Athleticek arnasa hartu du, derbian Osasunari irabazita

Zuri-gorriek ez dute distiratsu jokatu, baina urrezko hiru puntu lortu dituzte mailari eusteko. Osasunak estutu egin ditu bigarren zatian. Guruzetak egin du etxekoen gola, eta Budimirrek penalti bat huts egin du.

Iñigo Ruiz de Galarreta eta Aimar Oroz, lehian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iñigo Ruiz de Galarreta eta Aimar Oroz, lehian. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2026ko apirilaren 21a
22:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den jardunaldian jarraitzaileek belarrietatik tiratu izanak fruituak eman dizkio gaur Athletici. Jaitsiera postuetatik urrundu ahal izateko, hiru puntu behar zituen Ernesto Valverderen taldeak, eta ezin zuen huts egin Osasunaren aurka San Mamesen. Ederki sufritu dute zuri-gorriek, eta, lan distiratsurik egin ez badute ere, Osasunak baino meritu gehiago egin dute irabazteko. Zati bakoitzean talde batek agindu du: lehenengoan Athleticek, eta bigarrenean, berriz, Osasunak. Gola, ordea, etxekoek soilik sartu dute. Gorka Guruzetak egin du partidako gol bakarra, 16. minutuan. Bigarrenean, Budimirrek aukera ezin hobeak izan ditu lehia berdintzeko, batez ere penalti puntutik. Baina Unai Simonekin topo egin du, eta, haren lan onari esker, Athleticek garaipen handia lortu du. 

Jokoari esker baino gehiago, bihotzari esker gailendu dira zuri-gorriak. Zaleek eta jokalariek bake akordioa sinatu dute, eta jarraitzaileen bultzada ezinbesteko bihurtu da. Ezagun zen jokalariak urduri zeudela, batez ere azken minutuetan, baina aspaldi lortu ez duten gauza bat lortu dute: atea hutsean gelditzea. Athletici ez zitzaion halakorik gertatua abenduaren 6tik, eta aurkariek golik sartu ez izanak asko lagundu dio irabazteko. Hala, zuri-gorriek 41 puntu dituzte orain sailkapenean, eta gorritxoek bi gutxiago, 39. 

Hasierako hamaikakoan aldaketak egin dituen talde bakarra Athletic izan da. Besteak beste, Oihan Sancet eta Dani Vivian aulkian utzi ditu Valverdek. Esanguratsua izan da Sanceten inguruan hartutako erabakia, baina asmatu du entrenatzaileak. Izan ere, partidari askoz hobeto ekin dio etxeko taldeak. Indartsu eta bizi zelairatu da, partidaren garrantziaz jabeturik. Jokalari guztiek jardun dute kontzentraturik eta lehiakor. Hala, 4. minutuan iritsi da zuri-gorrien lehen abisua. Korner bat baliatuta, buruz egin du errematea Guruzetak, eta Lucas Torroren eskua jo du baloiak. Penaltia adierazi du epaileak. Dena den, jokaldia berriz ikusi ondoren, bertan behera utzi du erabakia.

Jokoa geldirik egon da hiruzpalau minutuz, eta horrek mesede egin dio Osasunari. Neurria hartu dio lehiari, eta orekatu egin da jokoa. Hori bai, nafarrek mehatxurik txikiena ere ez dute egin erasoan. Zailtasun handiak izan dituzte atzetik baloia jokatuta ateratzeko, eta baloi luzeetan ere Budimir topatu ezinda ibili dira. Bada, partida berdinduen zegoen garaian egin du 1-0ekoa Athleticek. Nico Williamsek jokaldi polita osatu du area barruan, eta, haren jaurtiketa Sergio Herrerak geratu badu ere, Guruzetak ez du huts egin aldaratzean. 

Golak arnasa eman dio Athletici, eta bestelako jokoa egiteko modua eman. Presioan zoroen gisa ibili gabe, Osasunari eman dio baloia, kontraerasoan jokatzeko helburuz. Eroso aritu da etxeko taldea, eta aurrean mehatxurik txikiena ere ez du egin Osasunak. Victor Muñozek jokaldi pare bat egin ditu ezker hegaletik, baina haren erdiraketek ez dute fruiturik eman. 

Unai Simon, distiratsu

Bigarren zatian bestelako nortasuna erakutsi du Osasunak. Erasokorrago zelairatu da, eta 56. minutuan aukera ederra izan du banakoa egiteko. Jokaldi nahasi batean baloia eskuarekin urrundu du Yerayk, eta, errepikapena ikusi ondotik, penaltia adierazi du epaileak. Budimirrek konfiantza handia erakutsi ohi du penalti puntutik, baina Unai Simonek aparteko geldiketa egin dio. 

Aukera huts egin izanagatik, ez du behea jo Osasunak, eta beste aukera dotore bat izan du aurrelariak, buruz, 77. minutuan. Bazirudien baloia sarera zihoala, baina Unai Simon agertu da berriro ere atepean. Meritu handiko geldiketa egin du. Azken minutuak sufrimendu handikoak izan dira Athleticentzat, baina, hortzak estututa, eutsi egin dio emaitzari.

Athletic-Osasuna

Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Yeray, Laporte (Vivian, 74. min) Yuri (Adama, 81. min); Ruiz de Galarreta (Rego, 64. min), Jauregizar; Iñaki Williams, Berenguer (Sancet, 64. min), Nico Williams (Navarro, 64. min); eta Guruzeta.

Osasuna: Sergio Herrera; Rosier, Boyomo, Herrando (Raul Garcia de Haro, 84. min), Galan; Moncayola (Moi Gomez, 84. min), Torro (Ruben Moro, 71. min.); Ruben Garcia (Iker Muñoz, 71. min), Aimar (Kike Barja, 78. min.), Víctor Muñoz eta Budimir.

Gola: 1-0: Guruzetak (16. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA