Bazen ikusmina aurretik: Alaves beharrean zen, Athletic bolada onean. San Mamesen erakusten ari den sendotasuna ikusita ordea, bizkaitarrak ziren faborito, eta erabat bete da pronostikoa.
Athletic hasieratik egin da partidaren jabe, eta Asier Garitanoren taldea ezinean ibili da, eusten. Lehen zatia hala joan da, harik eta ondo harilkatutako jokaldi batean Iñaki Williams area barruan lurrera bota duten arte. Epaileak ez du ezer adierazi hasieran, baina bideoan ikusi ondoren penalti eman du, eta Raul Garciak ez du hutsik egin. 38. minutua zen. Atsedenaldira arte ez da beste ezer gertatu.
Bigarren zatian Alavesek arriskatu beharra zeukan, erasora jo, eta zelai erdia aldatu du horretarako. Ondo aprobetxatu du hori Athleticek. 72. minutuan, Ibai Gomezen jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Pachecok, baina aldaratzea Muniani etorri zaio eta honek ez du barkatu. Erabakita utzi du partida. Alaves saiatu da, baina ez du ezer lortu.
Jardunaldia amaitu ez bada ere, Athletic lider da gaur-gaurkoz.