Athleticek 2-0 galdu du Espanyolen zelaian, eta alarma gorria piztu da

Athletic lehiakor aritu da Espanyolen zelaian, baina, erasoko argitasunik eza ordaindu, eta galdu egin du azkenerako. Denboraldi honetan jokatutako partiden erdiak galdu ditu Valverderen taldeak: hemezortzi, guztira.

Yeray Athleticeko baloia buruz jotzen, Espanyoleko Robertori aurrea hartzen. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Athleticeko Yeray baloia buruz jotzen, Espanyoleko Robertori aurrea hartzen. ALEJANDRO GARCIA / EFE
jon eskudero
2026ko maiatzaren 13a
22:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etsigarria eta frustrazioz betea: halaxe doa oraindik ere Athleticen denboraldia. Bazirudien Europarako sailkatzeko aukera izango zutela zuri-gorriek sasoia amaitu bitarte, baina azken bi partidak jarraian galdu ondotik, bestelako egoera batean dago gaur-gaurkoz Ernesto Valverderen taldea. Lehiakor izatea ez zaio aski egin gaur Espanyolen zelaian puntu bakar bat ere lortzeko, eta merezita galdu du: 2-0. Lehen zatian hainbestean jokatu du, baina bigarrenean gehiago izan da etxeko taldea, eta alarmak inoiz baino kolore gorriagoa du orain Athleticentzat. Europako aukerei agur esan bakarrik ez, jaitsiera postuen mehatxua gain-gainean baitu taldeak. Sei puntu izango dituzte jokoan zuri-gorriek sasoia amaitu bitarte, eta oraingoz bost punturen aldea dute jaitsiera postuekiko. Hortaz, etxeko lanak guztiz amaitu gabe daude, eta urduritasuna nabaria da zaleen artean. 

Ez da harritzekoa, taldeak ez baitu behar adinako nortasun, arima eta jokorik. Espanyolek itzuli oso bat zeraman gaur arte garaipenik lortu gabe. Ligari dagokionez, azken garaipena San Mamesen eskuratu zuen, iazko abenduaren 22an. Ordutik jokoan izandako 54 puntuetatik soilik bost zituzten eskuratuak, eta amildegiaren ertzean ziren, jaitsiera postuetatik gero eta gertuago. Bada, berriz ere Athleticen kontura itzuli dira onbidera kataluniarrak. Aurkariaren urduritasunaz eta ezinegonaz baliatu beharrean, gainbehera etorri dira zuri-gorriak, eta Espanyolek berak baino irudi kezkagarriagoa eman du. Athleticek sasoi honetan jokatu dituen partiden erdiak galdu egin ditu ligan: hemezortzi, guztira. Ondorioz, ezinezkoa da zenbaki horiekin zerbait positiboa lortzea. 

Aurreko partidatik zerbait aldatu nahian, hasierako hamaikakoan aldaketak egin ditu Valverdek. Esanguratsua izan da Gorka Guruzeta aulkian utzi izana, taldeko jokalaririk eraginkorrena izan baita orain arte. Nico Williams eta Oihan Sancet falta zirela kontuan hartuta, erasoko lerroan ezohiko marrazkia planteatu du entrenatzaileak. Ezker-eskuin, Robert Navarro, Unai Gomez eta Berenguer jarri ditu, eta aurrean, Iñaki Williams. Egia esan behar bada, taldeak itxura duina eman du lehen zatian, batez ere bizi jokatu duelako. 

Ziurrenik, gola ere merezi izan dute bilbotarrek. Adibidez, Berenguerrek sekulako aukera izan du buruz 25. minutuan, baina Dmitrovic atezainak gelditu dio jaurtiketa. Bada, atsedenaldiaren atarian birritan egin dute zutoinarekin topo zuri-gorriek. Lehenbizi, korner batean, Laportek ahal izan duen bezala egin du errematea, baina langara ihes egin dio baloiak. Ondoren, berriz, Unai Gomezen jaurtiketa bat zutoinera joan da bete-betean. Espanyolek ez du ia gol aukerarik sortu lehen zati osoan. Gauzak okertzen hasten direnean zorteak ere ez du askorik laguntzen, eta hutsean heldu dira bi taldeak atsedenaldira. 

Tokia galduta

Bigarren zatian bestelako energia batekin zelairatu da Espanyol. Beharrezkoa zuen garaipena arnasa lasai hartu ahal izateko, eta nortasunez ekin diote lanari kataluniarrek. Zelai erdiaren jabe egin dira, eta hegaletatik jokaldi arriskutsuak osatu dituzte. Athleticek, berriz, berdinketarekin konforme zegoenaren irudia eman du. Aurkariaren areara iristea kosta egin zaio, eta batez ere Ruiz de Galarretaren aldaketarekin aldatu da partida. 60. minutuan eibartarra zelaitik kendu du Valverdek, eta orduantxe iritsi da 1-0ekoa. Ezker hegaletik jokaldi on bat osatu ondoren, Romerok erdiraketa ona jarri dio Pere Millari, eta hark ez du barkatu. Ia lehertu da Espanyolen zelaia, zaleen pozaren seinale. 

Golak jota utzi du Athletic, eta ez du susperraldi zantzurik ere erakutsi. Valverdek aldaketa gehiago egin ditu, baina alferrik. Azken minutuetan burua galduta jardun dute zuri-gorriek, tokia erabat galduta, eta horixe baliatu du Kike Garciak luzapenean 2-0ekoa egiteko. Athleticek Celta hartuko du San Mamesen igandean, eta asko izango du jokoan. Giro beroa espero daiteke, horrenbestez. 

Espanyol: Dmitrovic; El Hilali, Riedel, Cabrera, Romero; Gonzalez de Zarate, Lozano, Ruben Sanchez, Roca; Edu Exposito (Terrats, 83. min) eta Roberto (Kikel Garcia, 83. min).

Athletic: Unai Simon; Areso (Gorosabel, 70. min), Vivian (Yeray, 46. min), Laporte, Adama Boiro; Rego, Ruiz de Galarreta (Jauregizar, 63. min); Berenguer, Unai Gomez (Nico Serrano, 78. min), Robert Navarro; eta I. Williams (Guruzeta, 63. min).

Golak: 1-0: Pere Millak (69. min). 0-2: Kike Garciak (91. min).

Realak lasai bukatu nahi du denboraldia

Realaren egoera goitik behera aldatu da hilabete eskasean: olatuaren aparrean zegoen Espainiako Kopa irabazi eta gero, baina, ordutik ez du irabazi, eta esku-eskura badu ere, oraindik ez dio mailari eutsi. Lehenbailehen lortu nahi du, azken unean estutasunik ez izateko.

Bihar du beste aukera bat, Gironaren zelaian, (20:00, Movistar La Liga). Ez da lehia erraza izango, aurkaria askoz ere okerrago baitago.

Pellegrino Matarazzok esan du ez diola sailkapenari erreparatzen. «Datorren denboraldirako konfiantzaz eta gogotsu bukatzea da helburua».

Guedes ez dago deialdian, ez baita osatu. Oskarsson, berriz, zigortuta dago. Aldiz, Zubeldia eta Karrikaburu osatu egin dira, eta, Aramburuk zigorra bete du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE