behar dituzte eta batere ez jaso.

(46. minutua) Capel ezker hegalekoa zelaira. Adriano kendu du Jimenezek.

(46. minutua) Hasi da bigarren zatia.

(45. minutua) Atsedenaldia. Iritsi dira atsedenera. Athletic 3-0 irabazten. Eskuan du Espaniako Kopako finaleko txartela. Finalerdiaren joanekoan 2-1 galdu zuen Sevillan.

(40. minutua) Navasen errematea. Arazorik gabe gelditu du Iraizozek. Ondo kokatuta zen.

(37. minutua) 3-0. Athleticen kontraerasoa, Llorentek pasea ezkerrera Toquerori, hau bakarrik zen, eta jaurtiketa zehatza egin du.

(35. minutua) Luis Fabiano zelaira. Fazio erdilaria kendu du Jimenezek eta Luis Fabiano aurrelaria atera.

(34. minutua) 2-0. Yestek ezkerretik erdiratu ondo eta Llorentek buruz gola.

(32. minutua) Gora errematatu du Martinezek. David Lopezek erdiratu du eskubitik eta Martinezek buruz gora.

(30. minutua) Gehiago da Athletic. Sevillak behera egin du azkeneko minutuetan. Zelai erdia dominatzen ari dira etxekoak, eta hegaletatik jokatzen, batik bat eskumatik.

(27. minutua) Txartel horia Faziori.

(26. minutua) Txartel horia Orbaizi.

(25. minutua) Partida orekatua doa. Bizi-bizi ari dira jokatzen bi taldeak. Etxekoek izan dituzte gol aukera gehiago. Baloiaren jabetza: Athleticek %58.

(23. minutua) Txartel horia Navasi. Partidako aurrena. Protesta egiteagatik atera dio Mejuto Gonzalez epaileak.

(13. minutua) Palopen geldiketa bikaina. Area txikian egin dio Iraolak errematea, bakarrik zela. Oso aukera ona galdu dute etxekoek.

(4. minutua) Javi Martinezen gola. Alboko sake baten ondoren ondo iritsi da Javi Martinez areara, errematatu egin du, Palopek gelditu eta alderatzea baliatuz gola sartu du Athleticeko erdilariak. 1-0. Oraingoz, Athleticena da finaleko txartela.

(20:00) Hasi da partida.



(19:53) Athleticen hamaikakoa. Iraizoz; Iraola, Ocio, Amorebieta, Koikili; David Lopez, Orbaiz, Javi Martinez, Yeste; Toquero, Llorente. Aulkian. Armando, Gurpegi, Gabilondo, Susaeta eta Velez.

Sevillaren hamaikakoa: Palop; Mosquera, Squillaci, Prieto, Fernando Navarro; Fazio, Romaric; Navas, Renato, Adriano; Kanoute. Aulkian: Javi Varas, Perotti, Duscher, Acosta, Capel, Luis Fabiano.

Epailea: Mejuto Gonzalez.

(19:20) Hotelera jarraitzaileak. 18:00etan hasi da, batik bat, giroa berotzen Bilbon. Athleticeko peƱek deituta, hainbat eta hainbat jarraitzaile jokalariak-eta zeuden hotelera joan dira -Carltonera-, eta horiek San Mamesera autobusez irten dutenean animatzen aritu dira zaleak. Bidean lagundu dituzte.

(19:13) Kopako azken finala, duela 24 urte. Athleticek orain dela 24 urte jokatu zuen azken finala (2-1 irabazi zion Atletico Madrilek), eta duela mende laurden irabazi zuen azken txapelketa (Bartzelonari).

(19:10) Aurtengo finala, maiatzaren 13an. Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatuko da. Asteazkena da maiatzaren 13a.

(19:05) Beste finalerdia 22:00etatik. Kopako beste finalerdiko itzulikoa ere gaur izango da: Mallorca-Bartzelona (22:00). Joanekoan Bartzelonan nagusi: 2-0.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.