Athleticek bizitasunez hasi du neurketa, lerroak aurreratuta eta Sevillari presio eginez, etxeko taldeak baloia zuenean. Aldiz, traketsago aritu da talde txuri-gorria baloiarekin eta atzetik jokoa egiten saiatu denean sortu dizkio Sevillak lehen aukerak.
Atzean egindako huts baten ondorioz sartu du, hain zuzen, Sevillak partidako lehen gola. Mikel San Josek pase okerra egin du, Sevillak hartu du baloia, eta Muriel Keparen aurrean gelditu da bakarrik. Sevilla 1-0 aurreratu da lehen zatiko 26. minutuan.
Golak min egin dio Athletici, eta Sevilla nagusi izan da hurrengo minutuetan. 31. minutuan, beste kolpe bat jaso du talde txuri-gorriak. Franco Vazquezek bigarrena egin du Sevillarentzat. bikain errematatu du Nzonziren erdiraketa.
Joko onik egin gabe, Athleticek bi aukera garbi izan ditu lehen zatia amaitu aurretik. Iñaki Williamsenak izan dira biak. 33. minutuan, bakarrik gelditu da Sevillako atezainaren aurrean, baina jautiketa gorputzera bota dio. 44. minutuan, Susaetaren erdiraketa on bat kanpora joan zaio buruz errematatu ostean.
Zigandak hiru aldaketak agortu ditu bigarren zatia hasterako, taldearen joko kaskarra hobetu nahian. Hala, Beñat, Raul Garcia eta Aduriz atera ditu zelaira, Iturraspe, Vesga eta Cordobaren ordez.
Athleticek itxura sendoagoa agertu du lehen minutuetan, eta Sevillari zailagoa egin zaio baloiaren jabe izatea, baina pixkanaka zelaian nagusitzen joan da etxeko taldea eta gol aukera ugari sortu ditu Nolito eta Vazquezen bidez. Kepak bikain erantzun du Sevillaren saiakeren aurrean, eta Athleticek hirugarren gola jasotzea eragotzi du.
Bigarren zati osoan ez du arrisku argirik sortu Athleticek. Talde txuri-gorriak ez du partidari buelta emateko aukerarik izan zezakeenik adierazi, eta, azkenean, 2-0 amaitu da neurketa.