Athletic ezin da lo zelairatu gaur, Oviedoren aurka

Talde zuri-gorriak azken sailkatuaren zelaian jokatuko du gaur. Nico Williams deialditik kanpo geratu da berriro ere, baita Vivian eta Berenguer ere; hirurak min hartuta daude. Yuri eta Sancet, berriz, osatu dira.

Athleticeko jokalariak Guruzetak Levanteri sartutako lehen gola ospatzen. JAVIER ZORRILLA / EFE
Athleticeko jokalariak Guruzetak Levanteri sartutako lehen gola ospatzen. JAVIER ZORRILLA / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko otsailaren 15a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athleticek Oviedoren zelaian jokatuko du gaur, 14:00etan (La Liga). Eguerdiko kuluxka egiteko ordua izan ohi da hori, baina jokalari zuri-gorriak ezin dira lo zelairatu. Aurreko jardunaldian Levante mendean hartu zuten, eta jaisteko postuetatik aldendu ziren. Baina, gaur galduz gero, berriro gerturatuko lirateke beheko tokietara. Izan ere, sailkapenaren erdialdetik behera gauzak oso estu daude. Irabaziz gero, aldiz, arnasa lasaixeago hartzeaz gain, Europako postuetara gerturatuko lirateke. Gainera, bigarren garaipena lortuko lukete segidan. Ligako lehen hiru partidak irabazi eta gero, Athleticek ez ditu jarraian bi partida irabazi. «Emaitza bolada on bat lortzea behar dugu; horrek konfiantza emango liguke», adierazi zuen atzo Ernesto Valverdek.

Partida ona egitea ere komeni zaio talde zuri-gorriari, hiru aste barru Realaren aurka jokatuko duen Espainiako Kopako finalerdiari begira konfiantza berreskuratzeko. «Asteazkenean lortu genuen emaitza ez zen izan nahi genuena. Baina joaneko partida da. Gainera, ez dugu horretan pentsatu behar, baizik eta biharko [gaurko] neurketan».

Atalantaren zelaian egindako bigarren zatia alde batera utzita, Athleticek denbora luze darama partida biribil bat jokatu gabe. Egutegi betea izateak eta jokalari asko min hartuta egoteak ez diote lagundu. Gaurko neurketarako ere jokalari garrantzitsuak faltako ditu. Izan ere, Nico Williams, Berenguer eta Vivian min hartuta daude. Jokatzeko moduan dira, berriz, Vivian eta Sancet. Paredes ere deialdian da, Kopan txartel gorriagatik zigorra bete eta gero.

Oviedorekin zuhur

Hain zuzen ere, bi areatan eraginkorrago aritu behar du talde zuri-gorriak orain arteko jarduna hobetzeko. Hala onartu zuen atzo Valverdek: «Aurreko denboraldian, partida askotan utzi genuen gure atea hutsean, eta gora ere ondo egiten genuen. Denboraldi honetan, kostata ari gara, eta estu dauden partidak galdu egiten ditugu askotan». 

Erasoan aurrerapauso bat eman beharra dauka Valverderen taldeak, eraginkorrago aritu. Izan ere, kostatzen ari zaio sortzen dituen gol aukerak baliatzea. Talde zuri-gorria erremate gehien egin dituen bosgarren taldea da. 23 jardunalditan 230 egin ditu, partidako 10 batez beste. Baina sartutako golen zerrendan hamalaugarren dago. 25 aldiz zulatu du aurkariaren atea. 1,08 gol sartu ditu partidako. Aurreko sasoien, jardunaldi berdinean, 11 gehiago zeramatzan: 35. Hau da, 1,5 gol sartzen zituen neurketako. Hori garesti ordaindu du taldeak. Izan ere, atzean ere joan den denboraldian baino bigunago ari da. 223 erremate egin dizkiote, 9,7 partidako batez beste. 33 gol jaso ditu: 1,4 partidako. Aurreko sasoian hamahiru gutxiago ziren: 20. 0,8 gol neurketako.

«Aurreko denboraldian, partida askotan utzi genuen gure atea hutsean, eta gora ere ondo egiten genuen. Denboraldi honetan, kostata ari gara, eta estu dauden partidak galdu egiten ditugu askotan»

ERNESTO VALVERDE Athleticeko entrenatzailea

Gaur aukera aproposa izan dezake egoera hori iraultzen hasteko, aurrean sailkapenean azken tokian dagoen taldea izango baitu aurrean: Oviedo. Guillermo Almadak zuzentzen duen taldeak partida bat gutxiago jokatu du, baina soilik 16 puntu eskuratu ditu. Zazpi puntura ditu kategoriari eusteko postuak. Baina aurkaria ondo ikusten du Valverdek: «Irabazteko aukerak izaten ari da partida askotan. Erasora jotzeko arazorik ez duen taldea da. Asmatzea faltatzen ari zaio».

Oviedo-Athletic

Oviedo: Escandell; Nacho Vidal, Bailly, Carmo, Javi Lopez; Sibo, Colombatto; Hassan, Reina, Ilyas Chaira eta Fede Viñas.

Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Paredes, Laporte, Adama; Ruiz de Galarreta, Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams eta Guruzeta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.