Athleticek garaipen garrantzitsua lortu du Sevillan (Espainia). Zuri-gorriek haizea alde dutela hasi dute denboraldia, jokatu dituzten hiru partidak irabazi dituzte, eta ezin hobeto iritsiko dira Espainiako Ligak datorren astean izango duen etenaldira. Gaur 1-2 irabazi diote Betisi La Cartuja estadioan; Bartrak bere atean sartu du lehen gola, eta Paredesek, buruz, bigarrena.
Lehen zatia intentsitate handikoa izan da. Inork ez du golik sartu, baina bi taldeek izan dituzte aukerak. Sekulakoa izan da lehia zelai erdian. Athleticek zenbait abagune izan ditu: Yuri saiatu da area kanpotik, Iñaki Williamsek buruz buruko bat huts egin du, baita Sanceten pase baten ostean izan duen aukera bat ere. Eta, azkenean, Betisek izan du gola gertuen: Pablo Garciak langara jaurti du baloia. Kontrol gehixeago izan du Betisek, baina abagune gehiago izan ditu Athleticek.
Golak bigarren zatian heldu dira. Partidako jokalaririk onenak, Yuri Berchichek, erdiraketa indartsu bat bidali du area txikira, baloia oker jo du Bartrak, eta bere atean sartu du. Neurketa bikaina jokatzen ari zen Betiseko atzelaria ere, baina haren akats bati esker iritsi da zuri-gorrien lehen gola.

Gola sartu ostean ere erasoan segitu du Athleticek. Baloi jabetzaren bidez erritmoa lasaitu nahi izan du Ernesto Valverderen taldeak. Azken aldaketak 84. minutuan egin ditu prestatzaileak; Robert Navarro zelairatu du, eta aurrelariak ukitu duen lehen baloian iritsi da bigarren gola. Erdiraketa ona egin du, Bartrak ukitu du baloia berriz ere, eta Paredesek ez du huts egin atezainaren aurrean.
Bakambuk 96. minutuan sartu duen golak jarri dio partidari gatza eta piperra. Athleticek arazorik gabe eutsi dio emaitzari, baina epaileak txartel gorri bana atera die Alex Padilla ordezko atezainari eta Ernesto Valverderi, denbora galtzeagatik. Zuri-gorriek lo lasai egingo dute etenaldian.