Athleticek bolada txarrean segitzen du, eta baliteke gaitza dena izurrite bihurtzea baldin eta igandean Oviedori irabazten ez badio. Gaur, Txapeldunen Ligan, 2-0 galdu du Newcastleren kontra, St. James’ s Parken, eta lau jardunalditan hiru puntu poltsikoratu ditu soilik. Hala, oso zail jarri zaio txapelketan jarraitzea. Talde zuri-gorria ez da gaizki aritu, baina etxekoek ondoen egiten dakiten hori egin dute: zuzen jokatu, hegaletatik min egin, eta aurrean dituzten jokalarien garaiera baliatu golak sartzeko. Horrek eman dei garaipena. Zuri-gorriek bazuten ezaugarri horien berri, baina ezin izan diete aurre egin. Ligan eta Txapeldunen Ligan jokatu dituen azken hamar partidetatik hiru baino ez ditu irabazi Athleticek, eta ezinbestean hasi behar du joera aldatzen, egoera gehiago ez korapilatzeko. Bidea: gaurko partidan jokatutako azken ordu laurdena.Â
Zuhaitz eroriari orok egur dio esaerak. Bada, antzeko zerbait gertatzen ari zaio Athletici lesioekin. Williams anaiak eta Sancet etxean gertatu ziren min hartuta, eta Guruzeta zen aurrean aritzekoa. Gainera, bolada onean zen. Baina hotelean geratu behar izan du, gripeak eta gastroenteritisak jota. Horrenbestez, aurrelari postuan Unai Gomez ipini du Valverdek, eta Vesgak jokatu du punta erdian. Adamak eta Regok ere hasieratik jokatu dute.
Athleticek ondo ekin dio norgehiagokari. Newcastleren zelaian jokatu du, eta presioan ondo estutu. Baina bederatzigarren minutuan gola sartu dute etxekoek. Joelintonek sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo zegoelako. Hurrengoa, ordea, balekoa izan da: 11. minutuan sartu dute. Trippierrek falta bat jaurti du, eta, atzetik etorrita, Burnnek erremate ikusgarria egin du buruz. Atzelariak ez dira fin aritu zaintzan, eta aurkariak ez du barkatu. Â
Athleticek ondo erantzun du, eta ausart eta zuzen jokatzen jarraitu. Hainbat aldiz gerturatu da Pop atezainaren inguruetara. Adama berdinketa lortzear egon da hemezortzigarren minutuan. Bitan pentsatu gabe, jaurtiketa gogorra egin du area ertzetik, baina baloiak zutoina jo du. Athleticek berdin jarraitu du, baina Newcastle Ingalaterrako ohiko talde bat da, hau da, zuzen jokatzen du. Hegaletatik egindako erdiraketen bidez egiten du min. Horren adibide, ordu erdia jotzear zela egin duten jokaldia. Baloia Trippierri iritsi, eta bikain erdiratu du. Woltmadek, salto bikaina eginagatik, baloia kanpora bidali du buruz. Aurrelaria bi metro luze da, eta halako jokaldietan min handia egiten du.Â
Azken minutuetan, neurketak bizitasuna galdu du. Athleticek ez du horren bizi jokatu, eta, horrela, Newcastle erosoago ibili da, bigarren kolpea emateko zain. Bada, gertu izan du. Berriro ere, luze jokatutako baloi batean izan da. Vivian bigun aritu da Joelintonenekin izandako buruz burukoan. Aurrelariak baloia eraman du, eta Unai Simonen aurrean geratu da. Haren errematea hankarekin atera du atezainak. Geldiketa bikaina izan da.Â
Athleticek 45 minutu zituen gutxienez berdinketa lortzeko. Baina etxekoek beste gol bat sartu dute. 49. minutuan izan da. Burnek ezkerretik erdiratu du, eta Joelintonek arean buruz errematatu. Baloia sareetara joan da. Ez Vivian, ez Paredes ez dira gai izan hari gorputza sartzeko. Golak min egin dio Valverdek zuzentzen duen taldeari, eta etxekoak nahieran aritu dira hurrengo minutuetan. Kontrolpean izan dute baloia. Zuri-gorriei kosta egin zaie aurrera egitea.Â
Seltonen debuta
Baina gutxienez albiste on bat izan da partidan: Selton Sanchezen debuta, Lezamako hurrengo harribitxiarena. Harekin batera zelairatu da Nico Serreano, eta azken horrek urrutitik egindako jaurtiketa bat izan da zuri-gorriek bigarren zatian izan duten aukerarik argiena: 72. minutuan izan da. Baloiak bote egin du Pope atezainaren aurrean, baina hark ondo erantzun du. Hierro ere irten da. Aldaketei esker, beste txinparta batekin eta bestelako bizitasunez jokatu du Athleticek azken minutuetan, eta Hierrok eta Nico Serranok estu hartu dute Pop pare bat errematetan. Galdu arren, gutxienez burua gora amaitu du partida.
Newcastle-Athletic
Newcastle: Pope; Trippier, Thiaw, Botman, Burn (Hall, 65. min.); Tonali, Guimaraes (Miley, 65. min.), Joelinton; Barnes (Elanga, 71. min.), Gordon (Murphy, 41. min.) eta Woltemade (Ramsey, 83. min.).
Athletic: Simon; Areso (Gorosabel, 78. min.), Vivian, Paredes, Adama; Rego (Ruiz de Galarreta, 81. min), Jaurezigar (SĂ¡nchez, 70. min.), Vesga; Berenguer, Navarro (Serrano, 9. min.) eta Gomez (Hierro, m.78. min.).
Golak: 1-0: Burnek (11. min.); 2-0: Joelinton (49. min).