Indartsu hasi du partida Bartzelonak, abaila bizian, eta konturatzerako atzetik zen Athletic, 8. minutuan gola egin baitio Bartzelonak. Alcacerrek sartu du gola, hiru hilabete golik egin gabe egon ostean.
Nagusi zen Valverderen taldea, jokoa erabat dominatuz, eta ezer gutxi egin du Athleticek. Eusten saiatu da ahal zuen moduan, baina ordu erdia bete denean bigarrena egin du Messik, eta hortxe amaitu da partida. Handik aurrera lasaitu egin da Bartzelona, eta Athletic beste golik ez jasotzen saiatu da.
Bigarren zatian askoz hobeto aritu da Zigandaren taldea, anbizio gehiagorekin, eta une batzuetan gola egin zezakeela ere ematen zuen. Bartzelona ongi aritu da ordea defentsan, eta zurigorriek ezin izan dute arriskurik sortu, ez behintzat Bartzelona estutzeko lain. Gero asko moteldu da partida, erabakita baitzegoen ordurako, eta lehen zatiko markagailuarekin amaitu da, bi eta huts.