Espainiako Kopa

Athletic Real Madrilen aurka arituko da Kopako finalerdietan

Maiatzaren 24an jokatuko ditu finalerdiak Athleticek, Leganeseko Butarque futbol zelaian. Espainian lehen aldiz izango da VAR-a erabiltzeko aukera emakumeen futbol partida batean, baina finalean soilik.

Athleticek eta Real Madrilek Lezaman ligako partida jokatu zuteneko argazki bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 25a
14:25
Entzun

Real Madril egokitu zaio Iraia Iturregiren Athletici Espainiako Kopako finalerdietako partidarako. Gaur egin dute zozketa, Espainiako Federazioaren egoitzan, eta zuri-gorriek ez dute alde izan zortea. Real Madril bigarren da sailkapenean, eta sasoi honetan elkarren aurka jokatu dituzten bi partidak irabazi dituzte madrildarrek. Lauko finala Leganesen jokatuko da, Butarque futbol zelaian, eta Athletic eta Real Madril maiatzaren 24an arituko dira (21:00). Finalerdietako beste partida Alhamak eta Atletico Madrilek jokatuko dute, bezperan, eta finala maiatzaren 27an izango da. Espainian lehen aldiz, VAR-a erabiltzeko aukera izango dute epaileek emakumeen futbol partida batean, baina finalean soilik.

Oso informazio gutxi izan da azken hilabetean Espainiako Kopako lauko finalaren inguruan. Ez zegoen argi non eta noiz jokatuko zen, baina jada argitu dira zalantzak. Duela astebete eskas jakin zen Butarquen jokatuko zela, eta, gaurko zozketaren ostean, baloia soropilean jartzea besterik ez da falta. Athleticek ez du zorte handirik izan. Real Madril ligako talderik indartsuenetako bat da, eta haiek bakarrik jarraitu diote sasoi osoan Bartzelona handiaren erritmoari. Aurten hiru urte beteko dira Real Madrilek emakumeen futbol taldea sortu zuenetik, eta, izen handiko fitxaketak zirela medio, bi urteren buruan Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu ziren. Aurten jokatu dute Europako txapelketa nagusian lehen aldiz, eta, liga amaitzeko lau partida gelditzen diren honetan, datorren urtean hartan aritzeko sailkatuta daude jada. Zenbait aurpegi ezagun ere badaude, talde horretan ari baitira Nahikari Garcia Realeko aurrelari ohia eta Maite Oroz Athleticeko jokalari ohia.

Athleticek galdu egin ditu sasoi honetan ligan Real Madrilen aurka jokatu dituen bi partidak. Hala ere, ligan ez bezala, Kopan oso erregular aritu dira Iturregirenak. Lehenik Madril CFF utzi zuten kanpoan, 0-1 irabazita, eta, ondoren, Osasuna kaleratu zuten zuri-gorriek. 1-2 nagusitu ziren Taxoaren. Athleticek duela hiru urte jokatu zituen Espainiako Kopako finalerdiak azken aldiz. Logroño izan zuen aurkari, eta Errioxako taldea igaro zen finalera.

Bestalde, Espainiako Futbol Federazioak gaur jakinarazi du lehen aldiz VAR-a erabiliko dela Espainian emakumeen futbol partida batean. Talde eta jokalari askok eskatu du gizonezkoen ligan bezala epaileak bideo bidez epaitzeko aukera izatea, eta azkenean iritsi da. Hala ere, epaileek finalean soilik izango dute laguntza hori. Finalerdietan ez da VAR-ik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.