Fernando Llorentek ez du Athleticen jarraitu nahi, baina klubak ez du saltzeko asmorik. Sokatira moduko bat dago talde zuri-gorrian une honetan. Jokalariak jakinarazi dio zuzendaritzari Bilbotik urrun egin nahi duela bidea. Ordea, taldeak erantzun dio bi baldintza bete beharko direla hori gauzatzeko: lehena, jokalariak berak alde egin nahi izatea —hori betetzen da—, eta bigarrena, talderen bat etete klausula ordaintzeko prest azaltzea. Eta baldintza hori ez da betetzen oraingoz, inor ez baita prest agertu 36 milioi euroak ordaintzeko. Beraz, Llorentek elastiko zuri-gorria jantzita jarraituko du lanean.
Argi eta garbi mintzatu zen atzo Josu Urrutia Athleticeko presidentea, Ibaiganen emandako prentsaurrekoan: «Orain dela hamar egun jokalariak berak jakinarazi zidan niri telefonoz ez zuela Athleticen jarraitu nahi. Nik disgustua azaldu nion. Kasu honetan ere irizpide orokorra aplikatzea erabaki dugu. Guk ez dugu inor saldu nahi. Zergatik? Uste baitugu halako erabakiek min egiten diotela klubari. Athletic proiektu ezberdin bat da».
Llorenteren hitzek ez dute bat egiten taldearen filosofiarekin, Urrutiaren arabera: «Badakigu gure jokalariak ez direla munduko onenak, baina guk horiekin lehiatu nahi dugu. Zer egin dugu gurekin hamazazpi urte daramatzan jokalari batek ez duela kontratua luzatu nahi erantzuteko? Oso harro sentitzen gara daukagun filosofiaz, baina zerbait gaizki egin dugu. Hau dena porrot bat da. Lezamako jokalariek mezu egokia jaso dezaten, lan ona egin beharra daukagu».
Athleticek argudio sendoak erabili ditu Llorenteren erabakiaren aurka, baina jokalariak berak ere garbi utzi du zergatik alde egin nahi duen. Urrutiaren esanetan, arrazoi bat baino gehiago eman ditu: «Hainbat konturengatik ez du berritu nahi izan, baina bereziki, beste txapelketa batzuk jokatzeko aukera eduki nahi duelako». Esaterako: Txapeldunen Liga.
Oraingoz Juventusen izena agertu da guztien gainetik, baina Manchester United, Manchester City eta Tottenhamek ere galdetu dute Llorentegatik. Talde bat bera ere ez da prest egon 36 milioi euroak ordaintzeko, eta egoera ikusita, ezta egongo ere. 2013ko ekainean amaituko zaio lan hitzarmena errioxarrari, eta haren truk dirurik jaso gabe gera daiteke Athletic. Aurtengo sasoia egin egingo du Bilbon ziurrenik, baina asko arriskatuko du taldeak. Dena den, zuzendaritzaren helburua ez da dirua lortzea: «Athleticen nahia da Llorentek Bilbon jarraitzea. Berak badaki guk ez dugula saldu nahi. Inguratzen den talde orori gauza bera esango diogu: ez garela talde saltzaile bat. Gure asmoa ez da dirua lortzea, jokalariek ibilbidea hemen amaitu nahi izatea baizik». Hamabi milioi euro, hamalau edo hamasei jaso berdintsu dela adierazi du Urrutiak.
Slaven Koprivnicaren kontrako kanporaketan txistu hotsak entzun zituen Llorentek, eta ikusi egin beharko da orain nola hartzen duen San Mamesek. Itxura guztien arabera, ez du harrera onik edukiko. Urrutiak, baina, jokalariak orain arteko mailan jarraitzea espero du. Bestalde, presidenteak jakinarazi du Javi Martinezen eta Fernando Amorebietaren kontratuekin lanean ari direla. Eskaintza mahai gainean dute jokalariek, eta taldea erantzunaren zain dago.
«Athletic ezberdina da, eta Llorente ez dugu saldu nahi»
Josu Urrutiak baieztatu du Llorentek ez duela Athleticen jarraitu nahi eta erabakiak min handia egiten diola taldearen filosofiari2013ko ekainean amaituko zaio kontratua jokalariari, eta baliteke dohainik alde egitea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu