Txapeldunen Ligaren ereserkia ez da berriro entzungo San Mamesen denboraldi honetan. Athletic lehiaketa horretatik kanpo geratu da. Bere eskuetan zuen kanporaketarako sailkatzea, baina aukera horrek ihes egin dio gaur, 2-3 galdu baitu Sporting Portugalen aurka San Mamesen, ligaxkako azkeneko jardunaldian. Emaitza horrek eta kanporaketarako sailkatzeko lehian zebiltzan beste taldeen emaitzek zapuztu egin dute zuri-gorrien nahia. 29. postuan sailkatu dira azkenean.
Kito. Athleticek egin ditu egin beharrekoak Txapeldunen Ligan. 11 urteren ondoren aritu da berriro Europako kluben arteko lehiaketa nagusian. Horretaz gozatzeaz gain, lehiakorra izatea zen talde zuri-gorriaren helburu nagusia. Bada, lehiakorra izan da, batez ere ligaxkaren bigarren zatian. Izan ere, gaizki ekin zion, eta hobetu egin zuen gero. Hala ere, oso zail jarri zitzaion kanporaketarako sailkatzea. Kinka larrian zegoenean, ordea, susperraldi ederra izan zuen Bergamon, Italian. Aldeko jarri zitzaion sailkapena, baina azken pausoa ematea falta: San Mamesen Sporting Portugali irabaztea. Hori eginez gero, ia ziur ariko zen kanporaketan. Berdinduta ere sailkatu zitekeen, baina horretarako, aurkarien emaitzek mesede egin beharko zioten. Baina ez irabazi, ez berdindu, galdu egin du gaur, eta azken urratsa egin ezinik geratu.
Gaur, zelaian, Athleticeko jokalariek ezin izan dute biribildu euren jarraitzaileek aurretik hasitako lana: neurketa hasi aurretik, sekulako giroa sortu dute, eta, gero, partida jokatzen ari zela, jo eta ke aritu dira taldea animatzen. Babesik ez zaie falta izan jokalariei. Baina babes hori ez da nahikoa izan Sporting Portugal mendean hartzeko. Talde indartsua da Lisboakoa, eta hari irabazteko bete-betean aritu beharra dago derrigorrez. Baina egungo Athletic ez dago sasoiko. Hori aski ez, eta jokalari garrantzitsuak falta zaizkio. Sasoi betean egonda zaila baldin bada Sporting Portugali irabaztea, zer esanik ez sasoiko egon gabe.
Zaleek hauspotuta, Athletic gogotsu irten da, Sportingi bere zelaian presioa eginez. Berehala jaso du saria, hirugarren minutua bete aurretik: Sancetek baloi bat jaso du arean, eta eskuinez gola sartu. Nekez has zitekeen hobeto partida. Baina etxekoen pozak oso gutxi iraun du, zeren, bederatzi minutu geroago, korner batean, Diomandek banakoa egin baitu.
Bisitarien golak apaldu egin ditu etxekoak, baina zaleen animoek susperrarazi dituzte gero, eta presioa egiteari ekin diote berriro. Egin, eta arrakasta lortu. 28. minutuan, Guruzetak baloia kendu dio zelairatu berria zen aurkari bati, Matheus Reisi. Atera jaurti du, eta baloiak zutoina jo du. Baina, aldaratzea jaso, eta bigarren ahaleginean sareetara bidali du. Athletic aurretik zen berriro. Horrela bukatu da lehen zatia. Egoerak itxura ona zuen, baina bigarren zatia falta zen jokatzeko.Â
Bigarren zatia ere bizi hasi da, eta bi taldeek izan dituzte gol aukerak. Hasi eta gutxira, Sancetek min hartu du, eta Ernesto Valverdek Berenguer zelairatu du haren ordez. Rui Borgesek, berriz, hiru aldaketa egin ditu kolpe batez: Quaresma, Pedro Gonçalves eta Morita zelairatu ditu Diomanderen, Bragançaren eta Joao Simoesen ordez. Aldaketek on egin diote Sportingi, eta Athletic estu hartzen hasi da. Azkenean, saria jaso du. 62. minutuan, atzelari zuri-gorriak eskas aritu dira arean, eta Trincaok baloia jaso eta gola sartu du, binakoa.
Athleticek suspertu egin beharra zuen, eta, hori egiteko asmoz, Valverdek Selton eta Vesga zelairatu ditu Ruiz de Galarretaren eta Unai Gomezen ordez. Baina inork arriskua sortzen badu, Sportingek sortzen du. Adibidez, 72. minutuan, gola sartu du Luis Suarezek, baina baliogabetu egin diote, jokoz kanpo egoteagatik. 78. minutuan, berriz, epaileak Adamaren penaltia adierazi du, baina iritzia aldatu du jokaldia telebistan ikusi eta gero.Â
Gola sartu behar zuen Athleticek, eta 81. minutuan, Valverdek aldaketak egin ditu erasoan: Asier Hierro eta Nico Serrano atera ditu Robert Navarroren eta Guruzetaren ordez. Itsu-itsuan aritu dira zuri-gorriak atea zulatu nahian, eta Alisson Santosek hori aprobetxatu du 93. minutuan gola sartzeko. Gol horrek errematea eman dio Athletici.
Gaur gertatutakoa kolpea da zuri-gorrientzat. Hala ere, berehala altxatu behar dute burua, hainbesteko distirarik ez izanagatik garrantzi handiagoa duten lanei heldu behar baitiete: Espainiako Ligari eta Kopari.Â
ATHLETIC-SPORTING PORTUGAL
Athletic. Unai Simon; Gorosabel, Paredes, Yuri, Adama; Rego, Ruiz de Galarreta (Vesga, 66. min); Unai Gomez (Selton, 66. min), Sancet (Berenguer, 50. min), Robert Navarro (Nico Serrano, 81. min); eta Guruzeta (Asier Hierro, 81. min).
Sporting Portugal. Rui Silva; Fresneda, Diomande (Quaresma, 54. min), Gonçalo Inaçio (Matheus Reis, 26. min), Araujo; Hjulmand, Joao Simoes (Morita, 54. min); Geny, Bragança (Pedro Gonçalves), Trincao (Alisson Santos, 87. min); eta Luis Suarez.Â
Golak. 1-0: Sancetek (3. min). 1-1: Diomandek (12. min). 2-1. Guruzetak (28. min). 2-2: Trincaok (62. min). 2-3: Alisson Santosek (93. min)