Athletic ez da Liverpool

Real Madrilen urduritasuna baliatu gura dute zuri-gorriek gaur iluntzean, beharrezko dituzten puntuak eskuratzeko

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Futbolean, bizitzako gainerako arloetan gertatzen den antzera, gaitza da teoria praktikan jartzea. Gaitza da oso zelaian egin behar dena egitea. Eskerrak, gainera. Futbolean talde guztiek dute elkarren berri. Jakinekoak dira batzuen eta besteen dohain eta gabeziak. Beraz, ez da gaitza izaten neurketa bakoitza ondo prestatzea. Ez luke behar behintzat.

Athleticek badaki zer egin behar duen Real Madril mendean hartzeko, Liverpoolek erakutsi zion bidea joan den asteartean. Rafa Benitez entrenatzaile espainiarrak beste eskola bikain bat eman zien gainerako teknikariei. Osasunako entrenatzailea izandakoa maisua da aurkariaren gabezia guztiak azaleratzen. Horregatik da horren arriskutsua Liverpool bi partidatara jokatzen diren kanporaketetan -jardunaldi askoko txapelketak irabazteko talde mugatuegia dauka-. Chelseak, Milanek eta beste hainbat taldek badakite zer den eurena baino apalagoa den talde baten aurrean ezinean aritzea. Baita Real Madrilek ere. Egun, ezin daiteke esan madrildarrak Liverpool baino gehiago direnik, baina gutxiago ere ez dira. Bi taldeen arteko aldea talde lanean dago: batzuek badakite zer egin behar duten emaitza onak eskuratzeko, eta besteek beren kalitatean oinarritzen dituzte garaipen gehienak.

Bada, Liverpoolek jakin bazekien nola irabazi behar zitzaion Real Madrili. Lehen minututik estututa. Aurkaria arnasa barik utzita. Gainerakoa jokalarien kalitateak eta Anfield Road bete zuten zaleen laguntzak egin zuen. Azken emaitza jakinekoa da (4-0). Athleticek ere antzeko estrategia erabiliko du Real Madrilen krisia areagotzeko. Epaileak txistua jo orduko presionatuko du. Zaleen babesa ere ez da faltako. San Mames ez da Anfield baino gutxiago izango -sarrera guztiak saldu dira-. Bete egingo da zelaia, eta beti legez babestuko du taldea. Beraz, jokalarien esku egongo da norgehiagokaren giltza.

Hor dago, hain zuzen ere, Liverpoolen eta Athleticen arteko alde nagusia. Taldeko jokalarien kalitatea da aldea. Ingalaterrako taldeak oso maila oneko jokalari asko ditu, eta bi edo hiru bikainak. Athleticek maila oneko zenbait jokalarirekin dauka konformatu beharra. Ondorioz, denbora guztian presioa ondo egin arren, ez dago argi etekina lortuko duen ala ez. «Gu ez gara Liverpool. Ez ditugu jokalari berberak. Gainera, ez daude bi partida berdin. Gu gure jokoa egiten ahaleginduko gara». Egia borobila esan zuen atzo Athleticeko entrenatzaileak.

Ramos, Lass Diarra, Pepe, Heinze eta enparauak estu hartzeko, Real Madrilen baloiaren irteera trabatzeko, Toquerok jokatuko du Llorenteren ondoan. Lehertu arte lan egiteko eta, aukera izanez gero, aprobetxatzeko agindua izango du aurrelari gasteiztarrak. Ez du neurketa guztia jokatzeko ardura izango. Nekatuta dagoenean Ion Velezek edo beste jokalari batek hartuko du haren lekua. Lan berbera egiteko, hain zuzen ere. Sevillaren kontra Espainiako Kopan egin zuen antzeko partida egin gura baitu Athleticek: presioa, erritmoa, gol azkarra eta kontraerasoa. Pauso horiek emanda irabazi gura du Athleticek. Puntuak behar dituelako. «Puntuak oso garrantzitsuak dira guretzat».

Jakina da gutxi-asko zer-nolako Athletic ikusiko den. Baina ez dago horren argi Real Madrilek nola erantzungo duen. Denboraldiaren lehen heren biak jokatu orduko txapelik irabazteko ia aukera barik geratu da. Liga baino ez zaio geratzen. Eta San Mamesen galtzen badu, hori ere ez. Hala ere, ez da komeni aurkaria gutxiestea. Joko onik egin barik irabazteko erraztasuna dauka talde zuriak. Sasoi honetan makina bat aldiz erakutsi du hori -jardunaldi gutxitan zortzi puntu jan zizkion Bartzelonari, eta garaitezina zela zirudien-, eta baita San Mamesen jokatu duen azken hiru norgehiagoketan ere.

Irabazle sena duen taldea da. «Real Madrilen ez du eraginik izango Txapeldunen Ligako porrotak. Talde horretan ari diren jokalari guztiak oso onak dira arlo guztietan: taktikoki, fisikoki eta teknikoki ez ezik, buru aldetik ere prest daude Real Madrileko jokalari guzti-guztiak. Ohituta daude egungo moduko egoerei aurre egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.