Athleticek Txapeldunen Ligan jarraitzeko aukerak ditu oraindik, PSGren aurka puntu bat lortu ostean: 0-0. Talde zuri-gorria bikain lehiatu da egungo Europako txapeldunaren aurka. Partida handia jokatu du, eta buruz buru lehiatu da Frantziako taldearen aurka. Gau handi horietakoa izan da San Mamesen. Ernesto Valverderen taldeari gol bat sartzea baino ez zaio falta izan egindako lan bikaina biribiltzeko. Izan ere, ausart jokatu du, eta sufritu behar izan duenen ere bikain jardun du. Unai Simonek, gainera, lau geldiketa bikain egin ditu, bigarren zati hasieran PSGk estutu egin baitu. San Mames lepo bete duten zaleak asebeteta eta harro joan dira etxera. Bost puntu bilduta, orain, talde zuri-gorriari bi final geratzen zaizkio 24 onenen artean geratzeko. Aurkariak: Atalanta eta Sporting Lisboa.Â
Erronka handia zuen Athleticek, egungo txapelduna baitzuen aurrean. Horri heltzeko, larunbatean Atletico Madril mendean hartu zuen taldearekin alderatuz, atzean egin ditu aldaketak Ernesto Valverdek. Laporte min hartuta zegoen, eta Paredes zigortuta. Horrenbestez, Vivianek eta Yurik jokatu dute erdiko atzelari postuan; ezker hegalean, berriz, Boiro aritu da. PSGn Chevalier atezaina, eta Beraldo, Hakimi eta Dembele Parisen geratu dira. Baina puntako hamaikakoa atera du Luis Enriquek: Nuno Mendes, Joao Neves, Vitinha, Kvaratskhelia eta Barcola, besteak beste, hasieratik aritu dira.Â
Athleticek presio estua eta aurreratua eginez hasi du norgehiagoka, garaipena behar baitzuen. Horrek arrisku bat zuen: PSGk presio hori gaindituz gero, hutsuneak izango zituen aurrera egiteko, eta horretan Frantziako taldea oso trebea da, min asko egiten du. Lehen minutuetan ez da aparteko aukerarik izan. Athletic pare bat aldiz gerturatu da Safonoven atera, bisitariek ere goian egin baitute presioa, eta atzealdearen bizkarrera ere hutsuneak utzi dituzte. Bisitariek 18. minutuan sortu dute lehen aldiz arriskua Unai Simonen atean. Jokoa batetik bestera aldatu, eta Fabian ia bakarrik geratu da Athleticen atezainaren aurrean. Ruiz de Galarretak karga txiki bat egin dio, eta erdilariari kanpora joan zaio errematea. 25. minutuan, berriz, Valderdek zuzentzen duen taldeak sortu du abagunea. Aresok, Guruzetak eta Sancetek jokaldi ona lotu dute. Erdilariak errematatu du, baina gora joan zaio.Â
Bikain lehiatu da lehen ordu erdian Athletic, PSGrekin buruz buru. Presioan asmatu egin du, ondo egon da kokatuta zelaian, eta aurrera ere egin du, horretarako aukera izan duenean. Gauza bakarra falta izan zaio: Safonoven atean arrisku gehiago sortzea, eta jokaldiak amaitzea. Lehen zatiaren azken txanpan PSGk zuzenago jokatu du, eta estuago hartu du talde zuri-gorria. Hiruzpalau aldiz gerturatu da Athleticen atera, eta, erlojua 45. minutura iristear zela, lehen zatiko abagunerik argiena izan dute frantziarrek. Bizkor atera dira aurrera, eta Zaire-Emeryk egin du erdiraketa; baloia Mayuluri iritsi zaio area txikian, eta Unai Simonek bikain aldendu du haren jaurtiketa. Ondoren, Ruiz de Galarretak kornerrera bidali du baloia. Susto horrekin amaitu da lehen zatia.
PSGren estutua
Bigarren zatia hasi eta berehala, PSGk beste aukera argi bat izan du. Mayuluk egin du berriro ere errematea, eta Unai Simonek eskuin eskuarekin aldendu du baloia. Luis Enriquek hegalez aldatu ditu Barcola eta Kvaratskhelia, eta Georgiakoak estu hartu du Adama. Bisitariek biziago jokatu dute, baloia batetik bestera mugituz, eta kontraerasoan ateraz. Lehen hamar minutuetan bost korner atera dituzte. Hortzak estutzeko garaia zen, eta baloia kontrolatzekoa. Izan ere, zuri-gorriei ez zitzaien komeni joan-etorriko partida bat.
Bisitariek atzean sartu dute Athletic, baina zuri-gorriek ondo eutsi diote frantziarren lehen oldarraldi horri. Ondoren, atzerapauso bat eman duten presioan, nekea pilatu baitute. Apustua argia zen: kontraeraso batean ezustean harrapatzea Luis Enriquek zuzentzen duen taldea. Baina PSGk nagusi izaten jarraitu du. 66. minutuan jokaldi bikaina lotu dute, eta Barcolak langara bota du baloia.Â
Valverdek aldaketak egin behar zituen taldeari hauspoa emateko, eta Unai Gomezen ostean, Rego, Gorosabel eta Hierro zelairatu ditu Aresoren, Sanceten eta Jauregizarren partez. Geroago, Vesga irten da, Ruiz de Galarretaren ordez. Aldaketek eta zaleen babesak indarra eman diote azken txanpan Athletici, eta berriro ere buruz buru lehiatu da Europako txapeldunaren kontra. 79. minutuan Berenguerri gutxigatik joan zaio kanpora errematea. PSGren azken aukera 87. minutuan iritsi da. Unai Simonek geldiketa bikaina egin dio Fabian Ruizi, eta bigarren errematea Yurik atera du golaren arrastoan. 0-0 amaitu da partida, eta merezi bezala agurtu dute taldea zaleek.