Athletic, ezinezkoaren bila

Zuri-gorriek mirari bat beharko dute gaur Old Trafforden 0-3ko emaitza iraultzeko. Taldeko lau jokalari garrantzitsuenak faltako dira: Vivian, Sancet eta Williams anaiak.

Athleticeko Djalo eta Sannadi aste honetako entrenamendu batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Athleticeko Djalo eta Sannadi aste honetako entrenamendu batean. MIGUEL TOÑA / EFE
jon eskudero
2025eko maiatzaren 8a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Lehenaz gain, Europa ligako finalera sailkatzea are zailago bilakatu zaio Athletici. Aurrez jakina zen mirari bat beharko zuela gaur kanporaketa iraultzeko. Besteak beste, Manchester Unitedek 0-3 irabazi baitzuen joan den astean San Mamesen. Bada, zaplazteko hura gutxi ez, eta gaurko partidari begira taldeko lau jokalari onenak faltako ditu Ernesto Valverdek: Dani Vivian, Oihan Sancet, Iñaki Williams eta Nico Williams. Joaneko partidan epaileak txartel gorria atera ziolako etxean geratu da Vivian, eta min hartuta daude gainerako hirurak. Miraria lor zitekeela sinetsaraztea izan da klubaren helburua azken astean, eta esaldi bat plazaratu du sare sozialetan behin eta berriz: Zergatik ez? Ordea, panorama ikusita, benetan lan zailak izango dituzte zuri-gorriek. Gutxienez 3.000 zaleren babesa jasoko dute.

127 urteko historian izan duen erronkarik zailenetako bat edukiko du Athleticek. Hirugarrenez ariko da Europako finalerdi batzuetan, eta aurreko bietan finalera sailkatzea lortu zuen: 1977an eta 2012an. Nekezagoa da baikorra izatea oraingo honetan, eta historiak ere halaxe dio. 1955-1956 denboraldian Europako lehiaketetan kanporaketa bidezko sistema martxan jarri zenetik, soilik bitan gertatu da etxetik kanpo hiru golen aldea iraultzea. Ehunka eta ehunka kanporaketa jokatu dira urte hauetan guztietan, eta Athleticek behar duen adinako balentria soilik bitan gertatu da. Baloia biribila da, eta gutxienez saiatzera derrigortuta daude bilbotarrak.

Bi aldi horietako bat oso gertukoa da, eta euskal entrenatzaile baten eskutik lortua. Jose Luis Mendilibarren gidaritzapean, Olympiakosek emaitza irauli zuen joan den sasoian, Konferentzia Ligan, Maccabi Tel Aviven kontra. Final-zortzirenetako joaneko partidan, greziarrek 1-4 galdu zuten etxean. Hanka eta erdi lehiaketatik kanpo zuten, baina itzulerako lehian miraria egin zuten. Arauzko denboran 1-4 irabazi zuen Olympiakosek, eta luzapenean beste bi gol sartu zituen (1-6). Gerora Konferentzia Liga irabazi zuen Mendilibarren taldeak.

Beste kasua topatzeko 2009-2010 denboraldira jo beharra dago. Dinamo Bukarestek 0-3 galdu zuen etxean Slovan Liberec taldearen aurka Europa ligako atarikoan, joaneko partidan. Zehazki, etxekoak 0-2 galtzen ari ziren 88. minutuan, eta euren zaleek zelaira egin zuten salto. Epaileak bertan behera utzi zuen neurketa, eta UEFA-k zigorra jarri zion Dinamo Bukaresti: 0-3 galdutzat eman zion partida. Dena den, itzulikoan beste horrenbeste egin zuten errumaniarrek, 0-3 irabazita. Kanporaketak penaltietara jo zuen, eta talde bakoitzak hamarna penalti jaurti ondoren, Dinamo Bukarestek egin zuen aurrera.

Andoni Iraolaren kasua

Ezinezkoa dirudi Manchester Unitedi bere zelaian hiru golen aldea baino gehiagoz irabaztea, baina Athletici oso gertuko pertsona batek erakuts diezaioke horretarako bidea: Andoni Iraolak. Usurbildarra bi aldiz eseri da Old Traffordeko bisitarien aulkian, bietan Bournemouth zuzentzeko, eta bietan 0-3 irabazi du. Joan den denboraldian estreinakoz, eta sasoi honetan, bigarren aldiz. Zehazki, azken bi denboraldiak aintzat hartuta, Manchester Unitedek sei partida galdu ditu etxean hiru golen aldeaz: bitan Bournemouthen aurka, eta behin Liverpoolen, Totthenhamen, Manchester Cityren eta Newcastleren kontra. Ingalaterrako Ligako kasuak dira guztiak, baina Europa ligan bestelako aurpegia erakusten ari dira deabru gorriak. Oraindik ez dute partidarik galdu.

Aurkariari baino gehiago, Athleticek bereari begiratu behar dio, eta derrigortuta dago eraginkor jokatzera. Erasoan saiatu beharko du etengabe, eta zuri-gorriei golak sartzea asko kostatzen ari zaie azken partidetan. Gainera, sasoi honetako gol guztien %54 Williams anaiek edo Sancetek sartuak dira. Hiruretako inork jokatuko ez duenez, beste jokalari batzuek atera beharko dituzte babak eltzetik.

Valverdek daudenei erreparatu nahi die. «Ezin dugu pentsatu ez daudenengan. Zelaian egongo direnak dira garrantzitsuena, haiekin saiatuko gara kanporaketa iraultzen. Ez da erraza izango, joaneko partidaren emaitzagatik, baina beti espero dugu onena». 

Manchester United-Athletic

Manchester United: Onana; Yoro, Maguire, Lindelof, Mazraoui, Ugarte; Casemiro, Dorgu, Bruno Fernandes; Garnacho eta Hojlund.

Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Yeray, Paredes, Yuri; Prados, Galarreta, Jauregizar; Djalo, Berenguer eta Maroan.

Epailea: Daniel Siebert (Alemania).

Lekua: Old Trafford (74.197 ikusle).

Ordua: 21:00 (Movistar +).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.