Inor ase gabe jarraitzen du Athleticek. Hiru partida jarraian galdu ondoren, bazirudien bolada txarra amaitzeko aukera ezin hobea zuela gaur San Mamesen, Girona azken sailkatuaren aurka. Ordea, soilik puntu bat eskuratu dute zuri-gorriek, eta ederki kostata. Aspaldiko lehen zatirik txarrenaren ondoren, kataluniarrak 0-1 heldu dira aurretik atsedenaldira. Haserreak eraginda, kolpetik lau aldaketa egin ditu Ernesto Valverdek bigarren zatirako. Taldeak aurrerapauso bat eman du, eta Jauregizarrek sartu du banakoa, gol ikusgarri batekin. Beste gol bat gutxienez egiteko aukerak izan ditu taldeak, baina ez du asmatu, eta sentipen onak berreskuratu ezinda jarraitzen dute jokalariek. Krisia aipatzea gehitxo den arren, argitasunik gutxi dauka Athleticek.
Espero bezala, hasierako hamaikakoan berritasun ugari ezarri du Valverdek. Gorosabel eta Adama zelairatu ditu hegaletan, Vesga zelai erdian, eta Nico Serrano erasoan. Partidari erritmo eta intentsitate handian ekin diete zuri-gorriek, eta lehen minutuak baliatu nahi izan dituzte aurrea hartzeko. Jokoan nagusi izan dira. Ordea, Gironak sartu du gola. Lehenbizi Bryan Gilek huts egin du aukera garbi batean, eta hurrengo jokaldian iritsi da 0-1ekoa. Bryan Gilek berak pase ederra eman dio Ounahiri, eta hark jaurtiketa ikusgarria eginda gainditu du Unai Simon, 9. minutuan. Atezainak zerbait gehiago egin zezakeen.
Gola sekulako kolpea izan da Athleticentzat. Konfiantza iturri, berriz, Gironarentzat. Minutu zailak igaro behar izan ditu Valverderen taldeak, eta pixkanaka hasi da bere onera etortzen. Berriro ere jokoari abiadura eman diote bilbotarrek, baina zailtasun handiak izan dituzte zelaiaren hiru laurdenetatik aurrera. Gironako jokalariek gertutik zaindu dute Sancet. Dena den, pare bat aukera on izan ditu Valverderen taldeak. Sancet eta Guruzeta ez dira fin aritu erasoan. Argitasuna eta ideia falta nabaritu zaizkio taldeari, eta defentsan ere ohiko sendotasunik gabe jokatu du. Marmarra nagusitu da harmailetan, eta atsedenaldira bidean txistu batzuk ere entzun ahal izan dira.
Jauregizarren gola
Zaleek ez ezik, Valverdek ere haserre amaitu du lehen zatiarekin, eta lau aldaketa egin ditu kolpetik. Yuri, Areso, Ruiz de Galarreta eta Berenguer zelairatu ditu. Azkar jaso ditu fruituak. Izan ere, 47. minutuan sartu du banakoa Jauregizarrek, areaz kanpotik egindako jaurtiketa ikusgarri batekin. Hura izan da Athleticeko onena. Itsu-itsuan joan dira zuri-gorriak berdinketaren bila, eta 60. minutura bitarte oso nagusi izan dira. Zailena egin ondoren, minutu luzez agintzen aritu da Athletic, baina orain arteko partidetan bezala, txinparta falta izan du erasoan.
Besteak beste, Berenguerrek, Paredesek eta Robert Navarrok izan dituzte aukerak bigarren gola sartzeko, baina ez dute asmatu. Bolada txarrean murgilduta dago taldea, eta zelai gaiztoa bisitatuko du datorren larunbatean: Vila-realena.
ATHLETIC-GIRONA
Athletic. Unai Simon; Gorosabel (Areso, 46. min), Paredes, Laporte, Adama (Yuri, 46. min); Vesga (Ruiz de Galarreta, 46. min), Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet (Robert Navarro, 80. min), Nico Serrano (Berenguer, 46. min); eta Guruzeta.
Girona. Gazzaniga; Hugo Rincon (Lass, 85. min), Frances, Blind, Alex Moreno; Solis (Arnau, 75. min), Ivan Martin; Ounahi, Van de Beek (Portu, 33. min), Bryan Gil (Astrilla, 75. min); eta Vanat (Stuani, 85. min).
Golak. 0-1: Ounahik (9. min). 1-1: Jauregizarrek (47. min).
REALAK MALLORCARI IRABAZI BEHAR DIO BIHAR ANOETAN
Liga hasi baino ez da egin, eta larri dabil Reala: jaitsiera postuetan dago, bi puntu baino ez baititu lortu lehen bost jardunaldietan. 2006tik ez zen horren gaizki hasi. Sasoi horretan galdu zuen maila.
Azken hiru partidetan aritu da okerren; galdu egin ditu hirurak. Oker hasi da Sergio Franciscoren aldia. Lehenbailehen suspertu beharra du, giroa gaiztotzea nahi ez badu. Egun, ezinegona dago.
Hori dela eta, oso garrantzitsua da bihar Anoetan Mallorcaren aurka jokatuko duen partida (21:30, DAZN). Irabazi beharra du. Jagoba Arrasateren taldea ere jaitsieran dago, bi punturekin.
«Egun aproposa da joera aldatzeko. Aurrerapausoa eman behar dugu; ez dago aitzakiarik», esan du Sergio Franciscok. Aritz Elustondo min hartuta dago, eta Alex Lebarbier sartu du deialdian.
Alavesek, berriz, onbidera itzuli nahi du bihar, Getafen punturen bat lortuta (19:00, DAZN).