GETAFE 0-2 ATHLETIC

Athletic Txapeldunen Ligarako sailkatu da

Talde zuri-gorriak nagusitasunez irabazi du Getafen, eta Europako kluben arteko txapelketa nagusia jokatuko du, azkenekoz hori egin eta 11 urte geroago.

Gorka Guruzeta. MARISCAL / EFE
Gorka Guruzeta, hark sartutako gola ospatzen, partidako lehena. MARISCAL / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko maiatzaren 15a
23:22
Entzun 00:00:0000:00:00

Athleticen inguruak kolpe gogorra hartu zuen duela astebete. Aspaldiko ametsa bete ezinik geratu zen: Europa ligako finala jokatzea, non eta etxean, San Mamesen. Astebete geroago, ordea, mina arindu zaie zale zuri-gorriei, euren taldeak gauza handia egin baitu gaur gauean: Txapeldunen Ligarako sailkatu da. Seigarren aldiz jokatuko du Europako kluben arteko txapelketa garrantzitsuena, seigarren aldiz 127 urtean. Horrek agerian uzten du zenbateko meritua duen lortutakoak.

Athletic duela 11 sailkatu zen azken aldiz Txapeldunen Ligarako: 2013-2014ko sasoian. Oraingoan bezala, orduan ere Ernesto Valverde zen taldearen entrenatzailea. Beste behin, Athleticek denboraldi aparta egin du haren aginduetara, eta alde handiz bete du helburua: bigarren urtez jarraian Europarako sailkatzea. Baina jauzia egin du urtebetean: Europa ligan aritu da sasoi honetan, eta, Txapeldunen Ligan hartuko du parte hurrengo denboraldian.

Getafen (Espainia) aritu da gaur Athletic, eta zelaira irten aurretik bazekien zer behar zuen Txapeldunen Ligarako sailkatzeko. Betisek bina berdindu berri zuen Rayo Vallecanorekin, Vallecasen, eta, beraz, zuri-gorriek Getaferi irabazten bazioten, ziurtatua izango zuten helburua. Berdinduta ere ia patrikan zuten, baina zain egon behar zuten oraindik ospatzeko. Baina ez dute zain egon nahi izan, eta behar zutena egin dute: 0-2 irabazi diote Getaferi. Kito. Belarriak prest dituzte Txapeldunen Ligaren ereserki mitikoa entzuteko.

Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu eta gero, Athleticek badu beste helburu bat: laugarren postuari eustea. Eusten badio, Espainiako Superkopa jokatuko du, eta ez ditu jokatu beharko Espainiako Kopako lehen bi kanporaketak; oso kontuan hartzeko zerbait da hori. Vila-realek bakarrik hartu diezaioke aurrea sailkapenean. Bi jardunaldi falta dira jokatzeko, eta Bizkaiko taldeak hiru punturen aldea du, baita gol alde hobea ere. Athleticek Valentziari egingo dio bisita igandean, eta Bartzelona ligako txapelduna hartuko du azken neurketan. Vila-realek, berriz, Bartzelonaren zelaian jokatuko du igandean, eta Sevilla jasoko du azken norgehiagokan.

Athleticentzat denboraldia biribiltzea litzateke laugarren izatea. Iaz baino koska bat gorago geratuko litzateke, baita azken hamar urteetako posturik onena berdintzea ere: laugarren izan zen 2013-2014ko sasoian; hain zuzen, Txapeldunen Ligarako sailkatu zen azken aldian. Hirugarren izateko aukera ere badu, hiru puntura baitu Atletico Madril. Baina oso zaila da hori lortzea, Espainiako taldeak gol alde hobea baitu. Baina ez da ezinezkoa. Atletico Madrilek Betis hartuko du igandean, eta Gironaren zelaian ariko da liga bukatzeko.  

Athletic distiratsu aritu da denboraldiaren zatirik handienean. Horri esker ariko da Txapeldunen Ligan. Baina luze egin zaio sasoia, eta, aspaldian, sufritzen jakinez egin du aurrera. Ez da harritzekoa, gaurkoa kontuan hartuta zuri-gorriek 53 partida jokatu baitituzte sasoi honetan. Neke horrek ondorioak izan ditu, eta zenbait jokalari garrantzitsuk min hartu dute azkenaldian: Williams anaiek, adibidez. Horri guztiari Getaferen gisako talde gogor baten aurka jokatu behar izatea gehituz gero, ez da harritzekoa gaurko neurketa horren trinkoa izan izana. Hala ere, gai izan dira sufritzen jakin eta irabazteko.

Ezer gutxi gertatu da lehen zatian. Ez da gol aukera garbi bakar bat ere egon. Jokaldirik aipagarriena Athleticeko jokalariek eskatutako penalti bat izan da. Hamalaugarren minutuan, Berenguerrek erdiratu egin du eskuinetik, eta baloiak Aldereteren eskuan jo du. Epaileak ez du ezer adierazi, haren ustez baloiak errebotez jo baitu Getafeko atzelaria. VAR-ak aztertu egin du jokaldia, baina ez du aldatu epailearen erabakia. Hori, eta 36. minutuan Guruzetak kanpora botatako jaurtiketa izan dira Athleticen arrisku jokaldi bakarrak. Getafen, berriz, Arambarri ahalegindu da gehien, baina alferrik.

Bigarren zatia antzera hasi da. Hori ikusita, Valverdek bi aldaketa egin ditu 57. minutuan: Adama eta Sancet zelairatu ditu Unai Gomezen eta Maroanen ordez. Aldaketek on egin diote taldeari, eta arriskua sortzen hasi da. Berenguerrek bi aukera izan ditu, baina ez du asmatu. Hobeto ari zen Athletic, baina Cobak sustoa eman dio 69. minutuan. Zorionez, Unai Simonek bikain gelditu dio jaurtiketa.

Guruzetaren eta Vivianen golak

76. minutuan, ordea, saria jaso dute zuri-gorriek. Duartek baloia ukitu du bere areatik gertu; baloia solte gelditu da, eta han azaldu da Guruzeta ezkerrez jaurti eta gola sartzeko. Zuri-gorriek pozarren ospatu dute gola. Ez da gutxiagorako, gol horrek ziurtatu egiten baitzien Txapeldunen Ligan aritzea.

Aldeari eutsi beharra zioten, baina hori baino gehiago egin dute, Vivianek bigarren gola sartu baitu korner batean 89. minutuan. Gol horrek erabakita utzi du partida. Pozarren ospatu dute garaipena. Historikoa da. Athletic berriro ariko da Europako talderik onenekin.

GETAFE-ATHLETIC
Getafe. David Soria; Iglesias (Nyom, 85. min), Duarte, Alderete, Diego Rico; Terrats (Ismael, 85. min), Milla, Arambarri, Coba (Peter, 79. min); Uche (Bertug, 85. min) eta Alvaro Rodriguez (Borja Mayoral, 68. min).
Athletic. Unai Simon; Gorosabel (De Marcos, 85. min), Vivian, Yeray, Yuri; Jauregizar (Ruiz de Galarreta, 85. min), Vesga; Berenguer (Unai Nuñez, 91. min), Unai Gomez (Adama Boiro, 57. min), Guruzeta; eta Maroan (Sancet, 57. min).
Golak. 0-1. Guruzetak (76. min). 0-2: Vivianek (89. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.