Erabat joera ezberdinean direla neurtuko dituzte indarrak gaur Athleticek eta Realak, San Mamesen (21:00, DAZN). Gain behera doaz zuri-gorriak, joko eta emaitza krisi betean. Txapeldunen Ligatik kanpo geratu berritan, kolpe handia hartuta iritsiko da lehiara Ernesto Valverdek entrenatutako taldea, baina suspertu beharra dauka. Izan ere, ligan azken bost jardunaldietan puntu bakarra bildu duenez, gero eta gertuago ditu jaitsiera postuak. Txanponaren beste aldean, behetik gora nabarmen egin du hobera Realak, eta joera berari eustea du xede, Europako postuetara gerturatzeko asmoz. Urtarrilean aldarte ezberdina erakutsi dute bi taldeek, eta otsailari garaipen batekin ekitea dute lehentasun. Sailkapenean 24 puntu dituzte bilbotarrek, eta hiru gehiago donostiarrek. Jokoan asko izango dute, eta, ohi bezala, derbi estua izango dela espero liteke.
Athleticek ligan lortutako azken garaipena topatzeko, joan den urteko abenduaren 6ra jo beharra dago: 1-0 hartu zuen mendean Atletico Madril. Ordutik ezin txarragoa izan da zuri-gorrien bolada. Lehenbizi, Celtaren kontra 2-0 galdu zuten, eta Espanyolen kontra 1-2 ondoren. Osasunarekin bana berdindu zuten urte hasieran, eta azken bi jardunaldietan galdu egin dute: 3-2 Mallorcan, eta 2-1 Sevillan. Oviedorekin batera, azken bi hilabeteetan Athletic bera da ligako talderik eskasena. Hori aski ez, eta Espainiako Superkopan astindua hartu izana eta batez ere Txapeldunen Ligari agur esan beharra oso mingarria izan da. Espainiako Kopan final-laurdenetarako sailkatzeak soilik arindu du mina.
Begien bistakoa da zulo beltzean sartzen ari dela Athletic. Urduritasuna gero eta nabariagoa da, eta lerro guztietan ari da kamuts. Batez ere, defentsan. Iragan sasoian 29 gol sartu zizkieten zuri-gorriei, eta denboraldi honetan, dagoeneko 30. Alde horretatik, etsigarri doa 2026a. Lehiaketa guztiak aintzat hartuta, hemeretzi gol hartu ditu Athleticek, partidako ia hiru. Neurketa bakar batean ere ez da gai izan atea hutsean mantentzeko. Bada, min hartutako jokalariekin ere arazo handia du Valverdek. Zelaian ez dira izango gaur Vivian, Laporte eta Sancet. Gutxienez, Jauregizar eta Iñaki eta Nico Williams jokatzeko moduan izango dira.
Valverderentzat «oso garrantzitsua» da gaurko partida, eta horren erakusle da Txapeldunen Ligatik kanpo geratu berritan esan zuela haientzat gaurkoa dela beren Txapeldunen Liga. Iritzi horri eutsi zion atzo. «Puntuak behar ditugu, kosta ahala kosta». Talde bakoitzaren sasoiari buruz, berriz, esan zuen Athleticek «bolada txarra eten» nahi duela, eta, Realak, aldiz, «bolada onari eutsi». «Ez dago alderik bien artean. Gainera, derbietan bakoitzaren egoera bazter batean geratzen da». Matarazzoren ukituaz, berriz, azaldu zuen egungo Reala Sergio Franciscorenaren «oso antzekoa» dela: «borrokalaria». Â
Galdu gabe oraindik
Athleticen krisia baliatu nahi du Realak hiru puntuak eskuratzeko. Pellegrino Matarazzok taldearen kargua hartu zuenetik, txuri-urdinek ez dakite zer den galtzea. Urtarril distiratsua izan dute, eta Matarazzo bera izendatu du ligako hilabeteko entrenatzailerik onena. Jokoan izandako azken hamabi puntuetatik hamar eskuratu ditu Realak, eta kontuan hartu behar da neurri handiko aurkariak izan direla tartean. Atletico Madrilen aurka bana berdinduta ekin zion taldeak urteari, eta azken hiru partidetan irabazi egin du: Getaferi 1-2, Bartzelonari 2-1 eta Celtari 3-1. Hori aski ez, eta Espainiako Kopan ere zortzi onenen artean dira donostiarrak, Osasuna penaltietan gainditu ondoren.
Emaitzei dagokienez ez ezik, jokoaren aldetik ere itxuraldatu egin du taldea Matarazzok. Sendotasuna irabazi dute atzean, eta distira aurrean. Dena den, entrenatzaileak nahiago du zuhurra izan. «Badakit zer den derbi hau, aste honetan jabetu naiz. Oso garai onean gaude, eta horixe baliatu behar dugu irabazteko. Lortu dezakegu. Nortasuna erakutsi behar dugu, eta dueluetan indartsuak izan behar dugu». San Mames ezagutzen du Matarazzok, joan den asteazkenean bertan izan baitzen Athletic eta Sporting Portugalen artekoan. «Zaleek asko bultzatu ohi dute, baina geure buruarengan sinestea funtsezkoa izango da».
Realeko entrenatzaileak gaur emango du deialdia. Ziurrenik, Barrenetxea ez da egongo zerrendan, min hartuta baitago. Aldiz, baliteke Wesley egotea deialdian, Realak Al-Nassr Saudi Arabiako taldetik berriki fitxatutako jokalaria. 20 urteko erasoko erdilari brasildarra sasoia bukatu arte ariko da talde txuri-urdinean, eta klubak hura fitxatzeko aukera izango du gero, hamabi milioi euroren truke. Kubo luzerago dago min hartuta, eta Realak Wesley fitxatu du haren ordez aritzeko. Brasildarra jokatzeko prest dago.